Ekintzailetasuna - Kimu Berri
EKINTZAILETASUNA GAZTEEN ESKUETAN
KIMU BERRIZ JOSI ZEN OÑATIKO ENPRESAGINTZA FAKULTATEA URRIAREN 5ETIK 7RA. IDEIAK SORKUNTZA BILAKATUZ, EKINTZAILETASUNA SUSTATZEN DU EKIMENAK. PROIEKTU GUZTIEK JATORRI BERBERA DUTE: GAZTEEN AISIA ETA KIROLA. ARDATZ HORRETATIK ABIATUTA, 12 SORKUNTZA LAN ERAKUTSI ZIREN.
MUko Oñatiko fakultatera hurbildu gara. Atsedenaldian daude ikasle asko, gosariko kafea eskuetan. Barrura sartu eta Begoñak ongi etorria eman digu. Lidergo Berritzaile Ikerkuntza graduko zuzendari akademikoa da, coach izateaz gainera.
Gaurkoa goiz berezia da campusean, “Inbestitzaile azoka” deituriko proiektuen aurkezpenak baitaude, 12 guztira. Kimu Berrik bultzatutako ekimena da hori. Gai baten baitan eta egungo teknologiekin, gazte ekintzaileak sortzeko helburuarekin sortu da.
Ondorengo entitate eta erakundeen esku-hartzea du Kimu Berrik: ISEA S.Coop, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Polteknikoa eta Enpresagintza, Debagoieneko garapen agentzia, Athlon Koop. Elkartea eta Saiolan.
Proiektuaren aurkezpena
Proiektuak bost minutuan aurkeztu behar izan dituzte. Telebista euskarri lagungarri gisa. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola PoliteknikokoIngeniaritza industriala, informatikoa, antolakuntzakoa, eta Oñati nahiz Irunen lidergo, berrikuntza eta ekintzailetasuna ikasten ari direnek egin dituzte aurkezpenak. Eta ikusleen artean; ikasleak, enpresariak eta inbertitzaileak daude.
Proiektu guztiek kirola izan dute hizpide: “Igex” uretako garraioa, “Changoo” mendi ibilaldietako sare soziala, “Actinmap” ekitaldien inguruan jakinaren gainean ipintzen digun webgunea eta “Bike Washer” bizikleta garbitzailea, besteak beste. Lidergo berritzaile eta ikerkuntza gradukoek eta Ingeniaritzako ikasleek egindako proiektuak di ra, guzt iak MUkoak.
“Gazteen ekintzailetasuna bultatzen da honela, ekintzaile bilakatu nahian” esan digu Ugartek. Gazteak gustura daude beraien ametsak errealitatea bihurtzeko aukera dutelako. “Enpresa bat sortzea eta aurrera eramatea oso esperientzia polita da” dio Garazi Kondek. “Zaila da, baina fruituak ematen baditu, atsegina da oso”, gaineratu du.
Gazteek ez dute bakarrik egiten, coach bat daukate. “Taldea gidatzen dugu ikaste prozesuan jarritako helburu eta konpetentzia guztiak bete ditzaten” dio Ugarte entrenatzaileak. Hala ere, ikasleak dira “protagonistak” eta “taldean lana egiten eta euren ikaste prozesua autogestionatzen” ikasi behar dute. “Learning by doing” metodologian egiten dute lan MUn, “entrenatzaileen lana da aurrera jarraitzeko animoak eta laguntza ematea”.
Protagonistak
HUB GIPUZKOA
Garazi Konde: "Askok talentua izan arren, ez dakite non garatu".
“Ekintzaileak izanik, espazio bat behar dugu geure proiektua garatzeko. Askok talentua izan arren, ez dakite non garatu. Hub Gipuzkoak gogoa duten horiei proiektua garatzeko aukera emango die, beste zenbait ekintzailerekin harremanak sustatuz. Hub markak duen sareagatik interakzioa mundu mailara zabaltzen du”.
QUOKKA
Joseba Egia: "Webgune bat sortu dugu baserriko produktuak erosi ahal izateko".
“Euskal Herrian gazteek ez dituzte baserriko produktuak erosten. Gainera, supermerkatuetako loteak handiak dira eta garestiak. Webgune bat sortu dugu baserriko produktuak erosi ahal izateko, nahi den orduan. Bitartekari gabeko erosketa egingo da, lote txikiagoak eta kalitate hobeagoa lortuz”.
SMART WAY
Julen Iturain: "Ikasketa prozesuan bezeroa bisitatzeko eta salmenta batzuk egiteko aukera ikusi genuen".
“Makina batzuk genituen eskuragarri sublimatzeko, inprimatzeko eta mozteko. Ikasketa prozesuan bezeroa bisitatzeko eta salmenta batzuk egiteko aukera ikusi genuen. Aukera horiei heldu eta merkatuan dagoen beharra eta prezio altuak ikusita Smart way sortzea erabaki dugu”.
