Alecoop
KOOPERATIBEN ETA MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN ARTEKO GILTZARRIA
ALECOP MONDRAGONEKO KOOPERATIBAGINTZAREN DINAMIKAN, ALECOPEK FUNTZIO BEREZIA DU, ETA IZAN DU, HEZKUNTZA ETA ENPRESA ESPARRUEN ARTEKO HARREMANETAN: IKASLEEI LAN EGITEKO AUKERA EMATEA, IKASTEN ARI DIREN BITARTEAN, MU ETA KOOPERATIBEN ARTEKO GILTZARRI BAT BALITZ BEZALA. BAINA ZEIN DA HORREN OINARRIA? ZERGATIK SORTU ZEN ALECOP?
XX. mendearen 60ko hamarkadaren hasierako urteetan, Arrasateko Eskola Profesionaleko (egungo Eskola Politeknikoa) ikasle kopurua izugarri hazi zen. Horietariko asko bailara kanpoko herrietatik zetozen: Markina, Azpeitia, Azkoitiatik,... Lana eta praktiken arteko txandaketa lortzea jadanik helburu bat zen garai hartan. Ordea, bertako enpresek ez zituzten kanpoko ikasleak lanerako hartu nahi. Ikasle bakoitza gastu handia zen enpresarentzat, langile arrunt baten bezain beste. Errentagarria zitzaien bide bakarra, bertako ikasleak hartzea zen, ikasketak amaitzen zituenean enpresan gelditzen zirelako, kanpoko ikasleekin normalean gertatzen ez zena. Matrikulazioak gora jotzen zuen bitartean, ikasleek zaila zuten inguruan lan egitea.
Bestalde, bailarako familietako egoera ekonomikoa zaila zela-eta (soldata baxuak eta seme-alaba asko jateko premian), gazte askok ezin zituzten gustuko ikasketak egin. Eskolan zeudenen artean ere, laurdenak ez zituen ikasketak amaitzen.
Arazo horien aurrean, ideia bat bururatu zitzaion Arizmendiarrietari: ikasleak antolatu eta lan zerbitzua eskaintzea enpresei. Modu horretan, ikasleek soldata eta lan esperientziaz jabetzeko aukera izango zuten.
Ideia hori azaltzeko, Arizmendiarrietak Batzar Orokorrera dei egin zien ikasleei. Lehenengo batzarrera 400 bat ikasle hurbildu omen ziren, bigarrenera berriz 15 bat lagun eta azkenekora 4 besterik ez, baina aurrera jo zuten. Arizmendiarrietak irakasle bat lortu zuen eta lau ikasle horiekin batera DIE (Departamento Industrial Escolar delakoa) osatu zuten.
Zenbait hilabete geroago, DIEko lehenengo kontratua iritsi zen: Ularco (Fagor) San Andres-en egiten ari zen eraikin berriarentzako itxiera-panelen eraikuntza, produkzio planta eta bulegoak banatzeko. Gero beste lan batzuk etorri ziren: Zenbait eraikinentzako instalazio elektrikoak (Eskolako Iturripeko eraikina, Eguzki Dorrea, Aretxabaletako Portasol auzoa,...). Lan horiek burutu ostean, Arizmendiarrieta benetan ohartu zen ikasleek osaturiko enpresa baten beharraz eta 1965 arte DIE zenak Alecop izen komertziala hartu zuen, bere ibilbidea Eskola Politeknikoko lokaletan hasiz.
Enpresaren ezaugarri bereizgarria bere osaketa zen: soilik ikaslez osatua. Alecopen sorrerak heziketa-lana esperientziaren sendotzea ekarri zuen.
Berrogei urte baino gehiago pasatu ondoren, lan-prestakuntza arloa behar ekonomikoa baino inportantzia handiago hartzen ari da, eta horrek bere eboluzioa izan du Alecopen, eta izaten ari da, baina hori hurrengo baterako utziko dugu.
