Iritzia - Eunate Elio
BERDINTASUNA IKASGELATIK LANERA
Ikasturte amaieran ekintza interesgarria antolatu genuen Enpresagintza Fakultatean. Mahai baten bueltan eta gosaltzeko aitzakiarekin, kooperatibetako emakume zuzendariak eta ikasleak solasean izan genituen.
Saio honek hainbat helburu zituen: ikasleek enpresak gertutik ezagutzea, enpresa bera fakultatera hurbiltzea, zuzendaritza eta gobernu karguetako lanak ezagutaraztea eta bizitza unibertsitarioa bultzatzea, besteak beste. Baina bazegoen helburu bat are garrantzitsuagoa: genero ikuspegia unibertsitateko jardunean txertatzea.
Ikasle garaian genero desberdintasunak antzematea zaila da. Neska-mutilek nahi dituzten ikasketak egin ditzakete eta familiako erantzukizunek oraindik ez dute zama bat suposatzen. Lan munduan, ordea, agerian gelditzen dira emakume eta gizonen arteko aukera desberdintasunak. Alde batetik, enpresek zaharkitutako egiturekin funtzionatzen jarraitzen dutelako; beste alde batetik, enpresek familia eta lana bateragarri egiteko behar bezalako estrategiarik ez dutelako eta, azkenik, emakumeok barne oztopoak ditugulako.
Hori dela-eta, emakumeek proportzio handiagoan betetzen dituzte maila baxuagoko lanpostuak gure inguruko enpresetan. Horren ondorioz, emaitza akademikoekin inongo loturarik ez duten kalteak jasaten dituzte emakumeek: autonomia ekonomiko txikiagoa, estatus baxuagoa eta garapenerako aukera murritzagoak, besteak beste. Emakumeen egoera lan munduan aldatzen dabil, baina oraindik genero arrailaren datuak oso argiak dira. Gai hauek mahai gainean jarri behar dira unibertsitatearen baitan, gogoeta egin eta aldaketarako proposamenak abian jarri. Hauxe izan zen emakume zuzendariak gurera ekartzeko arrazoia.
Ekintza honen bitartez, ikasleek zuzendarien beste eredu edo profil profesional bat ezagutzea lortu zuten: emakume horien ibilbide profesionala ezagutu eta bizitza pertsonala eta laboralaren jirabirak ulertu. Nesken kasuan identifikatuak sentitu daitezkeen ereduak hurbildu genizkien, eta beraien ibilbide profesional propioa irudikatzea lortu genuen.
Berdintasuna zeharkako gaia da, eta ikasgai eta fakultate guztietan landu dezakegu. Gelako harremanak lan ditzakegu, lan munduratzea aztertu, motibazio eta sentsibilizazio ariketak egin... Helburua gizon eta emakumeen arteko benetako aukera berdintasuna bermatzea izan behar da, bai unibertsitatean, baita laneko esparruan ere. Eman diezaiogun, bada, dagokion tokia berdintasunari eta aniztasunari.
