Erreportajea - Saritu gabe
IK4 IKERKETA GUNEAK, CSIC(CONSEJO SUPERIOR DE INVESTIGACIONES CIENTÍFICAS) ERAKUNDEAK ETA MUK ELKARLANEAN AURKEZTUTAKO PROIEKTUAK EZ DU NAZIOARTEKO KOMITEAK ONARPENIK JASO. HALA ERE, MUREN GIDARITZAPEAN, HIRU ERAKUNDEOK EZAGUTZAN, IKERKETAN ETA TRANSFERENTZIAN OINARRITUTAKO PROIEKTUAK ERREKONOZIMENDU UGARI JASO DITU MADRILEN
Espainiako Ministerioak urrian egin du publiko zeintzuk jasoko duten Nazioarteko Bikaintasun Campusaren izendapena 2011 urtean, eta Mondragon Unibertsitatearen proiektuak ez du aitortzarik jaso. MUk, IK4 ikerketa guneak eta CSIC erakundeak aurkeztutako egitasmoak ezagutzaren garapenean, ikerketan eta transferentzian du oinarria. Gainera, Valentzia, Madril eta Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoen kolaborazioa ere jaso dute, eta proiektua oso erakargarria eta interesgarria dela onartu arren, aitortza ofizialik ez da izan. Iosu Zabala MUko errektorearen esanetan, “ezagutza landu, balioan jarri, ikertu eta transferitu. Horiexek izan dira gure proiektuaren ezaugarri nagusiak, baina tamalez, nazioarteko komitearen babesik ez du jaso”. Hala ere, etorkizuneko unibertsitatea eraikitzeko garrantzitsua izan da, eta MUren nazioarteko hedapena areagotzeko ere baliagarria izan da.
Nazioarteko bikaintasun campusa
Hezkuntza Ministerioak Estatu espainiarreko unibertsitateen prestigioa eta ikuspena areagotu nahi ditu Bikaintasun Campusen izendapenekin. Horren harira, aurten Estatuko unibertsitate ezberdinek elkarlanean aurkeztutako hiru proiektu saritu dituzte. Era berean, beste sei proiektuk caracter regional mailako izendapena jaso dute. Guztien artean ministerioak 75 milioi euroko finantziazioa banatuko du. Hauexek dira aurten aitortza jaso duten egitasmoak: Nafarroako Unibertsitateak gidatutako Proyecto Horizonte 2015; Valentzia, Elche eta Alakanteko unibertsitateek bideratutako Campus Habitat proiektua; eta Campus Vida, Santiago de Compostelako Unibertsitateak zuzendutakoa. Gainerako sei agregazioek dirulaguntza gutxiago jasoko dute euren egitasmoak garatzeko. 2011koa Bikaintasun Campusaren Nazioarteko izendapenen hirugarren edizioa izan da, eta guztira 32 unibertsitate-kontsortziok aurkeztu dute euren proposamena, horietatik 13 erabat berriak.
Unibertsitate estrategia 2015
Unibertsitate Estrategia 2015 programaren baitan antolatu da azken hiru urteotan Nazioarteko Bikaintasun Campusa, eta helburu nagusia du Estatuko unibertsitateen modernizazioa. Unibertsitateen arteko elkarlana bultzatu nahi du eta, era berean, instituzioen arteko agregazioak eta kontsortzioak bilatzen ditu. Hain justu ere, ezagutzaren ekosistema sortu nahi du; ekonomia, enplegua eta kohesio soziala sustatzeko. 2008an antolatu zen lehenengo edizioa eta ordutik hona Hezkuntza Ministerioak 700 milioi euro inbertitu ditu dirulaguntza eta finantziazio eratan aipatu programan. Zabalaren esanetan, “bide batez Ministerioak kanpoko talentuak erakarri nahi ditu Estatura”.
MU eta nazioarteko bikaintasun campusa
Mondragon Unibertsitatea iaz ere aurkeztu zen Nazioarteko Bikaintasun programara, orduan bidelagunik gabe. “Aurten gure estrategia Ministerioak eskatzen duen formatura egokitu dugu. Bidelagunak aurkitu ditugu, eta proiektua ezagutzan, ikerketan eta transferentzian oinarritu dugu”. MUren proiektua, Transferentziaren unibertsitatea izenekoa, gizartea eraldatzeko konpromisoarekin sortu zen. Gazte aske, kritiko, konprometitu eta sortzaileak bultzatzeko asmoarekin. “Bikaintasunaren gure ikuspegia da eraldaketa prozesu horretan jarrera aktiboa edukitzea”. Iazko edizioan MU izan zen finalera iritsi zen unibertsitate pribatu bakarra, horrek hedapen handia eman zion unibertsitateari eta Estatuan ezagunagoa bilakatu zen. “Nahiz eta izendapena lortu ez, prozesuan parte-hartzea oso garrantzitsua izan zen eta izan da aurten ere. balio izan du MUren proiektua gure mugetatik kanpo hedatzera emateko, bai iaz eta baita aurten ere”.
Konpromisoa gertukoekin
Lan egin gertuko gizartea eta enpresak erakargarri eta konpetitiboak izan daitezen. Hori ere bada MUren ADNaren ezaugarrietako bat, eta Madrilera filosofia hori hedatzeko asmoarekin joan dira unibertsitateko ordezkariak. “Gure indarra da enpresarekin elkarlanean aritzea, indarguneak identifikatzea eta horiek lantzea. Baina ezagutzaren garapenean bide-lagunak behar genituen eta horrexegatik kontsortzio bat eratu genuen IK4 eta CSIC moduko erakundeekin”. Bi erakundeok erreferentziazkoak dira Euskal Herrian zein Espainiako Estauan.
Etorkizuneko proiektua
Ikerketa kolaboratiboaren modeloa Ministeriora hedatzeko aukera ere aprobetxatu du MUk. “Agregazioaren ikuspegitik ezagutza, ikerketa eta transmisioa ditu oinarrian, eta bost arlo konkretu jorratzen ditu gure proiektuak: diseinu industrialaren garapenean, sistema txertatuetan, materialeen garapenean, gastronomiaren teknologia eta zientzian, eta energia berriztagarrien berreskurapen eta bilketan”. Arlo horietan guztietan MUk ekintzaileak ditu, ezagutzaren transferentzian ere sekulako eskarmentua du, administrazio publikoari teknologian saltzeko gaitasuna du eta modeloa nazioartekotze prozesu batean dago murgilduta.
MUko errektorearen esanetan, Madrilen urrian aurkeztutako proiektuak etorkizunean balio handia izan dezake. “IK4 eta CSIC erakundeekin harreman estua edukitzeak ematen digu aukera ikerketetara sarrera zuzena edukitzeko”. Era berean, Euskadiko enpresei, eta batez ere MONDRAGON Korporaziokoei zerbitzu hobea eskaintzeko aukera ematen die.
Nazioartekotzea garrantzitsua MU-rentzat
Urrian Madrilen izandako ekitaldian 2009an izendatuak izan ziren proiektuen emaitzak ikusteko aukera izan zuten MUko ordezkariek. Kudeaketa modelo ezberdinak dituzten unibertsitateek aurkeztu zituzten azken bi urteotan egindakoak. “Inportantea izaten da ikustea beste batzuek nola kudeatzen duten prozesua; izan ere, gobernatzeko erak gero eta garrantzi handiagoa du”. Gobernatzearen kontuari gero eta garrantzi handiagoa ematen diote, alegia, proiektuen bideratzaileek erakutsi behar dute eskarmentua badutela eta gauzak ondo egiten badakitela. “Erakunde, erritmo eta helburu ezberdinak dituzten kontsortzioak gobernatzea ez da erraza izaten”, gaineratu du Iosu Zabalak, eta arlo horretan ere ikasteko aukera izan dute MUko ordezkariek.
