Iritzia
ENPRESA OSASUNGARRIAK: ERAKUNDEAK BEREIZTEKO BESTE MODU BAT
Enpresek XXI. mendehonetan duten erronken artean, bat erakunde osasungarria bihurtzea da. Kontzeptua gure artean nahiko berria den arren, beste herrialde batzuetan (EE.BBetan edo Europa iparraldeko zenbait herrialdetan) dexente garatua dago.
Enpresetan beti hitz egin izan da pertsonek duten garrantziaz. Pertsona kokatu izan da enpresaren erdigunean eta beti entzun izan dugu erakunde batek duen garrantzitsuena pertsona dela. Arrazoibide honi jarraituz, zentzuzkoa litzateke pentsatzea erakunde batek enpresa osasungarria gura badu, pertsona osasungarriak beharko dituela. Baina zeintzuk dira enpresa osasungarria kontzeptuari gaur egun erantsiko genizkiokeen balioak?
Bizitza laborala eta pribatua bateragarri egiteko neurriak hartzea, ordutegi malguak ahalbidetzea, lan-inguru osasungarriak sustatzea, adimen handiko pertsonak atxikitzea, enpresarekiko langilearen konpromisoa suspertzea dira, besteak beste, enpresa eta osasuna lotzen dituzten hari muturrak.
Jakin badakigu enpresa baten funtsa irabaziak sortzea dela, etorkizunari aurreratzea, lidergoa bilatzea. Baina erakundeen gibelean pertsonak daude, enpresak langileek gidatzen dituzte. Azken finean, langileengan ardura jartzen bada, pertsona intelektualki aberatsak eta emozionalki beteak lortzen badira, enpresarekiko harrotasuna pizten bada, ekinez osasuna aldarrikatzen bada... erakunde osasungarri baten osagaiak bertan genituzke.
Erakundearekin konpromisoa hartuko duten pertsonak beharko ditugu, duten ezagutza zabaltzeko gertu daudenak, egoera fisiko zein psikologiko onenean egongo direnak; izan ere, langilearen eta enpresaren mundua bakarra da, pertsonen mundua, alegia.
Badauzkagu bada, erakunde osasungarria kontzeptuak bere gain hartzen dituen ezaugarri nagusiak; langile ongizatea aintzat hartuz, pertsonaren garapena suspertuz, bizi-ohitura osasungarrietan trebakuntza eginez eta ingurumena errespetatuz eskuratuko genuke enpresa osasungarriaren aitortza.
Hau guztia pentsaezina zen urte batzuk atzera (eta gaur egun ere baliteke erakunde askorentzat horrela izatea), baina bizi garen sasoian enpresentzat ezinbestekoa da bereizgarritasun eta hobekuntza aukerak bilatzea, ez bakarrik iraun eragiteko, baita garapen bidean sakontzeko ere. Erronka onartzeko prest?

