Mondragon Unibertsitateak Materialei buruzko X. Biltzar Nazionala antolatu du, materialen esparruko azken ikerketak aztertzeko helburuz
-
SOCIEMAT - Sociedad Española de Materiales elkarteak Mondragon Unibertsitateari eman zion bi urtean behin antolatzen den Materialei buruzko Biltzar Nazionalaren hamargarren edizioa antolatzeko ardura.
-
Biltzarra Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian egingo da ekainaren 18an, 19an eta 20an.
-
Edizio horren aurretik, gaur asteartean SOCIEMATen I. Materialen Eskola egingo da. Eta bertan ospe handiko bi txostengilek hartuko dute parte beren ikuspegia emateko energian eta biomaterialetan aplikaturiko material berriei buruzko azken ikerketen gainean.
-
Nabarmentzekoa da hiru osoko bilkura izango direla, biltzarreko hiru alderdi nagusiak (zientzia, industria eta hezkuntza) aztertzeko xedez.
Donostia, 2008ko ekainaren 17a. SOCIEMAT - Sociedad Española de Materiales elkarteak bi urtean behin antolatzen duen Materialei buruzko Biltzar Nazionalaren hamargarren edizioa antolatzeko ardura Mondragon Unibertsitateak izan du. Biltzar hori aparteko aukera bihurtu da Espainian materialen eremuan egiten diren ikerketei eta ematen den hezkuntzari buruz informazioa eskaintzeko, trukatzeko eta alderatzeko. Biltzarra ekainaren 18an, 19an eta 20an egingo da Donostiako Kursaalean, eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta CSIC ditu babesleen artean.
Nobedade gisa, esan beharra dago edizio horren aurretik, gaur asteartean, 14:15etik 19:00etara bitartean, SOCIEMATen I. Materialen Eskola egingo dela. Ekimen horren helburua egungo eta etorkizuneko joeren berri ematea da, hain zuzen gaurkotasun handiko bi arlotan eta gaian adituak diren bi txostengileren eskutik. Eta bertan ospe handiko bi txostengilek hartuko dute parte beren ikuspegia emateko energian eta biomaterialetan aplikaturiko material berriei buruzko azken ikerketen gainean. Kimika Zientzietako Doktorea eta INCAR-CSICeko zientzialari titularra den Ricardo Santamariak Energiaren alorrerako material berrien gainean egin diren azken ikerketei buruz hitz egingo du. Eta Kimika Zientzietako doktorea, CSICeko Ikerketa-irakaslea eta CIC biomaGUNEko Nanomaterial Biofuntzionalen Unitateko Burua den Soledad Penadesek, berriz, biomaterialen gainean jardungo du. Eskola espezializatuta ez dagoen publikoari dago zuzenduta, hau da, aukeratutako gaietan etorkizun-aukerak aztertzeko interesa dutenentzat izango da.
Biltzarraren egitura
Edukiari dagokionez, biltzarra 13 ataletan egongo da banatuta, eta enpresa edo zentro teknologiko batera irteera eginez osatuko da. Hauek dira landuko diren arloak: (1) Material Metalikoak, (2) Material Zeramikoak, (3) Simulazio Numerikoak, (4) Nanomaterialak, (5) Biomaterialak, (6) Material elektronikoak eta fotonikoak, (7) Likido eta gasen garraioa, (8) Material konposatuak, (9) Material polimerikoak, (10) Eraikuntzako materialak, (11) Tratamendu termikoak eta Gainazalak, (12) Hezkuntza eta materialen hautaketa, (13) Propietate mekanikoak.
Bestalde, hiru osoko bilkura antolatu dira, biltzarraren alderdirik garrantzitsuenei erantzuteko. Ekainaren 18an, asteazkenean, 9:30ean, EHU-UPVko Materia Kondentsatuko Fisikan Katedraduna eta Ikerketa Zientifiko eta Teknikoan Principe de Asturias Saria duen Pedro Miguel Etxenike arlo zientifikoaz arduratuko da; ekainaren 19an, ostegunean, 9:00etan, Airbus Españako Material Konposatuetako Teknologia Zuzendaria den Pedro Luis Muñoz Esquer alderdi industrialei buruz mintzatuko da; eta ekainaren 20an, ostiralean, 9:30etatik aurrera, Birgit Kjaerside Storm-ek, Aalborg-eko (Danimarkako) Unibertsitateko irakasle elkartuak, hezkuntza-arloa aztertuko du.
Edizio honetako alderdi teknologikoak ere azpimarratu behar dira, Mondragon Unibertsitatearen enpresa-munduarekiko hurbiltasuna kontuan hartuta eta biltzarraren egituran hezkuntzak zeresan handia duelako, batik bat Bolonia Itunaren ondorioz unibertsitate-prestakuntzan aldaketak ari direlako gertatzen. Bestalde, eta aurreko edizioetan bezala, ikertzaile gazteek parte-hartze garrantzitsua izango dute biltzarraren garapenean, izan ere aukera ezin hobea da horiek komunitate zientifikoan integratzeko.