Erakundeak
GARABIDE ELKARTEA PREST DAGO ESPERIENTZIAK TRUKATZEKO
GARABIDE BADIRA URTE BATZUK HUHEZI INGURUAN EUSKAL KOOPERAZIO EREDU PROPIOA SORTU NAHIAN, EUSKAL HERRIAN EZAGUN DITUGUN ESPERIENTZIEN ELKARBANATZEAN OINARRITUTAKO LANKIDETZA BULTZATZEN DELA. HASIERA BATEAN MUNDUKIDE FUNDAZIOA SORTU BAZEN ORAIN GARABIDE ELKARTEA SORTU DA.
Herri bakoitzak garapenerako lankidetza eredu propioa behar duela eta, zein izan ote daiteke Euskal Herriarena? Zein esperientzia ditu herri honek konpartitzeko? Kooperatibaren esperientziarena eta nortasunaren- hizkuntzaren bizi-ahaleginarena bai behintzat. Lehen esperientzia hori elkar banatu asmoz orain 9 urte Mundukide Fundazioa sortu bazen, bigarren ibilbiderako orain 9 hilabete Garabide abiatu zen.
Garabide bi iturritatik -euskalgintza eta hegoaldeko herrialdeekin kooperazioa- edaten duen zenbait kiderengan berezberez mamitutako asmoa izan da. Aspalditik, euskaldunok hizkuntza eta nortasun berreskurapenean izandako esperientzia beste herri indigenentzako baliagarria izan zitekeeneko intuizioa bazuten
Garabide ingurukoek, eta azkenean proiektua gauzatzeko garaia iritsi zen. Garabideren helburua garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin lankidetza bideratzea da, euskara eta euskal kulturaren garapen esperientzien trukean oinarrituta. Baita, norabide horretan, munduko hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuetako eragileekin lankidetza proiektuak garatzea ere.
Lankidetza ildo berri hau garatzeko, sare zabala eratu du Garabidek euskalgintzako ia 40 erakundeekin. Kontraparte moduan herri Aimara, Bubi, Kichwa, Mapuche, Maya edo Miskitoko erakunde indigenak dituzte.
Iazko truke programatik abiatuz, Ekuadorrerako telebista Kichwaren sorreran eta Bolibiako Hezkuntza Ministerioko hizkuntza ereduan aholkularitza eta formakuntzan parte hartzen dabiltza euskalgintzako erakundeen laguntzaz. Udazkenean berriz, Hizkuntza eta Herrien arteko II truke programa egingo da HUHEZIn, bertako irakasle eta ikasleen laguntzaz. Gonbidatuak zaudete bertan parte hartzera!
