Secciones

Cambiar a contenido. | Saltar a navegación

Inicio Files Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas16 Bizitza Unibertsitarioa
Muniversitas16

Bizitza Unibertsitarioa

 

30 IKASLE BAINO GEHIAGO ETORRI DIRA ERASMUS PROGRAMAREKIN

MU-K LEIHO UGARI DITU IREKIAK MUNDURA BEGIRA. NAZIOARTEKO UNIBERTSITATE UGARIREKIN HITZARTU DITU HITZARMENAK ELKARLANERAKO ETA IKASLEEN FLUXUA ERRAZTEKO. ERASMUS DA EGITASMO HORIETAKO BAT. AURTEN, 30 IKASLE BAINO GEHIAGO ETORRI DIRA GURERA.

Besteak beste, Kolonbiako Panamericana unibertsitatearekin, Txileko Los Pelambres fundazioarekin eta Hego zein Ipar Amerikako zenbait unibertsitate eta erakunderekin harremana du MUk. Era berean, mundu osoan ezagunak diren beste zenbait egitasmotan parte hartzen du, eta horietako bat da Erasmus. Programa honek aukera ematen die mundu osoko ikasleei atzerriko unibertsitateetan ikasketak egiteko, eta honi eskerrak, gure unibertsitateko ikasleek aukera dute kanpoan esperientzia aberasgarria bizitzeko. Era berean, nazioarteko unibertsitateetatik ere gero-eta ikasle gehiago gerturatzen dira gurera. Datuak honako hauek dira.

GEP-EN 10 ERASMUS IKASLE

Goi Eskola Politeknikora hamar ikasle iritsi dira aurten Mexiko, Txekiar Errepublika, Frantzia, Turkia, Erresuma Batua eta Poloniatik. Horietatik hiru ikasle urte osoan egongo dira gure artean, eta gainerako zazpiek sei hilabete egingo dituzte. Besteak beste, Informatika, Automatika, Antolakuntza, Mekanika, Diseinua eta Industria ikasketak egingo dituzte. Bost ikaslek soilik ikasgaiak egingo dituzte eta beste horrenbestek proiektuak.

HAMABI HUHEZI-RA

Humanitateak eta Hezkuntza Zientzien Fakultatera, berriz, hamabi ikasle iritsi dira, Fakultate honetan burutu den Erasmus programaren laugarren aldian. Horietatik, zortzi ikaslek egingo dituzte irakasle ikasketak, eta lauk ikus-entzunezko komunikazioa. Irailaren 6an egin zitzaien harrera HUHEZI fakultatean, eta ikastaldiaren nondik norakoak azaldu zitzaizkien. Ikasle hauek Gabonak arte izango dira Eskoriatzan, eta
bitartean bertako ikasleekin batera ikasiko dute. Batzuetan programa berezia izango dute. Euskal kulturaren gainean ere irakasgai berezia jasoko dute, gure herriaren berezitasunen gaineko hamaika zehaztasun. Ikasleak Finlandia, Herbeherak, Belgika eta Estoniatik etorri dira.

OÑATIN ETA IRUNEN

Enpresagintza fakultatean ere Nazioarteko Mugikortasunak garrantzi handia dauka. Kolonbiako Panamericana unibertsitatearekin eta Minuto de Dios korporazioarekin harreman estua du eta aurten bi erakundeetatik ia 20 ikasle etorri dira gurera. Era berean, Finlandiarekin ere harreman estua du Enpresagintzak, LEINN ikasketak eskaintzen dituelarik. Erasmus programaren bitartez ere zenbait ikasle gerturatu dira aurten Oñatiko zein Irungo fakultateetara. Guztira, 5 ikasle gerturatu dira Enpresagintza Fakultatera, Finlandia, Italia, Mexiko eta Brasildik. Ikasketei dagokienez, enpresagintza zuzendaritzaren gaineko graduak eta lizentziaturak egingo dituzte ikasleek.