Elkarrizketa - Jon Altuna
“MASTER AKADEMIKOAK NAZIOARTERA HEDATU BEHAR DITUGU”
2011-2012 IKASTURTEAN MASTER AKADEMIKO BERRIEN ESKAINTZA OSATUKO DU MU-K. EUROPARA EGOKITUTAKO HAMAR MASTER ESKAINIKO DITU, GUZTIAK OFIZIALAK.
Datorren ikasturtetik aurrera hamar master akademiko eskainiko ditu MUk. Zeintzuk izango dira berrikuntza nagusiak?
Egituran eta izaeran egongo da berrikuntza nabarmenena. Aurrerantzean egitura ofiziala izango dute gure unibertsitate masterrek, alegia, ez ofizial izatetik ofizial izatera igaroko dira. Unibertsitateek eskaini ahal izango dituzte master ofizialak eta han bertan ebaluazio bat gainditu beharko dute. Gainera, akreditazioko agentzien ebaluazio bat gainditu eta Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia beharko dute. Aldaketa horrek guztiak ekarriko du gaur egun ditugun bigarren zikloen egokitzapena. GEPeko Goi mailako Ingeniaritzak eta HUHEZI eta Enpresagintzako lizentziak egokituko dira, eta aurrerantzean master titulu bilakatuko dira.
Egituran bakarrik ez, izaeran ere aldaketak izan dira. Zein izaera izango du eskaintza berriak?
Orain arteko bigarren zikloko ikasketek izaera orokorra zuten, hau da, Goi mailako ingeniaritzek edo lizentziek formazio orokorra eskaintzen zuten. Bazegoen ikasketak egiteko beste aukera bat, lehenengo ziklo espezializatuago bat egin, ingeniaritza tekniko bat, adibidez, edo diploma bat, eta ondoren bigarren ziklo orokorreko ikasketak burutu. Bigarren zikloak ikuspegi orokorragoa eskaintzen zien ikasleei. Orain, berriz, kontzeptua aldatu egin da. Europako esparruak eredua aldatu du. Lehenengo gradua egingo da, lau urtekoa, oinarrizko formazioa eskainiko duena ,eta espezializazioa masterrarekin iritsiko da.
Masterrak kualifikazio maila altuagoa eskainiko die ikasleei?
Graduko hiru-lau urteko ikasketak irteera profesional interesgarria eskainiko du, baina masterrak beste espezializazio maila bat emango die, eta bostsei urtean oso formazio osatua lortuko dute ikasleek.
Nola egokitu dituzue bigarren zikloko ikasketak master eskaintzara?
Ez da erraza izan, eta horretan ari gara. Eskaintza berrian hiru bide bereiztuko nituzke. Batetik, egokitu behar izan ditugu dagoeneko bagenituen formazio kurtsoak, eta master bilakatu ditugu, adibidez KAP-ekoa HUHEZIn. Lehen ikastaro bat zen, eta orain master ofizial bilakatu da, eta formazio horri beste nortasun eta seriotasun bat eman zaio. Beste master mota batzuk ere egongo dira, bigarren zikloak master bilakatu baitira. Alegia, Industria Ingeniaritzako 2. zikloa orain master bilakatu da, edo Enpresagintzako MBA, hau ere ofizial bilakatu da. Hirugarren modalitatekoak dira filosofia berriarekin sortu ditugunak, espezializaziokoak. GEPen diseinu estrategikokoa, sistema txertatuak, HUHEZIn berrikuntza metodologikoa, Enpresagintzan Enpresa Kooperatiboen Kudeaketa… horiek guztiak sistema berriarekin sortu dira. Guztira hamar master akademiko ofizial izango ditu MUk; bost GEPen, hiru HUHEZIn eta bi Enpresagintzan.
Nori zuzenduta daude masterrak?
Master akademikoak, batez ere, zuzenduta daude lehenengo zikloa amaitu berri duten ikasleei, esperientzia profesionalik ez dutenei eta lan merkatura jo aurretik espezializazio maila nahi dutenei. Beste master batzuk, berrikuntzakoa HUHEZIn edo MBA Enpresagintzan… profesionalei zuzenduta daude.
Zein esango zenuke dela MUren eskaintzaren arrakastaren giltza?
Enpresa eta erakundeetatik gertu egoteak kalitatezko master profesional eta akademikoak eskaintzeko bidea ematen digu. Profesionalei zuzendutako eskaintza egin dugu, gure enpresei erantzutera dator gure eskaintzaren zati handi bat, eta horrek arrakasta eragin digu. Gure ereduaren arrakastaren giltza gertutasunean oinarritzen da.
Zeintzuk dira zuen eskaintzaren ezaugarri nagusiak?
Esango nuke bost direla gure eskaintzak dituen ezaugarri nagusiak: praktikoak dira, espezializazio handikoak, enpresa eta erakundeetatik gertu daude eta enpresekin harremanak bultzat zen dituzte, naziortekotzea helburu dute eta ikerketara bideratuak. Hain justu ere, master guztietan ikerketa da elementu nagusia. Guk egiten dugun ikerketa erakunde eta enpresetatik oso gertu dago, eta etorkizuneko ikerlarien perfila masterretatik irtengo da.
Formatuan ere askotariko eskaintza duzue, ezta?
Bai, batzuk presentzialak izango dira 100%ean; eta beste batzuk on line, eta euren merkatua mundu guztia izango da; Hegoamerika, Europa… 100% presentzialak direnak Euskal Herria eta Estatua dute jomuga
Masterren kasuan MUren proiekzioa zein da?
proiekzioa zein da? Euskal Herrian ondo kokatuta gaude, baina kanpora begira jarri gara aspaldiko urteetan, eta erronka nagusia hori izango da. Aliantzak sinatuko ditugu beste unibertsitate batzuekin, diploma bikoitzak eskaintzeko, gaur egun Frantziako zenbait unibertsitaterekin eskaintzen ditugunak bezala. Kolonbian edo Frantzian, dagoeneko horrelakoak eskaintzen ditugu-eta.
Zein da etorkizuneko erronka nagusia
Nazioarteko proiekzioa izango duten masterrak eskaini behar ditugu. Masterrak planteatzerakoan eta egituratzerakoan, kanpora begira jarri behar gara, eta horretarako kanpoko unibertsitateekin ditugun aliantzetan sakondu behar dugu eta elkarlanean master bateratuak atera behar ditugu. Esango nuke hori dela erronka nagusia.
