Elkarrizketa
JOSU GALARZA:“SISTEMA TXERTATUAK OSO GARRANTZITSUAK DIRA LEHIAKORRAK IZATEKO”
MONDRAGON UNIBERTSITATEAK IKERKUNTZA TEKNOLOGIKO ZENTROA ESTREINATU DU GARAIA BERRIKUNTZA GUNEAN.MU-KO ELEKTRONIKA ETA INFORMATIKA DEPARTAMENDUEN KOORDINATZAILE JOSU GALARZAREKIN HITZ EGIN DUGU ERAIKINAZ ETA GARATUKO DUTEN SISTEMA TXERTATUAREN GAINEAN
MUk ikasturtea ikerkuntza teknologiko eta elektronikoen zentroa inauguratuta hasi du. Pauso garrantzitsua da zentroa gurean zabaltzea?
Erronka garrantzitsua da Garaian zentro bat edukitzea, berrikuntza guneak ematen dituen aukera guztiak aprobetxatzeko. Proiektu estrategikoan zutabe batzuk jarri ditugu, eta bat sistema txertatuena da. Hain zuzen, Garaian askoz errezagoa da halako sistemak garatzea.
Eraikuntza berriak baliabide asko ditu…
Bai, 8.500 metro karratu ditu eta azpiegituraz oso ondo jantzita dago; gainera, oso malgua da. Komunikazio sareetan goi mailako teknologia ezarri dugu: telefonia, bideo eta lanerako elementu guztiak integratuta daude, eta eraikina ere prestatuta dago; hori berrikuntza da. Bestalde, ikasle guztiek ordenagailu eramangarriak dituzte; eta ikasle eta ikertzaileen artean komunikazio inalambrikoa bermatuta dago.
Zeintzuk erabiltzen dute fakultate hau?
50 ikertzaile hasi dira lanean, eta asmoa da epe laburran 100 izatea. Baina Informatika eta Telekomunikazio ingenieritzako ikasleak eta baita doktoretza egiten dabiltzanak ere badaude. Guztira 300 bat ikasle daude.
Sistema txertatuak dagoeneko aplikazio asko ditu?
Sistema txertatua da elektronika inteligente bat, informatika eta telekomunikazio teknologietan oinarrituta dagoena. Eta teknologiok hainbat alorretan erabiltzen dira: etxeko elektratresnetan, etxeetan, osasungintzan, garraiobideetan… Oraindik gehiago indartu behar da, eta izango da oso garrantzitsua gure industrian, lehiakorrak izateko.
Badago horrelako bestelako zentrorik EAEn?
Ez. Sistema txertatuen alorra lantzen da unibertsitateetan eta enpresetan, baina erreferentzia moduan Garaian badago ETIC zentroa, Microsoft software sistema txertatuak lantzen dituena. Hortaz, zentro teknologikoa, unibertsitatea eta berrikuntza kontzeptua duten beste enpresa bazuk hain hurbil egotea oso aberasgarria eta potentziala da.
Zer ondorio du gugan teknologia berri honek?
Asko. Adibidez, etxeetan domotikari dagokionez. Horri esker, %25-50eko aurrezpena lor daiteke. Enpresetan ere hasi dira ezartzen. Energiaren ikuspuntutik, gure elektrizitate sistemak nahiko egonkorrak dira. Baina plantea daitezke generadore edo energia sortzaile zein berriztatzaile berriak eta ohiko sistemak ez daude prest hori guztia jasotzeko. Hortaz, sistema txertatua gakoa da. Horrekin batera, igogailuetan ere sistema txertatu inteligenteak daude; osasungintzan aukerak dira, adibidez, etxetik diabetiko batek dieta eta kirol aktibitateak kontrolatzea…
Badaude hainbat esparru berritzaile, baina zentroak bestelako helburuak ere baditu: ez da bakarrik teknologia digitalak menderatzea, diziplina askotako teknologia horren gaitasuna integratzeko eragile gehiago inplikatu behar dira: adibidez,osasungintzako adituak. Hori da bigarren iraultza, eta horretan guk esku-hartzea izan dezakegu: pertsonei formazioa eman, iraultza hori egin ahal izateko.
Zeintzuk dira sistema txertatuen abantailak?
Batez ere sistema malgu bat integratzen dela aplikazioetan. Ez da elementu standard bat, produktuan integratzen da, eta erabiltzaileendako, nahiz eta balio erantsia eman, ia gardena izan behar da. Berak antzematen du nor zaren, zure ezaugarriak.
Arrasaten zabaldu duzuen zentroa Europan lehiatzeko modukoa izango da?
MUren abantaila da oso malguak garela eta diziplina asko lantzeko erraztasuna daukagula. Eta Garaian hainbat faktore batzen dira gu erreferentzia izateko.
Gune honi ezaugarri berezia ematen dio zentro berriak?
Bai. MU-k Garaian eraikin bat edukitzea ezinbestekoa da, eta hori igarri da giro aldetik, sinergia aldetik… Nahiko hurbil egon gara, baina dagoeneko gertutasun fisikoa bermatu dugu.
Zer proiektu dituzue esku artean?
Oronarekin igogailuetan gure ikerketako ereduak garatzeko proiektu batzuk dauzkagu; lanean gabiltza igogailuentzat sistema berriak sortzen. Baita gabiltza INGETEAM taldearekin ikertzen energia elektrikoaren banaketa sistema berrietan; Ormazabal enpresarekin ere baditugu proiektuak; Fagor Etxetresna Elektrikoekin ere, sistemak elektratresna eta elektronikan integratzeko; baita Componentes dibisio berriarekin osagai, elektratresna berriak eta berogailu berriak (energia elektrikoa sortzen dutenak garatzen); Fagor Electronikan telebista digitalaren banaketa bermatzeko aparailuetan; eta Ulmarekin kolaborazio garrantzitsua daukagu sistema txertatuen teknologia guztia han garatzeko; baita harremana Ikerlanekin eta ETICekin ere.
