Secciones

Cambiar a contenido. | Saltar a navegación

Inicio Files Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas18 Bizitza Unibertsitarioa
Muniversitas18

Bizitza Unibertsitarioa

HAIMA TALDEA SAHARAREN ALDE LANEAN

MONDRAGON UNIBERTSITATEKO ESKOLAZ KANPOKO EKINTZAK GARATZEKO EREMUA DA MUITTU. HELBURU NAGUSIENA DA PERTSONAK GARATZEKO ETA GIZARTEAN ESKU HARTZEKO GAI IZANGO DEN UNIBERTSITATE MUGIMENDUA GAUZATZEA. HAINBAT EKINTZA EGITEN DITU MUITTUK, ETA HORIEN ARTEAN DAGO HAIMA PROIEKTUA.

Haima taldea duela lau urte sortu zen. Ikasle talde batek hiru eguneko jaialdi bat egitea proposatu zuen, zenbait saharaui eta Gobernuz Kanpoko Erakunde gonbidatuz. Jaialdi horretan sortu zen harremana Nubi eta Iesbaa elkarteekin, eta ikasle talde bati ideia ona iruditu zitzaion ordura arte egindako ekintzetan sakontzea. Horrela sortu zuten Haima.

Haima hiru urratseko proiektua da. Lehenengo urtean, Elkarhezitzenekin ikastaro bat antolatu zen bizikidetzari buruz formakuntza jasotzeko eta hurrengo urratsak nola eman jakiteko

Bigarrenak Saharako bidaia gauzatzea zuen helburu. Horretarako, dirulaguntzak bilatu eta sentsibilizazio ekintzak antolatu ziren: hitzaldiak, afari solidarioak, kontzientziazio kanpainak, etab. Asmoa zen bigarren urteko Aste Santuan bidaia egitea, baina diru arazoak medio, orain arte beti hirugarren urtean joan dira.

Hirugarren urratsean, erreportaje bat egitea zuten helburu. Bizitako esperientzian ateratako argazki eta informazioarekin erreportaje bat egin zuten, ondoren eskola eta hedabideetan erakusteko eta aldarrikapen gisa erabiltzeko.

Saharara bidaia
Aste Santuan egon zen Haima taldea Saharan. Apirilaren 21ean irten eta hamar egun igaro zituzten han. Oier Izulain, Haima taldeko partaidearekin egon gara hizketan eta adierazi digunez, Saharan bizi dutena hitzekin aditzera ematea ez da erraza. “Harrigarria da ikustea, Marrokiar autoritateengandik tratu txarrak jaso arren, nola ez dieten uko egiten beren xede eta idealei.”

Bidaia prestatzen Iesbaa elkarteko Olaiak eta Nubi elkarteko Agurnek lagundu zieten, eta Saharan, Afapredesako Abdeslam -ekin programa bat antolatu zieten

Saharara ezin ziren esku hutsekin joan, eta denetarik eraman zuten: elikagaiak, medikamentuak eta eskolarako materiala. Izugarrizko esperientzia bizi izan zutela adierazi du Oierrek, eta behin eta berriz aipatu du sahararren abegikortasuna. "Aipagarriena bertara iristen zarenean, haien abegikortasuna, eskuzabaltasuna eta adeitasuna dira. Iristen zaren momentutik zure etxean bazina bezala sentiarazten zaituzte eta bigarren egunean familiaren parte zarela dirudi”.

Ez dute arazorik izan antolakuntzan eta izugarrizko babesa jaso dute Nubi eta Iesbaa elkarteengandik.