Secciones

Cambiar a contenido. | Saltar a navegación

Inicio Files Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas16 MU Kirol Zerbitzua
Muniversitas16

MU Kirol Zerbitzua

KIROLA BAI BAINA KONTROLPEAN

IA EGUNERO ENTZUTEN DUGU KIROLA ETA JARDUERA FISIKOA ONURAGARRIAK DIRELA, OSASUNA ZAINDU EDO HOBETZEKO. UNE HONETAN, GAINERA, JENDE ASKO BEHOBIA-DONOSTIA PRESTATZEN DABIL. BADA, EGITEN DEN KIROLA NEURTZEA KOMENI DELA DIOTE ADITUEK.

Eskola garaian derrigorrezko ikasgaia da gorputz hezkuntza,eta astean 90 minutu inguru izaten ditugu jarduera fisikoarekin gozatzeko. Gainera, eskolaz kanpoko kirol eskaintza zabala daukagu, eta ordutegia lagun izanik, hauetan parte hartzeko aukera izaten da arratsaldero, hain ezaguna, den “multi kirola” edota talde “federatuetan”. Hortaz, eskola garaian hain onuragarria den jarduera fisiko hau burutzeko aukera paregabea daukagu modu horretan.
Unibertsitatera iristean, aldiz, egoera erabat aldatzen da: ikasketa maila handiagoa izanda eta eskolaz kanpoko beste konpromisoen eraginez, aurretik burututako kirol federatua aldebatera uzteko joera izan ohi da nagusi eta ondorioz, norbere kabuz hain preziatua den “jarduera fisikoa” praktikatzen hasten gara, ordutegiarekin inongo loturarik izan gabe.
Horren harira, gaur egun korrika egitea “modan” dagoela esango genuke, geroz eta jende gehiago ikusten dugu-eta kale zein errepide ertzetan lasterka hara eta hona, eta zer esanik ez garai hauetan. Azaroaren 14an, Behobia-SDonostia lasterketa ospetsua egingo dute Donostialdean eta aurtengoa 46.edizioa izanik, 20.000 korrikalari bilduko dira parte hartzeko. Azken lau urteotan 8.000 korrikalari gehiago biltzen dira bertan; esan beharrik ez dago lasterketa honek duen arrakasta ikaragarria dela.
Hau guztia ikusita, badirudi jendeak bere osasuna zaintzeko asmoa duela, eta gure herria osasuntsua dela, baina hala al da benetan? Mondragon Unibertsitateko Kirol Zerbitzutik honako zalantzak jarri nahiko genituzke mahai gainean: korrikalari guzti hauetatik zenbatek egiten diote behar den bezalako jarraipena bere kirol entrenamenduei? Horietako zenbatek egin dute inoiz kirol medikuntza azterketa bat? Ezaugarri hauetako lasterketa batek prestakuntza bat eskatzen du, Behobia-Donostian 20 kilometroko lasterketa baita.

ENTRENAMENDU PERTSONALIZATUAK

Mondragon Unibertsitateko Kirol Zerbitzuak bere zerbitzuen artean entrenamendu pertsonalizatuak prestatzen ditu interesaturik dauden ikasle zein langileentzat, eta gainera kirol mediku azterketa bat egiteko diru-laguntzak eskaintzen dizkie ikasleei Arrasateko Athlon Kirol Medikuntza zerbitzuan.
Hortaz, MUko ikasle edo langilea bazara eta zeure kabuz jarduera fisikoa egiten baduzu, gogoan izan, jarduera osasuntsua izateko neurtua eta kontrolatua ere izan behar duela; uste baino garrantzitsuagoa dela alor hori zaintzea.