DiManD proiektuaren aurkezpen ekitaldiak Arrasaten bildu ditu herrialde desberdinetako doktoregaiak eta konsorzioan parte hartzen duten enpresak

Atzealdea

DiManD proiektuaren aurkezpen ekitaldiak Arrasaten bildu ditu herrialde desberdinetako doktoregaiak eta konsorzioan parte hartzen duten enpresak

AURKEZPENA

DiManD proiektuaren aurkezpen ekitaldiak Arrasaten bildu ditu herrialde desberdinetako doktoregaiak eta konsorzioan parte hartzen duten enpresak

DiManD proiektuaren helburua ikertzaile gazteak 4.0 Industria gaietan trebatzea da eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak gidatzen du

2020·02·13

$titulo.getData()


Aste honetan Arrasateko campusean ospatu da DiManD (Digital Manufacturing and Design - Innovative Training Network) proiektuaren harrera eta aurkezpen ekitaldia. DiManD Europar Batasunak sustatutako iniziatiba bat da non 14 doktoregaiek ikerketa tesiak egin ahal izango dituzten 4.0 Industriaren inguruan. 

Doktoregoko nazioarteko ikasleekin batera, ekitaldian izan dira doktoregai horiek hiru urterako kontratatu dituzten partzuergoko zortzi enpresetako ordezkariak: Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (liderra; Euskal Herria), KTH Unibertsitatea (Suedia), Petronor Innovación (Euskal Herria), STIIMA (Italia), Tecnalia Fundazioa (Euskal Herria), TQC Company (Erresuma Batua), Uninova Unibertsitatea (Portugal) eta Nottinghameko Unibertsitatea —UNOTT— (Erresuma Batua). 

Proiektuaren helburu nagusia ikertzaile gazteak 4.0 Industriako ikertzaile aditu bilakatzea da etorkizunerako ikerketa-ildoak sustatuaz: adimen artifiziala petrolioari eta gasari aplikatuta, etxeko automatizazioa, produkzio-sistemetan energia aurrezteko tresnak eta biki digitalak, besteak beste.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak programako hiru tesi koordinatuko ditu: biki digitalei buruzkoa, erabiltzailearekiko interakzioko sistema ziberfisikoen ingurukoa eta 4.0 Industriaren eremuan pertsonengan oinarritutako diseinuaren gaiari helduko diona. Gainerako 11 doktoregaiek landuko dituzten ikerketa-proiektuetan askotariko gaiak jorratuko dituzte: produktu adimendunak, etxeko automatizazioa, adimen artifiziala petrolioari eta gasari aplikatuta, automobilgintzaren sektoreko muntaketa-teknologia berriak, produkzio-sistemetan energia aurrezteko tresnak eta abar.

Ikerketa-proiektuak hartuko dituzten zortzi erakundeez gain, beste hogeiren batek hartuko du parte partzuergoan bazkide gisa. Bazkide horiek trebakuntza eta egonaldiak eskainiko dizkiete doktoregaiei. Azpimarragarria da bazkideen artean euskal industriak duen pisua, tartean baitaude Danobat, Gaia, Ideko eta Mondragon Korporazioa, nazioarteko honako erakunde hauekin batera: Brunel University of London, Manufacturing Technology Center, University of Chemical Technology and Metallurgy, Virginia University eta abar. Proiektuan zehar, oso garrantzitsua izango da erakunde partaideen arteko lankidetza doktoregoko prestakuntza-prozesuaren arrakasta bermatzeko. 

4.0 Industria

4.0 Industria, laugarren industria-iraultza edo industria adimenduna ere esaten zaiona, lana eta produkzio-baliabideak antolatzeko modu berri bat da. 4.0 Industriako etorkizuneko adituek diziplina anitzeko trebetasunak izan beharko dituzte, eta hori da, hain zuzen, haien prestakuntzak duen erronka handienetako bat. Diziplina horien artean daude, besteak beste, fabrikazio-ingeniaritza, kontroleko informatika-ingeniaritza eta datuen analisia, zibersegurtasuna, gizakiaren eta makinaren arteko interakzioak eta abar. DiManD proiektuaren bidez, doktoregoko ikasleek 4.0 Industrian funtsezkoak diren askotariko ezagutza-arloetako prestakuntza jasoko dute, egitasmoan parte hartzen duen nazioarteko sarearen eta adituen laguntzarekin.

Doktoregaiek prestakuntza indibiduala jasoko dute, bakoitzaren tesiaren araberakoa, baita sare osoari bideratutako prestakuntza ere, bai alor teknikoan, bai zeharkako gai edo gaitasunen inguruan: jabetza intelektuala eta patenteak, zientzia irekia, ikerkuntza eta berrikuntza arduratsuak, ekintzailetza, genero-berdintasuna, komunikazio-trebetasunak eta abar.

"Proiektu honek Europar Batasuneko Horizon 2020 ikerketa eta berrikuntza programaren finantzaketa jaso du 814078 Marie Sklodowska-Curie bekaren akordioaren arabera".