Sections

Skip to content. | Skip to navigation

Home Files Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas8 Editoriala
Muniversitas8

Editoriala

PREST EUROPARA EGOKITZEKO

Europako eredu berrira ondo moldatu da MU. Bere tamainak, gertuko enpresek, unibertsitatearen beraren izaerak eta azken urteotako egitasmo zein Mendeberri modeloak posible egin dute moldatze hori. Euskal Herriko unibertsitateen panoraman ez da inor MU bezain ondo kokatu. Hain justu ere, 2008ko irailean Goi Eskola Politeknikoko eta Enpresa Zientzien Fakultateko titulazio guztiak Europako sistemara egokituta egongo dira. Euskal Herrian beste inork ez du horrelako eskaintzarik egingo eta estatu espainiarrean ere oso gutxik. Soilik, Zaragozako Unibertsitate Publikoak eta Madrilgo Carlos III-a Unibertsitateak egingo dute antzerako eskaintza.

MUniversitas aldizkariaren zortzigarren zenbaki honetan horren berri emango dizuegu. Erreportaje nagusian Joxe Mari Aizega, MUko errektoreordeak; Vicente Atxa, Goi Eskolako zuzendariak; eta Lander Beloki, Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoak euren iritzia eskaintzen dute. Hirurak bat datoz aipatzerakoan, sistema berriarekin ikasleek eta irakaskuntzak irabaziko dutela.

Zenbait ikaslek, ordea, kezka eta zalantzaz beterik egingo diote aurre sistema berriari. Bologna Prozesuarekin kritiko azaltzen direnek diote, Euskal Herriko hezkuntza sistema ez duela hobetuko Bologna Prozesuak. Diote kreditu sistema aldatzean ikaslearen esklusibotasuna bilatzen dela eta hizkuntza eskubideak ere urratuko dituela, euskararen aurrean ingelesari garrantzia emanez. Beste hamaika arrazoi ere argudiatzen dituzte Bologna Prozesuaren kontrakoek, baina, horien aurrean MUko zuzendaritzak argi du Europatik datozen aldaketek Mendeberrirekin abian jarritako modeloa indartu besterik ez dutela egiten. MUko zuzendaritzak uste du modelo berria ona izango dela ikasle, irakasle eta irakaskuntzarentzat.

Eta horren haritik, Mondragon Unibertsitatearen komunikazio kanpaina berriak PREST leloa aukeratu du. PREST Unibertsitatea aldaketarako gertu dagoelako, PREST inor baino egokitzapen hobea izan duelako eta PREST dagoelako eskaintza berriari erantzun egokia emateko. Kanpainaren inguruan ere elkarrizketa nagusia irakurri ahal izango da MUniversitas aldizkariko zenbaki honetan. Kanpainaren ezaugarriak ezagutzeko aukera eskainiko dizuegu.

“MUko zuzendaritzak uste du modelo berria ona izango dela unibertsitate komunitatearentzat. Horren haritik,MUren komunikazio kanpainak PREST leloa aukeratu du”