Bi doktore tesi defendatu dira HUHEZIn uztaileko lehen hamabostaldian
2009ko uztailaren 1ean Ainhoa Larrañagak eta uztailaren 8an Arianne Kareagak, biak Lanki Institutuko kideak, beren doktore tesiak defendatu zituzten HUHEZI fakultatean, Eskoriatzan. Lehenak Brasilgo Kooperatibismoaren sustapenerako oinarriak aztertu zituen. Bigarrenak, berriz, diskurtso kooperatiboak langile-kolektiboan. Biek bikain cum laude atera zuten.
Ainhoa Larrañaga
Ainhoa Larrañagaren tesiak izenburu hau zuen: "Brasilgo kooperatibismoaren garapenerako
oinarriak: begiratu kritikoa Euskal Herriko legedi eta errealitate instituzional
kooperatibotik".
Ikusirik Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren
ibilbidea eta gaur egungo errealitatea arrakastatsua dela enpresa
ikuspegitik, tesiak aztertzen ditu Brasilgo Kooperatibismoaren
sustapenerako oinarriak. Ekonomia Solidarioaren esparruan ernetzen ari
den kooperatibismo berria
indartzea du helburu. Batetik, Euskadiko Kooperatibak arautzen dituen
4/93
legearen alderaketatik, Brasilgo legeari ekarpenak egiten zaizkio.
Bestetik,
bertako kooperatibismo ofizial tradizionala ordezkatzen duen
Organizaçao das
Cooperativas Brasileirasen (OCB) papera birplanteatzen du. 1988ko
Konstituzio
berriarekin elkartze askatasuna aldarrikatzen da eta honek, zuzenean
eragiten
du OCBk betetzen dituen funtzio eta eskuduntzetan. Egilearen ustez,
klabeetako bat da arintzea kooperatiben eraketan dauden
eragozpen, nagusiki burokratikoak.
Epaimahaia, berriz, honako
doktore hauek osatu zuten: Baleren Bakaikoa epaimahaiburu, Henrike
Galarza, Joseba Azkarraga, Adrian Zelaia eta Angle Elias.
Arianne Kareaga
Arianne Kareagak honako tesia aurkeztu zuen: "Diskurtso kooperatiboak langile-kolektiboan.
Kooperatibagintzari buruzko sentipenak Fagor Arrasaten".
Kareaga irakaslearen arabera, Arrasateko Esperientziak aldaketa sakonak
bizi izan ditu azken hamarkadetan. Azken urteotan asko hazi da, bai
negozio-bolumenari dagokionez zein langile kopuruan. Aldaketa eta
transformazioek zerikusi zuzena dute egungo merkatuan lehiatzeko arau
eta ekonomia globalizatuari erantzuteko premiekin, baina faktore
gehiago eta sakonagoak daude horietan inplikaturik. Testuinguru
horretan, egileak helburu izan du aztertzea kooperatibisten diskurtso,
iritzi eta sentipenak. Kooperatibagintzaz dauden pertzepzio eta ideiak
jaso nahi izan ditu, lan-kolektibo osoa hartuta. Azterketa egiteko,
egileak Fagor Arrasate Kooperatiba Elkartea aukeratu du.
Kasu
honetan, doktore hauek osatu zuten epaimahaia: Joseba Azkarraga
epaimahaiburu, Andoni Eizagirre, Zesar Martinez, Antxon Mendizabal eta
Adrian Zelaia.