Sections

Skip to content. | Skip to navigation

Home Files Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas15 Nazioarteratzea
Muniversitas15

Nazioarteratzea

‘TEAM MASTERY’ko IKASLEAK BIDASOAKO CAMPUSEAN


Finlandiako Team Academy-ren metodologia gurera egokitu eta Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza izeneko gradua jarri zuen abian Mondragon Unibertsitateak Bidasoako Campusean, LEIN izenarekin ezagutzen dena. Lau urteko titulu ofiziala da, Bolognara egokitua eta Espainiar estatuan metodologia finlandiarrarekin ikasteko dagoen aukera bakarra

Mondragon Unibertsitateak Team Academyren sarearen barruan, Mondragon Team Academy sortu du, eta bertan LEINN gradua eskaintzeaz gainera, Team Mastery programetan parte hartzeko aukera eskaintzen du. Hain justu ere, Mastery ikasketak eginda, lider edo Team Academyko coach izateko aukera izanen dute ikasleek.

Ikasketak Europako unibertsitate ezberdinetan egiteko aukera izaten da. Urtean lau eguneko sei saio antolatzen dituzte eta Bidasoako Campusean burutu dutena bigarrena izan da. “Lehenengo saioa Finlandian izan zen, bigarrena Mondragon Team Academyn egin genuen, eta hirugarrena izango da Londresen, han ere martxan jarriko baitute Team Academy. Estrasburgo, Finlandia eta Paris izango dira urteko azken hiru hitzordu eta hiriak”, adierazi digu Liher Pillado, Mondragon Team Academyko coach-ak.

Frantzia , Finlandia , Alemania …
Bidasoako Campusean egin duten lau eguneko saioan Frantzia, Finlandia, Alemania eta Euskal Herriko dozena bat lagunek esku hartu dute. Team Masteryko curriculuma sei modulutan banatzen da, eta MUn egindako saioan lidergoaren xedea, ikuspegia eta balioak aztertu dituzte. “Coach batek nola eskaini behar du formazio hori? Enpresa bultzatzaileek, sortzaileek, nola garatu behar dituzte xedea, ikuspegia eta balioak?”, Liher Pilladok aipatu digunez, galdera horiei erantzuten saiatu dira maiatzean egindako saioan. Beti ere, metodologia finlandiarra aplikatuz, formazio oso praktikoan, lan saio oso emankorrak egin dituzte Team Masterykoek.

Europan barrena egiten dituzten jardunaldietan bi Team coach egoten dira eta gainerakook formazioa jasotzen dugu. “Elkarrekin urtean 20 egun inguru egoten gara, baina lana urte osoan egiten dugu. Moduluen arteko denboran akzio asko egiten ditugu, eta moduluetan ikasitakoa praktikan jartzen dugu”.

Team Academy
Metodologia finlandiarrak proposatzen duen lan dinamikak ez du zerikusirik ikasketa prozesu klasikoarekin. “Ikasleek protagonismo berezia hartzen dute, lan taldean aritzen dira, enpresak sortzen dituzte, eta era oso praktikoan garatzen dute euren ikasketa prozesua”, gaineratu du Pilladok.

Gaur egun, 25 ikasle ari dira LEINN ikasketak egiten Mondragon Team Academyn, bi taldetan banatuta. “Taldekako lana bultzatzen dugu. Enpresa da erreminta bat bizitza errealaren inguruan ikasteko, eta hortaz eskolak ez dituzte jasotzen, baina proiektuak garatu behar dituzte, enpresak sortu behar dituzte”. Gainera, liburutegia ere badute eta ikasleek liburu asko irakurri behar izaten dituzte. “Garrantzitsua da taldeko lana, eta lau hilero ebaluazioak egiten ditugu. Ebaluazio horiek gainditzeko talde bakoitzak liburu kopuru bat irakurria izan behar du, talde bakoitzak osatu duen enpresak fakturazio kopuru bat eduki behar du, eta bezeroen gogobetetasun maila altua izan behar da”. Finean, Team Academyren eskaintza erabat berritzailea eta arrakastatsua da Liher Pilladoren esanetan.