Haurrekin esperimentazioan sakontzeko liburua aurkeztu dute Larraitz Esnaola eta Alexander Barandiaran irakasleek

Atzealdea

Haurrekin esperimentazioan sakontzeko liburua aurkeztu dute Larraitz Esnaola eta Alexander Barandiaran irakasleek

ARGITALPENA

Haurrekin esperimentazioan sakontzeko liburua aurkeztu dute Larraitz Esnaola eta Alexander Barandiaran irakasleek

HikHasi argitaletxeak kaleratu du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzailek idatzitako “Esperimentazioan sakonduz biziberritu” lana. Liburuaren aurkezpena Eskoriatzako campusean egin da.

2021·01·21

$titulo.getData()


Gaur, urtarrilak 21, Esperimentazioan sakonduz biziberritu liburua aurkeztu dute Larraitz Esnaola eta Alexander Barandiaran Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaileek. Ekitaldia Eskoriatzako campuseko Bibliotekan egin da eta bertan parte hartu dute egile biek.

 

 

HikHasi argitaletxeak kaleratutako liburuak, aztertzen ditu, besteak beste, zer-nolako onurak ekartzen dituen hezkuntzan eta garapen-prozesuan askotariko materialekin esperimentatzeko aukera izateak. Horrez gain, eta pausoz pauso dokumentatuta, egileek bildu dituzte lanean esperimentaziorako hainbat ideia, estrategia eta proposamen.

 

Larraitz Esnaola eta Alexander Barandiaranen ustetan, hezkuntzan umea erdigunean jarrita, eskuliburuak alboratuta eta proposamen berriak lantzen hasita, galdera berriak sortzen dira: zeren arabera proposatzen dugu espazio jakin bat, eta espazio horretan, material bat edo bestea? Zer ekarpen egiten dio material bakoitzak umearen garapenari edo garapenaren esparru bati edo besteari? 

 

Mondragon Unibertsitateko ikertzaileen iritziz, espazioek eta materialek esperimentatzeko, manipulatzeko, esploratzeko, sortzeko eta jolasteko ateak irekitzen dizkiote haurrari. Prozesu horretan bidelagun den hezitzaileari laguntzeko idatzi dute liburua, betiere, hausnartzen eta bide berriak irekitzen laguntzeko asmoarekin. Izan ere, oso liburu praktiko eta erabilierraza da.

 

Liburuak 161 orri ditu, argazki askorekin jantzita. Hainbat ataletan dago banatuta, esaterako: Esperimentazioan sakontzeko, Curriculumarekin lotura, Esperimentaziorako materialak, Materialen ezaugarriak eta aukerak, Nola sortu esperimentaziorako proposamenak… Gainera, liburua borobiltzen da esperimentazioan aritzeko 365 proposamen zehatzekin.