Kauta: "MUk 'Helmugak' abestia erabiltzea ohore handia da guretzat"
Hasteko, egingo diguzue taldearen aurkezpena?
Kauta taldea Mikelek, Adrianek eta Gorkak osatzen dugu, eta momentu honetan hirurok gaude lanean.
Zer ikasi zenuten?
Goi-mailako zikloko ikasketak egin genituen, ez baigenuen argi unibertsitatera joan nahi genuen edo ez, ezta zein karrera genuen gustuko. Mikel eta Gorka Goi-zikloa amaitu bezain laster hasi ziren lanean eta egun, lanean jarraitzen dute. Adrianek, aldiz, goi mailako zikloa amaitu eta gero Donostiako Magisteritzako Irakasleen eskolan egin zituen ikasketak.
Nola uztartzen dituzue musika eguneroko egin-beharrak?
Ordutegiak ondo antolatuta. Satisfazioa eta ilusioa eskaintzen duen guztiarentzat (musika gure kasuan) beti dago denbora. Hiru edo lau entsegu izaten ditugu astean eta, daukagun lanaren ondorioz, entsegu egunak adosteko ez dugu arazorik izaten.
Kontaiguzue, pixka bat, talderaren hastapena eta bilakaera
Kauta taldea 2001. urtean osatu genuen. Ikastolatik ezagutzen ginen eta denbora pasa moduan hasi ginen taldearekin. Garai haiek oroitzapen politak ekartzen dizkigute gogora eta nahiz eta ia 10 urte pasa diren hasi ginenetik esperientzia positiboz beteriko uneak bizi izan ditugu: kontzertuak, Euskal Herria goitik behera ezagutu, jende asko ezagutu...
Zer nolako tokitan gustatzen zaizue jotzea?
Leku guztietan jotzea gustatzen zaigu, bai areto handietan baita txikietan ere. Leku guztiek dute bere xarma. Leku handietan jotzea izugarria da, jende asko izaten baituzu aurrean. Leku txikietan ordea guztia intimoagoa da eta oso gustora ibiltzen gara.
Iaz hirugarren diska kaleratu zenuten: "Isladak", zer moduzko harrera izan du?
Oso gustora gelditu gara hirugarren diska honek izan duen harrerarekin. Kaleratu genituen diska guztiak saldu ditugu eta kontzertuetan jendearen gertutasuna eta parte hartzea izugarria izan da. Oso pozik gaude.
Zertan ari zarete orain?
Pasa den urteko Donostiako Kilometroetan "Isladak" bira amaitutzat jo genuen eta momentu hauetan lokalean sartuta gabiltza abesti berriak prestatzen.
Nolakoak izaten dira zuen zuzenekoak?
Kontzertua dinamikoa izatea gustatzen zaigu. Hiru diskoetako abestiak sartzen ditugu eta guztira 20 abesti jotzen ditugu. Abestiek sentiarazten digutena jendeari trasmititzea da gure helburua.
Nola dago gaur egun rock-aren panorama EHn?
Egun, inoiz baino talde gehiago dago musika eszenan eta kontzertu asko izaten dira astebururo. Salmentetan krisia baldin badago ere, gaur egungo teknologia berriei esker taldea ezagutaraztea errazagoa da. Etorkizun handia du Euskal Herriko rock-ak.
Definitu zuen estiloa
Ez dugu estilo finko bat jorratzen, mota askotako musika entzuten dugu eta hori gure abestietan antzematen da. Lehenengo diska metal-melodikoa zela esan ziguten, bigarren diska ordea hardcoreagoa eta hirugarren diska Rock-Power-popagoa. Musika asko entzuten dugunaren isla izan daiteke.
Talde batentzako ezinbesteko galdera: zeintzuk dira zuen influentziak, talde gustukoenak?
Esan bezala, musika eta estilo guztiak entzuten ditugu. Ez diogu ezerri ezetz esaten, estilo guztiek zerbait interesgarria helarazi dezakete. Hardcorea, Metal-Progresivoa, popa, musika klasikoa, Folk, Country... denetarik entzuten dugu. Dibertsitatea aberasgarria dela pentsatzen dugu. Talde batzuk aipatzearren, Dave Matthews Band, Tool, Nirvana, Biffy Clyro, Bryan Adams...
Mondragon Unibertsitaterako abesti bat utzi duzue: "Helmugak". Nola baloratzen duzue unibertsitate honek izan duen interesa zuen kanta hau erabiltzeko?
Oso positiboa dela iruditzen zaigu, Mondragon Unibertsitatea Euskal Herrian dagoen unibertsitate garrantzitsuenetariko bat da eta guretzat ohore bat da gure abesti bat Mondragon Unibertsitateak erabiltzea. Ilusio handia egiten digu.
Ezagutzen duzue Mondragon Unibertsitatea?
Bai, nahiz eta guk bertan ez dugun ikasi, baditugu lagun asko bertan izan direnak eta daudenak karrera ikasten. Gainera, 2005ean, unibertsitateak egiten zuen jaialdian kontzertu bat eskaini genuen EH Sukarra taldearekin batera, eta giro paregabea egon zen.
Zein da "Helmuga" abestiarekin luzatu nahi duzuen mezua?
Lotsak atzean utzi behar direla bizitzan. Askotan damutzen gara norbaiti zerbait esan ez diogulako, gure kantuan hori esatea edo egitea bultzatzen dugu.
Zeintzuk dira zuen helburuak musika munduan? Noraino iritsi nahiko zenukete?
Bederatzi urte hauek konturatu gabe pasa dira. Lehenengo lokala lortu, lehen entsegua, kontzertuak, Euskadi Gaztea maketa leihaketa, lehen diska, bigarrena...helburuak pixkanaka lortzen joan gara, presarik gabe baino lokartuta geratu gabe. Momentuaz gozatzen dugu eta horrela aurrera eginez goaz. Gauzak era naturalean irteten direla pentsatzen dugu.