Daniel Soler irakasleak liburua argitaratu du, ikasleei datuetan eta estatistiketan oinarritutako erabakiak hartzen irakasteko

Atzealdea

Daniel Soler irakasleak liburua argitaratu du, ikasleei datuetan eta estatistiketan oinarritutako erabakiak hartzen irakasteko

LIBURU ARGITALAPENA

Daniel Soler irakasleak liburua argitaratu du, ikasleei datuetan eta estatistiketan oinarritutako erabakiak hartzen irakasteko

Liburua bertsio digitalean irekian dago eskuragai interesa duen edonork kontsultatu dezan

2022·11·30

$titulo.getData()


Daniel Soler Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko irakasleak Probabilidad y Estadística liburua publikatu berri du. Irakasleak, jatorriz Kataluniakoa izan arren Euskadin bizi denak, liburu batean bildu ditu irakasle lanetan daramatzan urteetan idatzitakoak, zenbait lankideren laguntzarekin. Liburuaren helburua da ikasleek beren ikaskuntza-prozesuan barneratu behar dituzten zenbait kontzeptu argitzea, eta denen esku egongo den eta ulergarria izango den materiala eskaintzea.

Soler, Bartzelonakoa bada ere sortzez, 2003tik Euskal Herrian bizi da eta eskolak euskaraz ematen ditu. Lan honen bidez, ikasleek beraientzat propio pentsatutako zenbait material izatea lortu nahi izan du: «Hamabost urte daramatzat estatistika irakasten, eta badakit probabilitateari eta estatistikari buruzko liburu on asko daudela, baina honek beste interes batzuei erantzuten die, ingeniaritzako gure ikasleen beharretara erabat egokituta dago eta». Gainera, «erabakiak datuetatik abiatuta hartzen jakin behar dute ingeniariek eta hainbat arlotako profesionalek, eta liburuan jorratu ditudan kontzeptuek horretan lagundu diezaiekete».

Irakasle-lanetan daramatzan urteetan, Daniel Solerrek ikusi du ikasleek erabiltzen zituzten liburuak ez zirela egokiak, bai konplexuegiak zirelako, bai bere liburuan sartu dituen zenbait gai jorratzen ez zituztelako. Probabilidad y Estadística, beraz, ikaskuntza- eta irakaskuntza-urte horien guztien emaitza da, irakasleak idatzitakoak eta lankideen ekarpenak bateratzen baititu.

200 ariketa

Egilearen esanetan, «liburua oso praktikoa da: bertan, kontzeptuak azaldu ditut, eta, ondoren, adibideak eta ariketak gehitu. Guztira, 200 ariketa baino gehiago daude.

Liburuan bildutako material espezifikoen bidez, estatistika inferentziala (lagin batek emandako informazio enpirikotik abiatuta, probabilitatearen ikuspegitik neur daitekeen arriskua duten portaerak induzitzea ahalbidetzen duten metodoen eta tekniken multzoa) ulertzeko eta aplikatzeko gai izango dira ikasleak. «Horretarako, datu esperimentalak aztertzen, irudikatzen eta interpretatzen jakin behar da. Probabilitatea eta ausazko aldagaiaren kontzeptu batzuk ere ezagutu behar dira, eta banaketa adierazgarriak ongi erabiltzen jakin, inferentzia estatistiko bat egin ahal izateko», adierazi du Solerrek.

Liburua inprimatuta eta formatu digitalean dago jendearen eskura, nahi duenak kontsultatzerik eta erabiltzerik izan dezan. Liburuaren argitalpen digitala esteka honetan dago eskuragarri

Liburua kontsultatu