Editoriala
EZAGUTZAK EZ DU MUGARIK, EZTA IRAUNGITZE-DATARIK ERE AURKIBIDEA
Jaiotzen garenetik —haurtzaroan, nerabe garaian, heldutasunean— adineko pertsona bilakatzen garen unera arte, gure burua janzten dugu esperientziaz, ezagutza partekatuta, alegia, bizitza. Izan ere, ezagutzaren prozesuak ez du etenik. Prozesu horretan bizitza esperientziak, familiak,eskolak eta unibertsitateak badute zerikusia. Baita gure familiak eta lagunek, lanak eta lanetik kanpo dugun bizitzak. Ezagutzak ez du mugarik, ezta iraungitze-datarik ere, eta belakiak ura hartzen duen modura, jasotzen dugu guk ezagutza hori. Askotan eta askok, unibertsitate ikasketak amaitutakoan uste dute iritsi direla prozesu baten amaierara. Izan daiteke aldi edo fase baten bukaerara iritsi direla, eta beste baten atarian daudela. Gaur egun, unibertsitate ikasketak amaitu ondoren, gradua egin ondoren, hamaika aukera daude, espezializatzeko, ezagutza handitzeko eta unibertsitatearen komunitate horretako parte izaten jarraitzeko. Lanean hasteak ez du etenik ekartzen. Langileek eta profesionalek eskura dituzte heziketa iraunkorreko ikastaroak, ikasketak, masterrak eta aditu tituluak. Mondragon Unibertsitatean aukera hori gero eta handiagoa da. Gero eta gehiago dira karrera amaitu ostean ikasten jarraitzen dutenak, unibertsitatearen laguntzarekin ibilbide profesionala bideratzen dutenak. Izan ere, hori da ikasketa horien helburuetako bat. Iaz, Mondragon Unibertsitatean 3.500 pertsonak egin zituzten prestakuntza iraunkorreko ikastaroak eta graduondoak, eta joera da kopurua handitzen joatea. Horrexegatik, eskaintzak ere gora egin du. Eskaintza horren gaineko erreportajea aurki dezakezue MUniversitas aldizkariaren bederatzigarren zenbaki honetan. Gainera, ezagutza prozesuaz jarduteko aukera eskaintzen zaidan honetan, ez nuke aipatu gabe utzi nahi teknologia berriek ikasketa prozesuari eskaintzen dioten aukeraz. Lanean dihardute gure unibertsitatean software soziala abiatzeko, Web 2.0 deritzona aplikatzen hasteko. Jakintza konpartitzeak onura besterik ez dakarrelako. Irakasleak bitartekoak jarri behar ditu ezagutza jasotzeko, bidea erraztu behar die ikasleei, eta Web 2.0 eremuko erremintek aukera hori eskaintzen dute. David Sánchez doktore eta irakaslea ari da lan horretan, eta aldizkarian hari egindako elkarrizketa irakurtzeko aukera izango duzue.
