Sections

Skip to content. | Skip to navigation

Home Files Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas8 Elkarrizketa: Idoia Peñakoba Etxebarria
Muniversitas8

Elkarrizketa: Idoia Peñakoba Etxebarria

“PREST LELOAREKIN EUROPARA ONDO EGOKITU GARELA ESAN NAHI DUGU”


MU-KO IDAZKARI NAGUSIA DA IDOIA PEÑACOBA ETXEBARRIA. ARRASATEN JAIO ZEN ORAIN 39 URTE. DEUSTUKO UNIBERTSITATEAN EGIN ZITUEN EKONOMIA ETA ENPRESA ZIENTZIEN IKASKETAK, ETA AMERIKETAKO ESTATU BATUETAN AMAITU ZUEN LIZENTZIA. 2000. URTEAN IRITSI ZEN MURA, HARREZKERO DA BERTAKO IDAZKARI NAGUSIA.


Komunikazioa da idazkari nagusiaren zereginetako bat. MUren kanpo komunikazioa aztertzea eta ideia zein irudi bateratua hedatzea. Ondo aztertutako lana egiten du MUk komunikazio arloan, komunikazio kanpaina ausartak planteatuz eta unibertsitatearen indar guneak azpimarratuz. Hain justu ere, otsailean aurkeztu du MUk 2008ko komunikazio kanpaina. Europara ezin hobeto moldatu dela gogoraraztera dator. Horrexegatik aukeratu dute PREST leloa Mondragon Unibertsitateko komunikazio aholkulariek eta unibertsitateko zuzendariek.

MUk lelo ausarta aukeratu du komunikazio kanpaina berrirako. Zergatik PREST?
Beti azpimarratzen ditugu unibertsitatearen elementu bereizgarriak. Zergatik gara ezberdinak? Zein da gure eskaintza berezia? Galdera horiei erantzuten ahalegintzen gara, eta horren araberako kanpainak planteatzen ditugu. Aurten, gainera, oso bestelakoa da hedatu nahi dugun mezua. Europara inor baino hobeto egokitu garela esan nahi dugu PREST kanpainarekin. Hori da komunikatu nahi duguna. Euskal Herrian beste inork ez du 2008an sistema berrira egokitutako eskaintzarik egingo. PREST leloa erakargarria eta positiboa da, indarra dauka. Gainera, lotura estua du komunikatu nahi dugunarekin.

PREST Europarako,esan nahi duzue, ezta?

AZK komunikazio enpresak proposatu zigun leloa eta hasieratik gustatu zitzaigun. Prest hitzak gaztelaniaz hiru esanahi ditu. Prest gaudela esaten dugunean gaitasun ikuspegitik prestatuta gaudela esan nahi dugu. Gaztelaniazko, preparado, alegia. Denbora aldetik ere prest gaudela, epeak inork baino hobeto bete ditugula eta garaiz iritsi garela. Gaztelaniaz, listo. Eta jarrera aldetik ere prest gaudela. Erronka berri honi aurre egiteko jarrera dugula eta sistema berriarekin lan egin nahi dugula. Gaztelaniaz, dispuesto. Hori guztia da PREST. Aukera bakarra gara Ingeniaritza eta Enpresa Zientzia ikasketak sistema berrian egin nahi duten gazteentzat, eta hori nabarmendu nahi dugu.

Zeintzuk dira helarazi nahi dituzuen mezuak?
Berritzaileak garela eta arduratsuak gizartearekin. Izan ere, konpromisoa hartu dugu geure gizartea osatzen duten instituzio eta enpresekin. Ikasleei, berriz, esan nahi dieguikasketaprozesuarenprotagonista nagusiak izango direla.

Zeintzuk izango dira erabiliko dituzuen elementuak mezua eta leloa helarazteko?

Ikasleak eta haien gurasoak dira gure kanpainaren jomuga, eta ondo iritsi behar zaie komunikatu nahi dieguna. Horretarako erabiliko ditugu betiko elementu eta bitartekoak: Internet, aldizkari zein egunkariak eta irratiak. Eta komunikazio zuzeneko bideak, izan ere, ate irekien jardunaldiak antolatuko ditugu eta Batxilergoko ikastetxeetara gerturatuko gara geure unibertsitatearen ezaugarriak ezagutzera ematera.

Uste duzu ikasle zein gurasoek modelo berriaren gainean informazioa badutela?
Asko idatzi da, baina gizarteratze kanpaina ez da ona izan. Uste dugu ikasle eta gurasoek ez dakitela zer suposatzen duen aldaketak, eta horrexegatik, zalantza ugari dituztela. Prozesuaren kontra daudenei esango nieke konfiantza edukitzeko, modelo berria guztiontzat delako ona. Ez dugu uste hizkuntz eskubideak urratzen dituenik eta gure unibertsitateak euskalduna izaten jarraituko du. Orain arteko lan karga handiagorik ere ez dute izango ikasleek; bai, ordea, laguntza gehiago eta orduen banaketa hobea.

Europan orain urte batzuk ezarri zuten modelo berria.Estatu espainiarrean zein da egokitzapenaren egoera?
Bologna prozesuaren helburua da hezkuntzaren kalitatea hobetzea eta Europan ondo ezarri da. Estatu espainiarrean iaz onartu zen Errege Dekretua, urriaren 29an. Horren ondorioz, unibertsitate asko oraindik ez daude prestatuta aldaketarako, ez dituzte ikasketak egokitu. Gu, berriz, Errege Dekretua onartu aurretik prest geunden. Bai, behintzat, neurri batean. Orain 8 urte ekin genuen Mendeberri modeloaren garapena, eta funtsean antzekotasun ugari dituzte Mendeberrik proposatzen duen hezkuntza sistemak eta Europak proposatzen duenak. Filosofian eta hezkuntza metodologian, beraz, aurrelan handia egina genuen. Aldaketa, beraz, oinarri sendoekin egin dugu, eta Euskal Herriko bakarrak gara. Pozik egoteko arrazoiak ditugu MUn.