Elkarrizketa: Bixente Atxa
"GURE KONPROMISOA DA GAZTEAK PRESTATZEA BIGARREN TRANSFORMAZIORAKO "
BIXENTE ATXAK ELEKTRONIKAKO INGENIARITZA TEKNIKOKO IKASKETAK EGIN ZITUEN GOI ESKOLA POLITEKNIKOAN ETA GOI INGENIARITZA ELEKTRONIKOA BARTZELONAKO RAMON LULL UNIBERTSITATEAN. GAINERA, ELEKTRONIKA ETA KOMUNIKAZIO DOKTOREA DA STAFFORDSHIRE-KO UNIBERTSITATETIK. ENPRESA PRIBATUAN ERE ARITU DA. 1993TIK GEP-EN DIHARDU. GAUR EGUN ZUZENDARI NAGUSIA DA.
Martxoan zuzendari aukeratua, maiatzean zuzendaritza batzorde berria eratu zenuten. Zein egoeratan aurkitu duzu Goi Eskola Politeknikoa?
Gure eskolaren osasuna oso ona da. Hezkuntza eredu berriari dagokionez, Mendeberri proiektuarekin Bolognak ekarriko dituen aldaketei aurre egiten hasi gara; eta nazioarteko panoraman ondo gaude kokatuta.Proiektu teknologikoak garatu ditugu enpresetan eta oso emaitza onak izan ditugu.
Etorkizunera begira ere jarri zarete dagoeneko.
Bai. Zuzendaritzan sartu eta berehala hasi ginen 2007-2008 gestio plana egiten eta laster 2008-2012 urte bitarteko plan estrategikoa prestasten hasiko gara. Aldaketa sakonak izango dira datozen urteotan Goi Eskolaren antolakuntzan. Autogestioa bultzatu nahi dugu eta pertsonei, gaur egun dutena baino garrantzi handiagoa eman nahi diegu. MCCren gestio korporatibo modeloa hartu dugu aintzat, eta hori izango da antolaketa berriaren oinarri. Kooperatibaren ezaugarri bereziak bultzatu eta sustatu behar ditugu.
Zeintzuk izango dira zuen erronkak?
Bolognako prozesuaren ondorioz, ikasketa egitura aldatu beharko dugu. Goi Mailako ikasketak eta tekniko ikasketak master eta gradu bilakatuko dira. Era berean, aldatuko da hezkuntza eredua. Ikasleak izan beharko du subjektu aktibo. Ikasle eta irakasleen arteko harremanak aldatu beharko dira eta guztien arteko integrazioa ezinbestekoa izango da. Gainera, ikasle guztiak atzerrira bidaltzeko ahalegina egin behar dugu. Gutxienez, ikasle bakoitzak 6 hilabete egin beharko ditu Europako beste unibertsitate batean.
Bolognako prozesuaren gainean zein iritzi duzu?
Era positiboan hartu behar dugula pentsatzen dut. Besteak beste, Prozesuak ekarriko digu beste balio batzuen garapena; talde lana areagotu beharko dugu, konpetentzian hezi, guztien arteko hartu-emana bultzatu… Urte batzuk barru, Euskal Herrian beste perfil bateko ikasleak eta langileak beharko ditugu, eta Bolognak lagunduko digu langile horien heziketan.
Nola aldatzen du Bolognak kredituen banaketa?
Aurrerantzean kredituak (ECTS) banatzerakoan konputatu edo zenbatu beharko ditugu eskola magistralak, ariketak, praktikak eta ikasketa orduak. Gutxi gorabehera, ikasle batek urtean 60 ECTS bete beharko ditu, eta ECTS bakoitzak gutxi gorabehera 25 lanordu suposatzen du.
Zeintzuk dira dituzuen kezka nagusiak?
Bigarren transformazioak eragiten dizkigu kezkak. Azken 30 urteotan, guztion artean, gizarte aurreratua lortu dugu. Orain, berriz, bigarren transformazioa dator, berrikuntzaren eta balio erantsiaren garaia, eta esparru horretan ingeniarien heziketa eta lana ezinbestekoa izango da. Gure ikasleek berrikuntzan eta garapenean lan egin beharko dute, zeren bestela, kanpotik ekarri beharko ditugu langileak. Gazteak bigarren transformaziorako prestatzea da gure konpromisoa.
Lan horri ekiteko ondo kokatuta dago Goi Eskola Politeknikoa?
Mondragon Unibertsitateak harreman estua du enpresekin, eta esan dezakegu Euskal Herrian enpresa arloarekin horrelako harreman garatua duen unibertsitaterik ez dela.
Gure inguruko enpresek zein behar izango dituzte hamar urte barru?
Galdera horri behin eta berriro erantzuten ahalegintzen gara, eta ikertzen dihardugu erantzun aproposak bilatzeko. Zentzu horretan, esan dezaket ondo kokatuta gaudela.
Eta Europara begira?
Gure ikasleak Europara bidaltzeaz gainera, aurrerantzean, Europatik Arrasatera ekarri nahi ditugu ikasleak. Azken urtean 30 inguru etorri dira eta haientzat zein hemengo ikasleentzat ingelesez zenbait ikasgai eskaintzen ditugu. Gure unibertsitatea hirueleduna da.
Berrikuntzak ere izango dira datozen urteetan, ezta?
Bi esparrutan izango dira berrikuntzak. Metodologia bat ezarri behar dugu ikasleek enpresa berriak sor ditzaten. Halaber, ikerketatik abiatuta, gai izan behar dira enpresa edo produktu berriak sortzeko. Europan ere ikerketa sare garrantzitsuenetan proiektuak lortu behar ditugu.
