Atalak

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hasiera Files Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas9 Erreportajea I

Erreportajea I

GRADUONDOKO ESKAINTZA: AUKERA ETENGABEA EZAGUTZA BERRITZEKO


IKASKETA PROZESUAK EZ DU ETENIK, ETA EZAGUTZA ETENGABE BERRITZEA EZINBESTEKOA DA GAURKO PROFESIONALENTZAT. HORI DA MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN HEZIKETA IRAUNKORREKO ETA GRADUONDOKO ESKAINTZAREN OINARRIZKO ABIAPUNTUA. HELBURU HORREKIN, ESKAINTZA ZABALA DUTE IKASLE ETA PROFESIONALEK MU-N.

Prestakuntza iraunkorra oso garrantzitsua bilakatu da Mondragon Unibertsitatearentzat. Ikasketa ohiturak aldatzen ari dira, eta MUko hiru fakultateetan heziketa iraunkorreko ikastaroen eskaintza, enpresei eskainitakoa eta masterren eskaintza geroago eta zabalagoa da. Goi Eskola Politeknikoko Iraunkor erakundeko zuzendari Xabier Sagarnarentzat, “gaur egun ikasketa prozesua bizitza osora hedatu behar da, izan ere ezagutza etengabe berritzea ezinbestekoa da”. Horren haritik, iaz GEPen 2.300 lagunek egin zituzten ikastaro eta graduondoak. Hiru eskaintza mota bereizten ditu Goi Eskola Politeknikoak: katalogo irekian jasotzen dituen ikastaro laburrak, In companyizeneko ikastaro bereziak eta graduondoak. In Company ikasketak dira enpresek eskatuta egiten direnak, era pertsonalizatuan eta enpresen helburu konkretuetara egokituta.

Enpresa Zientzien Fakultatean ere ahalegintzen dira enpresen behar konkretuei erantzuten. Horren adibide da Eroski taldearentzat egiten dituzten ikastaroak. Jose Luis Abaunz da prestakuntza iraunkorreko eta graduondoko arduraduna EZFn. “Eroski berezo estrategikoa da, eta lan asko egiten dugu elkarrekin. Gure asmoa da graduondoko ikasleak lanean integratzea eta haien garapen profesionala bideratzea”. Iaz 600 ikasle izan zituzten prestakuntza iraunkorrean eta graduondoko eskaintzan. Bostehun ikaslek egin zituzten ikastaroak eta beste ehun inguruk masterrak.

HUHEZIk hiru gestio unitate ditu, eta guztietan eskaintzen ditu graduondoko ikastaro eta ikasketak. Lanki institutuak kooperatibismoaren gaineko masterrak antolatzen ditu, batez ere, kooperatibetan lanean dihardutenentzat. PTG edo pertsonen eta taldeen garapenaren unitateak ere badu graduondoko eskaintza. Hirugarren unitatea da irakasleen formazioaz arduratzen dena. Iaz, bostehun ikasle izan zituzten, horietatik 278k aditu tituluak edo masterrak egin zituzten. Mariam Bilbatua da graduondoko ikasketen koordinatzailea HUHEZIn. Mariamek dioenez, “irakaskuntza aldatzen ari da eta aurrerantzean unibertsitateen lana izango da langileek eta pertsonek bizitza profesionalean garatzen duten ezagutza ebaluatzea”. Ordu kopurua zenbatuz gero, oro har, Mondragon Unibertsitateko hiru fakultateak kontuan izanda, iaz 16.000 ordu eskaini zitzaizkion prestakuntza iraunkorrari eta graduondokoari.

IKASLEEN PROFIL ASKOTARIKOA Mondragon Unibertsitateko hiru fakultateetan graduondoko ikasketak eta ikastaroak egiten dituzten pertsonen profila oso bestelakoa da. Goi Eskola Politeknikoan batez ere erdi mailako ardurak dituzten langileak aritzen dira, baita ardura teknikoak dituztenak ere. “Langile horiek produktu berriak egin behar izaten dituzte euren enpresetan, balio erantsia gaineratu behar diote produktuari eta horretarako ezagutza eta praktika behar izaten dute”. Xabier Sagarnarentzat enpresek dituzten beharrei erantzun behar die unibertsitateak, enpresa horien eskura jarriz ezagutza.

Enpresa Zientzien Fakultatean MBA Executive, Otalora eta Mondragon Taldearekin eskaintzen den masterra egiten dutenen profila oso konkretua da. Zuzendaritza mailako profesionalek egiten dute masterra, talde oso homogeneoak izaten dira. MBA enpresa zuzendaritzaren gaineko master ofizialean, berriz, ikasleen profila oso bestelakoa da. “Gradua amaitu ondoren ikasten jarraitzen duten gazteak ditugu, baita lanean dabiltzan langileak ere, eta atzerritik etortzen zaizkigunak. Oso master aberasgarria izaten da. Lehenengo fasea tronkala da, eta bigarrenean espezialitate konkretu bat aukeratzen dute ikasleek”, dio Jose Luis Abaunz-ek. Kirol entitateen zuzendaritzari bideratutako ikasketak ere eskaintzen ditu EZFk. Era berean, Mondragon Taldearen eskutik enpresa proiektuen zuzendaritzaren gaineko masterra ere badago, Mondragon Taldearen barruan negozio berrien aukerak aztertzeko balio duena. Ibilbide profesionala dutenei bideratutakoa da masterra eta 8 hilabeteko proiektua garatu behar izaten dute ikasleek enpresetan.

“Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean irakasleek, kooperatibetako langileek eta administrazioko funtzionarioek egiten dituzte graduondoko ikasketak” Mariam Bilbatuaren esanetan. Lanki institutuaren eskaintza erabat lotuta dago kooperatibaren eta Arizmendiarrietaren pentsamenduaren garapenari. Horrexegatik, kooperatibetan lanean diharduten profesionalek jasotzen dituzte eskolak. Irakasleei zuzenduriko beste zenbait master ere baditu Hezkuntza Zientzien fakultateak eta, azken urteotan bi aditu titulu berri jarri ditu abian: “XXI.mendeko hezkuntza erronkak, kulturartekotasuna eta aniztasuna” eta “euskal kulturgintzaren transmisioa”. Bigarren horretan 60 lagunek parte hartu dute oraingo ikasturtean eta datorrenean ere antolatuko du HUHEZIk. Gainera, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak laugarren perfileko heziketa eskaintzen dizkie Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako administrazioetako eta udaletako laurehun langileri IVAP institutuan.

MONDRAGON UNIBERTSITATEA, ONDO KOKATUTA
Gertuko unibertsitateekin alderatuta, Mondragon Unibertsitatea ondo kokatuta dago, industria eremu paregabean eta berrikuntza guneetatik gertu. Horrek balioa eransten dio MUren graduondoko eskaintzari. Kooperatiben esperientzian oinarritutako eskaintza egiteko aukera duelako, eta enpresekin harreman estua duelako. Guzti horrek estilo eta nortasun berezia ematen dio prestakuntza iraunkorreko eskaintzari. Gainera, nazioartera begira, aurrera pausuak eman dituzte azken urteotan. “Mondragon Taldearen nazioarteko ezarpena aprobetxatu behar dugu, hori da-eta gure indargunea. Ezarpen horri laguntza emateko MUk eskaintza berezia egin behar du, eta horrela lortuko dugu arrakasta” dio Jose Luis Abaunz-ek.

Xabier Sagarnaren ustez, nazioarteko unibertsitateek egiten duten eskaintzaren aurrean Mondragon Unibertsitateak ezin du lo hartu. Iraunkor erakundeko zuzendariarentzat, Europarekin alderatuta, MUren prestakuntza iraunkorrak asko hobetu beharra du, baina pausu sendoak ematen ari dira horretarako.

GRADUONDOKO IKASKETA BERRIAK Erakunde, enpresa eta kontsultoreekin kolaborazioak ezarri ditu Mondragon Unibertsitateak, kanpoko errekurtsoei probetxua ateratzeko eta hezkuntza eta prestakuntza iraunkorraren sarea eraikitzen jarraitzeko. Etorkizunera begira, eskaintza areagotu nahi du MUk.

Hain justu ere, Enpresa Zientzien Fakultatea eta Goi Eskola Politeknikoa lanean ari dira martxan jartzeko ‘Project Management’ gaineko master berri bat. XXI.mendeko enpresari begira planifikatu nahi dute aditu titulua, Jose Luis Abaunz-en esanetan, etorkizuneko enpresarioen perfilera egokitutako ikasketak prestatu behar dira. “Orain arte perfila oso industriala izan bada ere, etorkizuneko zuzendari eta kudeatzaileek beste perfil bat beharko dute eta hori abiapuntu hartuta lanean dihardugu ikasketa berriak abian jartzeko”.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Mondragon Unibertsitatearen graduondoko ikasketa eta prestakuntza iraunkorreko eskaintzaren gainean, fakultate bakoitzeko informazio guneetan aurki dezake interesatuak. Gainera, mondragon.edu webgunean ere informazioa badago, eskaintza guztiarekin eta aukera ezberdinekin.