Erreportajea I
IKERKETA JARDUERAK AREAGOTZEA: M.U.REN ERRONKA ESTRATEGIKOA
GAUR EGUN, M.U.KO HIRU FAKULTATEETAN IA 300 IKERTZAILEK DIHARDUTE PROIEKTUAK GARATZEN. IRAKASLEEK, DOKTOREGAIEK, BEKADUNEK ETA IKASLEEK OSATZEN DUTE IKERTZAILEEN KOMUNITATEA. M.U.REN BARRUAN, GOI ESKOLA POLITEKNIKOAK ESKAINTZEN DIZKIO IKERKETARI ORDU ZEIN IKERTZAILE GEHIEN
Datozen lau urteotarako Mondragon Unibertsitatea prestatzen ari den plan estrategikoak garrantzi handia emango dio ikerketari eta berrikuntzari. Lehentasunezko arloa izango da. Horrek, ordea, ez du esan nahi orain arte esparru hori landu ez denik. Hamar urteko ibilbidean, M.U.ko hiru fakultateetan ikertzaile talde sendoak eratu dira, eta horiek proiektu ugari garatu dituzte. Askotariko lan arloak aztertu dituzte HUHEZIn, Enpresa Zientzien Fakultatean eta Goi Eskola Politeknikoan.
GOI ESKOLA POLITEKNIKOAN 166 irakaslek, bekadunek eta doktoregaik dihardute gaur egun ikerketan eta berrikuntzan, eta zazpi arlo jorratzen dituzte: Materialak Transformatzeko Prozesu Aurreratuak; Portaera Mekanikoa eta Produktuaren Diseinua; Material Berriak eta Materialen Teknologia Aurreratuak; Energia; Informazioren eta Komunikazioen Teknologiak; Antolaketa eta Kudeaketa Industriala eta Mikrosistemak.
ENPRESA PRIBATUAK, MCC (bereziki Zientzia eta Teknologiarako planaren bitartez) eta administrazioak –Eusko Jaurlaritzako Industria eta Hezkuntza saila, Gipuzkoako Foru Aldundia, Espainiako Gobernua eta Europako Batasuna – ari dira proiektu gehienak bultzatu eta finantzatzen. Besteak beste, Goi Eskola Politeknikoak lan egiten du Mercedes Benz, Niessen, Tesa, Ulma, Fagor Ederlan, Copreci, Polmetasa, Sidenor eta Aceralia moduko enpresekin. Beste bezero asko ere badituzte Euskal Herrian zein estatu espainiarrean eta Europan.
Aurrekontua aintzat hartuz gero, hamar urtean ikerketak etengabeko bilakaera izan du GEPen. 1997an milioi bat eta erdiko aurrekontua zuen ikerketa eta garapen departamentuak. Gaur egun, berriz, ia bederatzi milioi euroko aurrekontua du.
GOI ESKOLA POLITEKNIKOAK harreman estua du EHU, Deustu eta Nafarroako Tecnun unibertsitateekin.
ENPRESA ZIENTZIEN FAKULTATEAN, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza unitatea enpresen kudeaketan espezializatu da. Oñatiko fakultateko ikerketa taldeak beste unibertsitate batzuetako ikerlariekin lan egiten du, baita ikerketa eta garapen zentroekin eta enpresa pribatuekin ere. Guztira, Enpresa Zientzien Fakultatean 40 ikertzaile ari dira lanean. Irakasleak, kanpoko kolaboratzaileak, doktoregaiak eta ikasleak, guztiak ere. Ikertzaileek euren jardunaren %35 eskaintzen diote berrikuntzari eta garapenari. Irizpide ekonomikoak kontuan izanez gero, hazkundea nabarmena izan da azken urteotan. Izan ere, 2001etik 2006ra %90 handitu da aurrekontua. Dena dela, EZFren erronka estrategikoa da ikerketa orduak areagotzea.
Hiru ikerketa ildo jorratzen dituzte Enpresa Zientzien Fakultatean: dinamika aurrerakoiak erakundeen kudeaketan, kooperatiben gestioa eta gizarte ekonomia eta, ekintzaileak eta berrikuntza-kudeaketan. GEPko ikerketa proiektuek bezala, Enpresa Zientzien Fakultateko lanek ere Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernua, aldundiak, Euskal Kooperatiben Goren kontseilua eta Europako Batasunaren diru laguntzak jasotzen dituzte. Era berean, enpresa pribatuentzat ere egiten dute lan. Ulma, Orkli, Batz, Matrici, Goiber eta Sarikirentzat, besteak beste.
HUMANITATE ETA HEZKUNTZA ZIENTZIEN FAKULTATEAN 30 irakasle, doktoregai, bekadun eta ikasle ari dira ikerketan. Bi esparrutan egiten dute lan; Lanki erakundeak garatzen duena eta Hezkuntzaren ikerketa lerroa.
Lankik, batez ere, autoeraketa eta errealitate kooperatiboaren gaineko ikerketak egiten ditu. Kooperatiben dimentsio soziala, formazio kooperatiboa, hegoaldeko herrialdeekin dagoen interkooperazioa eta kooperatibismoaren dimentsio juridikoa eta ekonomikoa aztertzen ditu.
Hezkuntzaren ikerketa lerroa, berriz, kulturartekotasunak eta aniztasunak ekarritako berrikuntzak aztertzen ari da. Konpetentzia eta balioen garapena, berrikuntza metodologikoa eta ezagutzaren kudeaketa dira gainerako lan arloak hezkuntzaren ikerketa lerroan. Formazio berritzaileak lantzen ari dira ikastetxeen beharrei erantzuteko. Esaterako, Aretxabaletako Kurtzebarri eskolarekin proiektu bat garatu dute ahozkotasunaren gainean.
HUHEZIko ikerketa arduradunaren esanetan, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatea ikerketaren hastapenetan dago eta Goi Eskola Politeknikoa hartu behar du eredutzat. Campusen arteko sinergiak aprobetxatu beharra dagoela uste du . Beste unibertsitate batzuekin ere badituzte harremanak, batez ere Kataluniako zenbait unibertsitaterekin. HUHEZIrentzat ere etorkizuneko erronka nagusia da irakasle guztiek eskaintzea euren jardunaren erdia ikerketari.
FAKULTATEEN ARTEKO ELKARLANA
Aipatzekoa da, iaz M.U.k antolatu zuen IAFEP (International Association for the Economics of Participation) kongresoaren ondorioz, hiru fakultateen artean abiarazi zutela egitasmo bat: Mondragon Cooperative Academic Community.
Nazioarteko sare bat da, eta sortu dute ikerketa bultzatzeko. Beronen helburua da ekonomia sozialaren zein kooperatibismoaren inguruko ikerketak egitea.
Egitasmoan M.U.ko hiru fakultateetako ordezkariek eta nazioarteko adituek hartuko dute parte. Enpresa Zientzien Fakultateko ikerketa arduradunen esanetan, horrelako ekintzekin fakultateen arteko elkarlana hobetuko dute.
