Profesionalen prestakuntza

Audio guztien bilduma EKT4

Igotz Alkorta kazetaria parte hartzen ari da Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondoan, eta bertako saioetan oinarrituta, irratsaio bereziak prestatzen ari da Euskadi Irratiarentzat. Saioak larunbatero izango dira, 22:00an. Hilero, gainera, lehen larunbateko irratsaioan, aurreko hilean EKTn jasotako guztiekin irratsaio berezia emitituko da.

Atal honetan irratsaio guztien lotura eskainiko dizuegu.

1. Paulo Iztueta (2012.10.10): Paulo Iztueta Euskal kulturgintzako hiru izen handi besapean etorri zaigu EKT-ren 2012-2013ko lehen saioan: Jon Mirande, Jose Luis Alvarez Enparantza  “Txilardegi” eta Gabriel Aresti. Euskal kulturgintzaren modernizazioa ulertzeko ezinbestekoak diren hiru idazle handi horien lana aztertu digu.

2. Larraitz Ariznabarreta (2012.10.17): Larraitz Ariznabarretak itsasoz bestaldera eraman gaitu: Gerra osteko Ameriketako euskal exiliora. Exilioak euskal kulturgintzan izan zuen eragina azaldu digu, eta bereziki, erbesteratu izan zen Martin Ugaldek egindako ekarpenari erreparatu dio.  Garai ilunetan, erbestea babesleku izan zen euskal kulturgintzarentzat.

3. Mari Karmen Garmendia eta Joxe Austin Arrieta (2012.10.24): EKT-ren aurtengo denboraldian hurbildu zaizkigun lehen bi “arituak” izan dira, alegia, bere esperientzia oinarri hitz egin diguten bi ahots. Ez du esan nahi ordea, ikuspuntu berbera eman digutenik . “Eleaniztasunak salbatuko gaitu” dio Mari Karmen Garmendiak.  Joxe Agustin Arrietaren esanetan berriz, “Elebitasun sozialeko esperimentuek orain artean porrot egin dute”.

4. Urriko laburpena: Urrian erortzen hasi dira zuhaitzetako lehen orriak, eta EKT-n ere, orriz orri, irakaspenez irakaspen, hasi gara jakintzaren orbela pilatzen. Paulo Iztueta, Larraitz Ariznabarreta, Mari Karmen Garmendia eta Joxe Agustin Arrietak gidatuko gaituzte ordubeteko ibilbidean.

5. Julen Arexolaleiba (2012.10.31): EKT-ko koordinatzailea den Julen Arexolaleibak soziolingusitika datuei begi kritikoz erreparatu die. Artzek esana da, "euskararen geroa zenbatengan bainoago, nolako euskaldunengan dago". Egia al da hori? Euskal hiztunon zenbatekoa eta nolakotasuna aztergai aste honetan.

6. Josune Ariztondo (2012.11.07): Gaur egun Bizkaiko kultura diputatu den Josune Ariztondo etorri zaigu bisitan Aretxabaletako fakultatera. Irakaspenak atalaren baitan, azken urteen errepasoa egin digu; gazte denborako garai zurrunbilotsutik hasi eta erakundeek euskalduntzean eta euskal kulturgintzaren alde egindako lanaren azterketara. Ariztondok erakundeetatik egindakoaren balioa nabarmendu digu, baina egindako hori begi kritikoz aztertzea ezinbestekoa dela azpimarratuz.

7. Joxe Mari Iriondo (2012.11.14): Urrestilako kazetari beteranoa izan dugu gurekin Aretxabaletako fakultatean. Bere ibilbideari begira jarrita, ezin bestela eta, euskara eta komunikabideak hari berarekin josiz aritu zaigu, bereziki irratia azpimarratuz. Herri Irratian 60. Hamarkatik 80.era arte bizitako garaia bihotzean itsatsia duela nabarmen utzi digu. EITB-en egindako urteetako gazi gozoak ere kontatu dizkigu, eta etorkizunera begira jarrita, gogoeta hau: Ezinbestekoa da euskararen aldeko militantzia berreskuratzea.

8. Jose Anjel Irigaray (2012.11.21): Euskal kulturgintzako handietako bat dugu zalantzarik gabe Joxe Anjel Irigarai. “Irakaspenak” atalari itxiera emateko, arnas luzeko gogoeta batekin hurbildu zaigu Aretxabaletako fakultatera, euskaldunak eta boterearen arteko harremana ardatz hartuta. Abiapuntua hau: “Euskaldunak beti ibili izan gara botere ezarrien aurka”. Baina, gaur egun?

9. Jon Sarasua (2012.11.21): HUHEZIko irakaslea den Jon Sarasua hurbildu zaigu bere herriko, Aretxabaletako fakultatera. Sorguneak atalaren baitan, Sarasua bera idazten ari den saiakera lan bateko kapitulu bat aztertu dugu, “Ereinaldiaz” izenekoa. Euskararen egungo egoeraren azterketatik abiatuta, gogoetak egiten ditu bertan Sarasuak. Hiru ideia nagusitan bana genezake kapitulua: alde batetik, euskara erdigunean izango duen gazte talde bat formatzearen beharraz arituko zaigu,  ereinaldiaz alegia; bestetik, euskara egiteak etorkizunean ere hautu bat eskatuko duela jakitun, hautu hori bultza dezaketen motibazioak aztertu eta lantzearen garrantziaz; eta azkenik, hezkuntza arautuan egin denaz eta egiteko dagoenaz.

10. Azaroko laburpena: Hego haizetsua izan dugu azaroa, haize emankorra EKTn, Aretxabaletako fakultatean elkartzen garenontzat. Josune Ariztondo, Joxe Mari Iriondo, Julen Arexolaleiba eta Jon Sarasuak gidatuta, ordubeteko ibilbidea proposatzen dizuegu.

11. Andoni Sagarna (2012.12.05): Euskararen terminologian lan asko egindakoa dugu euskaltzaina osoa den usurbildar hau, baina EKT aditu titulura bere azken urteetako ofizioaren aitzakian etorri zaigu. Andoni Sagarna Elkar Argitaletxeko ikerketa eta garapen departamentuko arduradun izan da oraintxu arte, pertsona ezin egokiagoa beraz liburu merkatuaren nondik norakoak argitzeko. Durangoko pozaldiaren testuinguruan esaldi hau utzi digu: Liburugintzan datozen erronkei erantzuteko, esnatu beharra dugu.

12. Mikel Irizar (2012.12.12): Tokikom, euskarazko toki hedabideen elkarte sortu berriko lehendakari gisa hurbildu zaigu Mikel Irizar Aretxabaletako fakultatera. Euskarazko tokiko hedabideentzat ere ez dira garai samurrak, baina elkartuta bide berriak jorratzeko prest daudela azaldu digu Irizarrek. Euskarazko hedabideen etorkizuneko ekosistema irudikatzerakoan, kontzeptu hau aipatu du: “Euskal hedabideen etxea”.

13. Nekane Goikoetxea (2012.12.26): Saioa berezia izan dugu EKT-ko batzorde pedagogikoko kide den Nekane Goikoetxea gidari genuela. Aurreko edizioetan barrena bidaiatu dugu, aditu tituluko iragan denboraldietako zenbait testigantza ekarri baitizkigu ikasgelara Goikoetxeak, denboraren ardatza oinarri hartuta.

14. Ikasleekin saio berezia (2013.01.03): Urtea hasteko, EKT-ko 3 ikasle gonbidatu ditugu: Jon Artano, Iratxe Bidaola eta Ainhoa Mendibil. Astero-astero Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluan jasotzen ari direnaz hausnartu, eta aurrerantzean espero dutena azaldu digute, besteak beste. Lehen hiruilekoa pasata, graduondokoari berari jarri diogu nota.

15. Abenduko laburpena (2013.01.14): Abenduan, astez aste osatu dugu gabon saskia Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluan. Joxe Anjel Irigarai, Andoni Sagarna eta Mikel Irizar bidelagun hartuta ordubeteko bidea proposatzen dizuegu.

16. Ramon Agirre eta Josu Zabala (2013.01.21): Esperientzia zabaleko bi sortzaile hurbildu zaizkigu Euskal Kulturgintzaren transmisioa aditu titulura, Ramon Agirre aktorea eta Josu Zabala musikaria. Euskarazko antzerkigintzaren panoramaz hitz egin digu Agirrek, eta euskal musikagintza aztertu digu Zabalak. Biek ere esperientziak ematen dien begiradatik jardun dute, gauzak sumatzen dituzten moduan esanez.

17. Eñaut Elorrieta (2013.01.28): Aretxabaletako fakultatean emandako hitzaldian, euskarazko musikagintzaren gertuko historia errepasatu zigun Eñaut Elorrietak eta gaur egungora begira, hainbat hausnarketa interesgarri utzi zizkigun. Abiapuntua hau, "musikagintza orain arte ezagutu dugun bezala, hiltzen ari da".

18. Uxue Alberdi eta Amaia Almirall (2013.02.02): Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak ikuspuntu berritzailea ekarri digu: Bertsogintza begirada feministatik. Amaia Almirall, Donostia Kulturako arduradunak, berriz, mota honetako patronato batek nola funtzionatzen duen azaldu digu, zuzendari gisa dituen helburuen berri emateaz gain. Horietako bat hain justu, genero ikuspuntua txertatzea.

19. Urtarrileko laburpena (2013.02.04): Ramon Agirre, Eñaut Elorrieta, Josu Zabala, Uxue Alberdi eta Amaia Almirall-ek esandakoekin leundu dugu urtarrileko aldapa EKT-n. Ahots ugariz koloreztatu dugu ilbeltza, bakoitzak euskal kulturako ekosistema bat hurbildu digu Aretxabaletako fakultatera.

20. Laura Mintegi (2013.02.09): Euskarazko literaturaren ekosistemaz bere begirada eskaini digu Laura Mintegik. Literaturaz aritu zaigu gehienbat, baina ez literaturaz bakarrik. Legebiltzarkide bihurtu berri, idazle begietatik Gasteizko ganberan hitzek duten balioaz ere hitz egin digu.

21. Itxaso Lekuona eta Joseba Altube (2013.02.18): Bi proiektu ezberdinen inguruan aritu zaizkigu Aretxabaleko fakultatean Itxaso Lekuona eta Joseba Altube. Lekuona, Topagunea, euskara elkarteen federazioko aniztasun taldeko kide da eta hain justu, talde horretan egiten duten lanetako bat da etorkinak euskarara hurbiltzeko bideak jartzea. Helburu hori duten 4 proiektu azaldu dizkigu. Joseba Altube berriz, Barakaldoko Laguntasuna elkarteaz aritu zaigu. Barakaldon euskal kultura zabaltzeko xedez, lan eskerga egiten ari dira Altube eta beste hainbat kide.

22. Dominika Agergarai eta Artzen Letona (2013.02. 25): Zuberoa da Euskal herriko probintzia txikiena. Agian, baita estereotipatuena ere. Domina Agergarai eta Artzen Letonak Zuberoa errealaren argazkia ekarri digute, zertan den Zuberoa euskal kulturgintzari dagokionez.

23. Otsaileko laburpena (2013.03.02): Laura Mintegi, Itxaso Lekuona, Joseba Altube, Artzen Letona eta Dominika Agergarai izan ditugu hizlari azken asteetan. Sormenari buruzko gogoeta, euskara eta euskal kultura sustatzeko bi proiektu interesgarriren berri eta Zuberoan barna bidaia bat proposatzen dizuegu.

24. Sagrario Aleman eta Oihane Perea (2013.03.09): Euskal kulturgintzak Nafarroan eta Araban dituzten berogailuak aztertu dizkigute hurrenez hurren, Sagrario Alemanek eta Oihane Pereak. Nafarroa gudu zelai gisara irudikatu du Alemanek, boteretik behin eta berriz jasan behar  dituzten erasoak azpimarratuz. Pereak aldiz, bertsoak, Araba bezalako erdalgune batean izan dezakeen eraginaz hitz egin digu.

25. Mattin Irigoien eta Amets Arzallus (2013.03.16): Behenafarroan, Amikuze eskualdean, euskarak eta euskal kulturgintzak dituen berogailuez aritu zaigu Mattin Irigoien. Amets Arzallusek berriz, Lapurdi kostan kokatuta hitz egin digu. Biek ere errealitate gordina marraztu digute, arranguraz betea, eta mezu antzekoa utzi digute: Erakundeek egin dezaketenean baino, gertuko komunitatean eragitean sinestu behar dugu. Beste era batera esanda,  “Guk hartu behar dugu gure hitzen ardura”.

26. Andoni Eizagirre (2013.03.23): “Euskararen tokia bizitza publikoan” izeneko tesia lantzen ari da Andoni Eizagirre Huheziko irakaslea. Sorguneak atalaren baitan hurbildu zaigu Aretxabaletako fakultatera, eta euskarak bizitza publikoan izan beharreko tokiari buruzko lehiak izan duen bilakaera aztertu digu. Batetik, argudiatu digu euskalgintzak galdu egin duela lehia horretan eragiteko ahalmena, eta bestetik, askatasun linguistikoaren ideia indartu dela azken aldian.  Amaitzeko, Euskara XXI dokumentua aztertu digu, XXI. Mendeko hizkuntza politikaren ildoak zehazteko Jaurlaritzak onartu zuen dokumentua. Argi du Eizagirrek, askatasun linguistikoaren teoria bete betean sartu da dokumentu honetan.

27. Ramon Saizarbitoria (2013.03.30): Euskal letren izen handietako bat izan dugu EKT-n bigarren hiruhilekoa ixteko, Ramon Saizarbitoria. Martutene, bere azken eleberria abiapuntu hartuta, presarik gabe hitz egin digu, literatur lanak argitaratzea gustatzen zaion erritmoan. Sortzeaz eta sortzaileez aritu zaigu, bere belaunaldiaz, iraganaz eta etorkizunaz…. Besteak beste zera esan digu “Euskara modernitatera eramatea izan da nire belaunaldiaren helburua”.

28. Martxoko laburpena (2013.04.06): Udaberriarekin batera, hasi da fruituak biltzeko garaia. Fruitu ugaridun mazedonia eginez prestatu ditugu martxoan EKT-n entzundakoak. Oihane Perea, Sagario Aleman, Mattin Irigoien, Amets Arzallus, Andoni Eizagirre eta Ramon Saizarbitoriak esandako nagusiena bildu digu laburpenean.

29. Petra Elser (2013.04.21): Alemaniar euskaldun edo euskaldun alemaniar baten begirada izan dugu EKT-n. Euskara ikasi ostean etorri zen Euskal Herrira bizitzera Petra Elser, baina ohartu zen ez zela erraza euskaldunen komunitatean sartzea, zubien beharra zegoela etorkinen eta euskaldunen artean. Gogoeta horri tiraka sortuz zen Banaiz Bagara elkartea. Etorkinak euskarara eta euskal mundura hurbiltzea da elkarte horren helburua, horretarako ahozkotasunean oinarritutako ikas pedagogia erabilita.

30. Lorea Agirre (2013.04.27): Lorea Agirre kazetari eta antropologoa hurbildu zaigu aste honetan EKT-ra. Bera kide den Sorguneak ikertegiak, 2008 eta 2011 bitartean Gipuzkoako Aldundiarentzat egindako ikerlan bat aurkeztu digu. 127 euskal sortzaile elkarrizketatu zituzten, euskal kulturgintzaren diagnostikoa egin eta etorkizunerako estrategiak proposatuz. Horietako bat zera: Euskara erdigunean duten kultur adierazpideak babestu behar direla bereziki.

31. Apirileko laburpena (2013.05.04): Apririla, aste santuko oporrak tarteko, ohi baino hilabete laburragoa izan dugu Euskal kulturgintzaren Transimisioa aditu tituluan. Ahots gutxi, baina kalitatezkoak bildu ditugu laburpenean: Petra Elser, Shaid Iqball eta Lorea Agirrek esandakoekin ordubeteko ibilbidea proposatzen dizuegu.

32. Idurre Alonso (2013.05.11): Euskal literaturaren transmisioa ikastetxeetan nola egiten den sakon aztertu du Idurre Alonsok. Tesia egina du Batxilergoko D ereduko hainbat ikastetxetako egoera aztertuz, eta kritikari eta idazleen iritziak ere bildu ditu. Egungo egoeraren argazkia azaltzeaz gain, aurrera begirako proposamenak ere egin dizkigu EKT-n emandako hitzaldian.

33. Isa Isazelaia, Joxe Mari Agirretxe eta Maider Oiartzabal (2013.05.25): Euskara arnasberritzeko lanean sendo ari diren bi proiekturen berri izan dugu EKTn. Isa Isazelaia Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiko arduradunetako bat da. Euskal Herriko euskaltegi handienaren funtzionamendua azaldu digu, etorkizuneko erronken berri emanez. Eta oso bestelako eskola baten ingurukoak ere jaso ditugu, Kukuka antzerki eta dantza eskolari buruzkoak. Gipuzkoako Lasarten arrakasta handiz hedatu den proiektu honen nondik norakoak azaldi dizkigute Joxe Mari Agirretxek eta Maider Oiartzabalek.

34. Olatz Zugasti eta Mikel Errazkin (2013.06.01): Olatz Zugasti musikaria eta Mikel Errazkin antropologoa izan ditugu bisitari EKT-n. Kantagintza eta hezkuntza lotuz, Orioko ikastolan abian jarritako proiektu baten inguruko xehetasunak eman dizkigu Zugastik. Bereziki azpimarratu digu euskal kantu tradizionalak ezagutzeak duen garrantzia, sustraiak ezagutzearen balioa. Eta hain justu, atzera begira jarri eta memoria historikoaz aritu zaigu ondoren Mikel Errazkin. Zertarako balio digu memoria historikoak? Erantzuna adibideekin jantzita eman digu.

35. Maiatzeko laburpena (2013.06.01): Euripeko hilabetea izan dugu maiatza, baina aterkia eskuan, irakaspen ugari jaso dugu  EKT-n. Idurre Alonso, Olatz Zugasti  eta Isa Isazelaiarekin hezkuntzari ertz ezberdinetatik erreparatu diogu, Lasarteko Kukuka proiektua ezagutu dugu eta atzera begira jarri gara Mikel Errazkinekin.

36. Anari Alberdi (2013.06.15): Anarirekin ekin diogu ekainari EKT-n. Musikari azkoitiarrak bere ibilbidearen gaineko zertzeladak eman dizkigu, baina bereziki euskal musika eta sorkuntzaren panoramari erreparatu dio. Ni-aren aurrean berak makina deitzen duen Gu hori lehenetsi behar dela azpimarratu digu, eta daukagunaren balioa nabarmendu du behin eta berriz, mezu ezkorrei bidea itxiz.

37. Asisko Urmeneta eta Juan Karlos Etxegoien “Xamar” (2013.06.22): EKTn, azken txanpan sartuta, bi nafar ezagun izan ditugu. Asisko Urmeneta komikilaria bizitzan zehar ekintzen protagonismoa hartzearen garrantziaz aritu zaigu, bizi ikusmolde bat eskainiz. Xamar berriz, bere azken proiektuaren aurrerapen batekin etorri da, “Euskara Jendea” ikus-entzunezkoaren zati bat ikusi ahal izan dugu EKTn.

38. Bernardo Atxaga, ikasleen solasaldia eta urteko ahotsak (2013.06.29): Bernardo Atxaga izan dugu azken gonbidatu 2012-2013 ikasturtean. Egungoa ulertzeko, euskal gizartean eragina izan duten geruzez hitz egin digu, katolikoa lehenengo aipatuz. Azken saioa izanik ikasleen iritziak ere bildu nahi izan ditugu, hiru elkartu ditugu mahaiaren bueltan: Ainhoa Mendibil, Xabier Azkue eta Jon Akarregi. Eta despedidarako,  urteko ahotsen bilduma ere prestatu dugu.

39. Ikasturtearen balorazioa (2013.07.14): Euskadi Irratiko Amarauna saioan 2012-2013 ikasturteko balorazioa egin dute Julen Arexolaleiba EKT-ko koordinatzaileak eta Igotz Alkorta, ikasturtearen jarraipena egin duen kazetariak.