Menpeko erakundeak

Mondragon Unibertsitatea unibertsitate gaztea da: 1997an sortu zen eta 1997ko maiatzaren 30eko 4/1997 Legearen bidez lortu zuen onespen ofiziala. Gaur egun ez du mendeko fundaziorik edo erakunderik.

Irakaskuntza arloan ibilbide eta esperientzia luzea zuten hiru kooperatibak bat eginda sortu zen Unibertsitatea. Honako hauek dira: Mondragon Goi Eskola Politeknikoa «Jose Maria Arizmendiarrieta» S. Coop., ETEO S. Coop. (oraingo MU Enpresagintza S. Coop.) eta Irakasle Eskola S. Coop. Gaur egun, Unibertsitateko ingeniaritza-eskola eta bi fakultateak dira horiek, hurrenez hurren.

Mondragon Unibertsitatea bigarren mailako kooperatiba da, eskola eta fakultate horiek osatzen dutelako. Horiek, lehen mailako kooperatibak izanik, erakunde juridiko independenteak dira, eta bigarren mailako kooperatiban parte hartzen dute, horren estatutuetan ezarritako baldintzen arabera.

Bestalde, Gastronomia Zientzien Fakultatea, Mondragon Unibertsitateari atxikitako zentroa, Basque Culinary Center Hezkuntza Fundazioaren adar bat da. Fundazio horren patronatuan Mondragon Unibertsitateak parte hartzen du, eta unibertsitateko errektoreari eta idazkari nagusiari dagozkie, hurrenez hurren, patronatuko lehendakaritza eta idazkaritza.