Muniversitas16

Euskara

 

UNIBERTSITATEAN IRAKASLEAK EUSKARAREN PRESENTZIA BULTZATZEN

EIRE UNIBERTSITATEKO HAINBAT EUSKAL IRAKASLEK OSATZEN DUTE. EGITEN DUTEN EKIMEN EZAGUNENA EUSKARAZKO UNIBERTSITATEKO LIBURUEN ERAKUSKETA IBILTARIA DA. AURTEN, LEHENENGO ALDIZ, MONDRAGON UNIBERTSITATEAN EGINGO DUTE ERAKUSKETA ABENDUA HASIERAN, ETA HITZALDIAK ERE IZANGO DIRA.

EIRE Euskal Herriko unibertsitateko zenbait euskal irakaslek sortutako elkartea da. Gaur egun 300 bat kidek osatzen dute. Ofizialki 2000an eratu bazen ere, 1998an eman zituzten lehenengo pausuak. Ekimena EHUko irakasle batzuek abiarazi zuten, eta berehala Mondragon Unibertsitateko, Deustuako eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko hainbat irakasle ere inplikatu ziren.

EUSKARA, UNIBERTSITATE BAKOITZEAN

Elkarteak bi helburu nagusi ditu: batetik, Euskal Herrian kokatuta dauden euskal irakasleen arteko komunikazioa hobetzea; eta bestetik, euskararen normalkuntzan eragitea, hain zuzen ere. Helburu horiek lortzeko, egin izan dituzten ekintza garrantzitsuenetakoa da orain dela bost urte antolatu zuten kongresua. Mintegi hartan honako gaiak aztertu zituzten: euskararen egoera Euskal Herriko unibertsitate bakoitzean; argitalpenen zer kopuru egiten den euskaraz; irakaskuntzarako hizkuntza eredu eleanitza; eta etorkizunera begira egin zitezkeen plangintzak, besteak beste.

EUSKARAZKO LIBURUEN AZOKA

EIREk aurrera eramaten duen beste ekimen garrantzitsuenetako bat da unibertsitateekin batera urtero egiten duten Unibertsitateko Liburuen Erakusketa Ibiltaria. Aurtengoa egiten duten seigarrena da,eta EHUko hiru fakultateetatik, Deustutik eta Nafarroako Unibertsitate Publikotik pasa ostean, aurten Mondragon Unibertsitatean egongo da ikusgai abenduko lehenengo astean. Muestra horretan unibertsitatearen alorrean euskaraz argitaratuak diren liburuak izango dira ikusgai. Eta Euskaren Egunaren ospatzen den astean egingo dugu azoka MUn eta  gaiarekin lotutako hainbat hitzaldi ere izango dira.
Erakusketa horrek, urtero unibertsitate desberdinetara eraman izanagatik ibiltaria bihurtzen bada ere, gainontzeko hilabeteetan kokagune finko bat dauka Bilbon dagoen Euskararen Etxean. Dagoeneko bilduma ia 400 libururekin osatuta dago eta poliki-poliki haziz doa, jakina.

ERREFERENTZIA ONENAK AUKERATU

MUko irakasle eta EIRE elkarteko kide den Xabier Arrasatek azaldu digu oraindik ere unibertsitateko euskarazko materialaren artean gabezia handiak daudela, baina maila batetik aurrera gazteleraz ere egoera antzekoan daudela, ingelesa delako jatorriz material gehiena ekoizten den hizkuntza. Horren aurrean, Arrasateren eta orohar EIREko kideen apustua da gai orokorrenetan euskarara itzultzeko ahalegin berezia egitea eta, ordez, gai oso espezifikoak edo zeharo espezializatuak direnean erreferentzia on bat aukeratu eta bakarra itzultzea.
Xabier Arrasateren esanetan, aukeraketa hain itxia izate horren arrazoia datza, batez ere, zaila dela euskara eta ingelesa menderatzen dituzten eta halako gai espezializatuetan jantzita dauden itzultzaileak aurkitzea.