Fakultateak · HUHEZI
ARRAKASTA HANDIA IZAN DU HUHEZINEMA ZINE JAIALDIAK
MAIATZAREN 7AN EGIN ZEN SARI BANAKETA HUHEZINEMAN, FILM LABURREN ZINEMALDI BAT, IKUS-ENTZUNEZKO KOMUNIKAZIOA IKASTEN ARI DIREN 4. MAILAKO IKASLEEK ANTOLATUA LEHEN ALDIZ.
Emanaldiak Eskoriatzan eta Arrasaten egin ziren, arrakasta handiz. Sariak bi mailatan banatu ziren. Lehen mailan HUHEZIko ikasleek egindako lanak saritu ziren.
Fikziozko lanik onena: Tempus fugit. Zuzendaria: Nerea Ruiz de Azua. Dokumental onena: People are strange. Zuzendaria: Iagoba Domingo.
Beste maila batean saritu ziren lehiaketako lanik onenak: Fikziozko lan onena: Montenegro. Zuzendaria: Lander Camarero Llamosas; dokumental onena: La discapacidad invisible. Zuzendaria: Ane Larrañaga; euskarazko film labur onena / Goiena saria: Itzalak. Zuzendaria: Iñigo Quintana. Film sarituen proiekzioa maiatzaren 9an, ostirala, saritutako bost filmak proiektatu ziren Kulturaten, eta proiekzio horrek amaiera eman zion aurtengo Huhezinemari.
Zinemaldiaren lehen aldiak arrakasta handia izan du, guztira 41 film labur aurkeztu baitira bertara, horietatik 35 fikziozkoak eta 6 dokumental. Egileak ere gazteak izan dira, 25 eta 30 urte artekoak, gehienak mutilak.
Proiekzioez gain, Huhezinemak bi lantegi eskaini ditu Eskoriatzan bertan, biak irekiak. Aizpea Goenaga aktore eta zuzendariak gidatu zuen bat, aktoreen zuzendaritzari buruz, eta Moriarti Produkzioak bestea, fikziozko zineaz eta dokumentalei buruz.
LITERATURA ASTEAK 10 URTE BETE DITU
Urtemuga hori ospatzeko, aurten poesia izan da hizpide, bereziki PlayStation belaunaldiak egina. Antolatzaileen ustez, gure gazteak PlayStation belaunaldia dira, 22 urte dituzte, eta milaka ordu eman dituzte bideo jokoetan, e-posta eta sms-ak idazten, eskuko telefonotik hitz egiten. Horien ordezkari, Eskoriatzan izan ziren Anjel Erro, Anari, Beñat Sarasola eta Gose musika taldea. Aurtengoarekin, Literatura Asteak finkatu egin du bide bat, oparoa. Hamar urteko ibilbidea ospatu du aurten, eta dagoeneko etorkizunera begira beste zenbait erronka ezarri ditu Literatura Asteak.
PRAKTIKAK: BOLLYWOODETIK DANIMARKARA
Ikasturte honetan Mondragon Unibertsitateko 20 ikaslek egingo dituzte praktikak atzerrian. Horietatik, 13 irakasle ikasketak egiten ari dira; gainerakoak, Ikus-entzunezko Komunikazioa.
Hauetatik bi Bollywoodera joango dira, karrera amaierako proiektua Indiako zine estudioen gainean egingo dute-eta. Komunikazioko beste 5 ikasle Kuba, Nikaragua eta Ameriketako Estatu Batuetara joango dira. Irakasletzakoek, ostera, Hego Amerika, Gales, Ingalaterra eta Danimarka hautatu dituzte.
