MU Kirol Zerbitzua
HEZIKETA INTEGRALAREN BILA
MONDRAGON UNIBERTSITATEAK BETIDANIK IZAN DU PERTSONAREN HEZIKETA INTEGRALA HELBURUTZAT, ETA HORRETARAKO PLANTEATU ZUEN HEZKUNTZARAKO MODU BERRI BAT, HOTS, MENDEBERRI HEZKUNTZA PROIEKTUA. GAUR EGUN BESTE MOLDAKETA BERRI BAT IRITSI ZAIGU EUROPATIK: UNIBERTSITATERAKO HEZKUNTZA PROIEKTU BERRIA.
Proiektuak ekarriko duen aldaketetako bat honako hau izango da: arlo akademikotik kanpo egiten diren hainbat ekimen curriculumaren barnean txertatzea. Argitaratu berri den azken dekretuaren arabera, kirol eta kultura ekintzetan parte hartzeagatik edo/eta boluntario edo unibertsitate ordezkaritzagatik sei kreditu ECTS eskainiko dira.
Aldaketa honek nola eragingo dio kirol arloari?
Batetik, eragin positiboa izan dezake, izan ere, jarduera fisikoa praktikatzea gustuko duenak eta “denbora eza” argudiatuta praktikarik egiten ez duenak, motibazio berri bat izan dezake. Pertsona horri kredituak lortu behar izateak bultzada bat eman diezaioke jarduera fisikoa praktikatzerako orduan.
Unibertsitateko kirol zerbitzu garen heinean, gogorarazi nahi dugu kirola egiteak osasuna hobetzeaz gain, pertsona bere osotasunean formatzen laguntzen duela. Azken finean, jarduera fisikoa edota kirol praktikaren bitartez, hainbat konpetentzia lantzen dira. Besteak beste; lidergoa, talde lana, kooperazioa, lehiakortasuna, galtzen ikastea, diziplina, errespetua...
Balio horiek guztiak ez dira liburuak irakurtzen soilik barneratzen, ez dira aulkian arbelari begira gaudela ikasten, praktikaren bitartez barneratzen dira. Jarduera fisikoa derrigorrean praktika da, bizipena, esperientzia, komunikazioa... bere baitan balio horiek guztiak dakartza kirolak eta ohartu gabe landu eta ikasten dira.
Talde baten partaide izanik, ezinezkoa da talde lanean ez aritzea eta gutxiago taldekideekin ez kooperatzea. Talde bat aurrera ateratzeko beti behar izaten dira gurditik tiratu behar izaten duten pertsonak, gainontzeko kideak animatzen dituenak, liderrak alegia. Bakarkako kiroletan, ordea, norbere buruarekiko exijentzia, motibazioa, hobetzeko nahia, esfortzua… lantzen dira.
Kezka nagusiak
Baina badira oztopo edo kezkak sortzeko arrazoiak ere. Kredituak lortzearren edozein ekintzatan apuntatuz gero, praktikak berak ematen dituen onurak alde batera gelditzen dira, eta ez dira nahi diren helburuak lortzen.Orain kirol zerbitzu, kultura talde eta beste dinamizatzaile batzuei dagokigu gai hau ahalik eta ondoen zehaztu eta kudeatzea, benetan ekintza hauetan parte hartzen dutenek balio egokiak barnera ditzaten.
Kirol zerbitzuaren aholkua: jarduera fisikoa bizitzan barneratu, jarduera fisikoaren esperientziak bizi eta beraiekin gozatu eta azken finean… ikasi.
