MU Kirol Zerbitzua
UDAN OPOR AKTIBOAK IZAN, KIROLA EGINEZ
Ikasturte garai hauetan, ikasle zein langileek gure asmoak bitan banatuta dauzkagu. Batetik, egin behar diren azterketak, lanak, itxierak; eta bestetik, hain desiratuak diren oporraldiaK has gaitezen Bada, planifikatzen.
Oporrak prestatzen ari diren askok opor aktiboen aldeko aukeraketa egiten dute, lagunekin edo bakarka, jendea eta herriak ezagutzeko aukera ematen dutelako, alajaina. Opor mota hauetan geroz eta aukera gehiago daukagu, zenbait enpresa edo lurraldek (Nafarroa, Pirinioak, Picos de Europa, Andorra, Tarifa…) turismo aktiboarekin bat egin dutelako, eskura duten opor eskaintza zabalduz. Gainera, batzuk turismo mota honetan espezializatzen hasi dira, eta beraien eskaintzak batez ere abenturazko kirolak edo ur kirolak dira.
Mota honetako zenbait aukera ekarri ditugu lerrootara. Abentura kirolak, esaterako. Pirineo eta Picos de Europa inguruan jarduera hau lantzen duen turismo eskaintza handia dago: arroila jaitsierak, rafting, hydrospeed, eskalada, zeharkaldiak, puentinga…. Gaitera, Aragoien kokatua dagoen Guarako parke naturala Europako tokirik aproposenetakoa da arroila jaitsierak egiteko. Ur kirolek ere garrantzia dute. Tarifa eta Kanarietan jarduera hauetara bideratutako turismo asko dago, eskaintza eta aukera guztiekin; surf, kite surf, wind surf, uretako motorrak… Urpekaritza egiteko ere Kataluniako eta Balear eta Kanariar irletako itsasoa oso aproposa da. Bestalde, badira zeharkaldiak oinarri dituzten opor edo bidaiak ere. Gazteek oso gustuko dituzten bidaiak izaten dira hauek, hala nola Santiago bidea, Zilar bidea (Ruta de la Plata), Pirinioen Zeharkaldia (Transpirenaica), Carros De Foc eta beste batzuk.
Kasu gehienetan ondo antolatuta egoten dira, eta azpiegiturak geroz eta hobeak izan ohi dira, bidaiarien erosotasunerako.
Gomendioak
Hala ere, halako oporrak egitea buruan baduzue, kontuan hartu jarraian emango dizkizuegun gomendioak: edozein jarduera egitekotan, ingurua eta jarduera ezagutzen duen jendearekin egin; esfortzu fisikoa eskatzen duen jarduera eguerdi aldean egitea ekidin, eguneko ordu beroenak atsedenerako erabili; hidratazioa eta elikadura zaindu, ura egarria sentitu aurretik edan eta egunean fruta asko jateko ohitura hartu; ziurtatu egoera onean dagoen materiala darabilzuela, txirrindua, oinetakoak, surf taulak edo dena direnak direla…; eguzki eta berotik babesteko,txapela, betaurrekoak eta eguzkitako krema erabili… Era honetako oporrak antolatzeko asmotan bazabiltza, kirol zerbitzura gerturatu, eta bertan izango gara laguntzeko prest. Animatu oporraldi aktiboa izatera!

