Erreportajea II
UNIBERTSITATE AKTIBOA
Hiztegiari bistadizo azkarra emanez gero, askotariko esanahiak aurkituko dizkiogu aktibo hitzari. Aktibo izatea da gogotsua izatea, langilea, eraginkorra… Aktiboak dira biztanleak. Enpresetako aktibo nagusiak dira pertsonak eta eraikinak ere badira aktibo. Zonalde edo eskualde batean unibertsitatea bera ere aktibo garrantzitsu bilaka daiteke, erakunde eraginkor, eragile eta kohesio zein bertebrazio sustatzaile. Beti ere, beste administrazio zein erakunde batzuekin batera eskualdea bizirik mantentzeko bere formazio eskaintza egingo duena, elkarlanean, interesak bateratuz, errespetuz. Esparru horretan, erronka ugari izan ditu MUk azken urteotan, erronkak han eta hemen, eta horien bidez edo horiei eskerrak, gure unibertsitatearen hazkunde geografikoa oso garrantzitsua izan da azken urteotan.
MUk izaera aktiboa du, eta aktiboa da jarreran, gogotsu, eraginkor, langile, ideien sustatzaile… Adostasunetara iristeko gai izan da MU, erakunde ezberdinen arteko proiektu interesgarriak abian jartzeko kapaz izan gara sortu ginenetik. Eta horren haritik ulertu dezakegu bizitzen ari garen hazkunde geografikoa.
1997an sortu zenetik, Gipuzkoan hedakuntza neurtua izan du; Debagoieneko mugak gaindituz, Oarsoaldera eta Bidasoako eskualdeetara eskaintza zabalduz, Goierrin proiektua egonkortuz eta Debagoieneko herri garrantzitsu gehienetan fakultateak eraikiz. Era berean, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Zamudion ere eskaintzen ditu MUk graduondoko ikasketak. Apustu sendoa egin dugu eskualde eta hiriburuetan, eta gure eskaintza gero eta ezagunagoa eta estimatuagoa da.
Guretzat oso garrantzitsua da instituzioen eta administrazio ezberdinen babesa, elkarlan horri esker, gure proiektua egonkortuko delako eta gure eskaintzak bultzada jasoko duelako. Etorkizunean izango ditugu erronka berriak, gure estrategia bikaintasun arlotik abiatuko da, eskualde zein herrialde ezberdinetan hedatuz eta gure apustu pedagogikoa eskainiz, gaur hemen, etorkizunean nork daki non. Hori bai, beti, gure unibertsitatearen balioak, hezkuntza proiektua eta ikerketa kolaboratiboa bermatzen diren tokietan.
