Bizitza unibertsitarioa
'URBAN DAY', SKATEA ETA GRAFITIAK
AURTEN, LEHENENGO ALDIZ, GRAFITI ETA SKATE DIZIPLINEKIN LOTUTAKO URBAN DAY JAIA ANTOLATU DU MUITTUK. HORRETARAKO, ARRASKAK, ARRASATEKOSKATE ELKARTEAK, LAGUNDU DIE IKASLEEI.LEIHAKETAK, IKUSKIZUNAK ETA PARTE-HARTZE POLITA IZAN ZEN. EKIMENA ERREPIKATZEKO ASMOA DU MUITTUK.
Ezagun da gaur egungo gazte askok hiri-kulturei buruz duten interesa, eta horretaz baliatuta, bizitza unibertsitarioa suspertzeko lan egiten duen MUittu taldeak graffitia eta skatea, biak, eraman zituen Goi Eskola Politeknikoko Iturripeko pilotalekura, Urban Day izeneko jaiaren baitan. Arratsaldean Arraska elkarteko eta Nothing Without dendako partaideen laguntzarekin, skate eta grafiti ikastaro libreak martxan jarri zituzten. Lehenengorako, Arrasateko Udaleko brigadako langileek hiru arrapala, U erdi, kutxa bat eta baranda batzuk jarri zituzten. Bertan gaztetxo eta ez hain gaztetxoek skatea praktikatzeko aukera izan zuten Arraska elkartekoen begiradapean. Aldi berean, handik hurbil, Nothing Without dendako eta Arrasate skate taldeko kide Hibai Garaik grafiti erraldoiak egin zituen.
Herriko jendea ere hurbildu zen
Skateari dagokionez, diziplina honekin lotutako hainbat proiekzio eman bitartean, Arrasateko Sebastian Roldanek, Daniel Rosadok eta Aitor Akizuk, besteak beste, erakustaldi polita egin zuten, ikasle eta bertaratutakoen gozamenerako. Izan ere, Goi Eskola Politekniko kanpoko jendea ere jaira hurbildu zen; eta hori Muittuko kideen ustetan lorpen handia da.
Diseinu onena, Ivan Corresena
Horrekin guztiarekin batera, Muittuk skate taula baten diseinu grafikoa egiteko lehiaketa antolatu zuen. Hamar lagunek parte hartu zuten, eta Ivan Corres 1. mailako diseinuko ikasle izan zen irabazlea. Gauera arte luzatu zen jaia eta antolatzaileek jakinarazi dute datorren ikasturtean ere Urban Day jaia antolatzeko asmoa dutela.
Euskararen eguna
Bestalde, Muittuk jakinarazi du, urtero legez, abenduaren hasieran Euskararen Eguna ospatuko dutela. Egun horren bueltan, herri kirolak eta hainbat txapelketa egingo dituzte.
