Euskara
EUSKAL ADMINISTRAZIOKO LANGILEEN EUSKALDUNTZEA LANTZEN
Badira hogei bat urte HUHEZI hasi zenetik 4. hizkuntz eskakizuna prestatzeko ikastaroak eskaintzen. Ikastaro horiek eskaintzen zaizkie funtzio publikoan diharduten euskal administrazioko langileei. Aurten, gainera, ikastaroak eskaini ez ezik, liburua prestatu eta argitaratu dute
Euskal administrazioko langileak euskalduntzeko lana lehiaketara atera ohi du Jaurlaritzak eta azken 20 urteotan HUHEZIk irabazi izan du lehiaketa hori. Hain zuzen ere, funtzio publikoan diharduten langileen 4. hizkuntz eskakizuna bermatzea da HUHEZIren lana, IVAPekin lankidetzan. Gaur egun bi eskola modalitate ematen ditu HUHEZIk 4. hizkuntza eskakizunaren barruan: aurrez aurreko saioak, batez ere hiribuetan; hala ere, eskualderen batean taldea osatzeko beste ikasle izanez gero, herri batzuetan ere antolatzen dira. Eta bada beste modalitate bat, azken bost urteotan eskaini dena, Internet bidez. Hainbat plataforma erabili izan dituzte, eta gaur egun Mudle-ren bidez ari dira lanean. HUHEZIk plataforma horretan txertatu du prestatutako ikastaroa, goitik behera diseinatuta, eta egunero aurrez aurreko eskoletara etorri ezin direnei eskaintzen die.
200 BAT IKASLE, IKASTURTERO
Laugarren hizkuntza eskakizuneko ikasle guztiak administrazio publikoko langileak dira. Jaurlaritzak badu euskalduntze zerbitzua, HABE. Baina IVAPek bere gain dauka langile publikoen edo funtzio publikoan diharduten langileen euskalduntzea. Zerbitzu horren bezeroak dira arlo publikoan dabiltzan langileak. Urtero 15 bat talde izaten dira, eta bakoitzean 12-15 ikasle egoten dira. Batez beste urtero 180-200 ikasle bueltan izaten dituzte.
EUROPARA EGOKITUTA
Programa asko aldatu da azken 20 urteotan. Ezerezetik abiatuta bide handia egin dute. Hizkuntzen esparruan aldaketa handiak egon dira Europan eta HUHEZIk eta IVAPek Europako erreferentzia markoa hartzen dute oinarri; C-2 maila da 4. hizkuntza eskakizuna. Horrek zehazten du trebetasunez trebetasun eta konpetentziaz konpetentzia ikasleak zer eskuratu behar duen; eta HUHEZIk bere metodologia horretara egokitu behar izaten du.
LIBURUA ARGITARATU BERRI
IVAPek eta HUHEZIk aurten liburu bat argitaratu dute, “Administrazioko testugintzan sakontzeko ikastaroa” eta berorrek irakaskuntza franko ditu. Lana HUHEZIko hiru irakasleren artean egin dute: Idurre Alonso, Eneritz Garro eta Asier Irizar. Ikuspegi eraikitzailetik eta autoezagutzatik abiatu dira liburu hori egiteko. Hainbat testu, lantegi, argibide eta ariketategi bat aurki daitezke bertan. Horrez gain, entzumena lantzeko CD bat ere dakar liburuak. CDa egiteko HUHEZIko beste irakasle batzuen laguntza izan dute: Jon Sarasua, Joseba Azkarraga, Iñaki Larrea, Jose Angel Aldai eta Andres Gostin, hain zuzen ere.
Liburua salgai dago dagoeneko. IVAPek berak saltzen du, eta liburudendetan ere aurki daiteke. HUHEZIk laugarren hizkuntza eskakizunari ezarritako berrikuntzak orain arte metodologikoak eta arlo teknologikoaren alorrekoak izan dira. Eta liburu hau beste berrikuntza bat bezala ulertu behar da; beste erreminta bat, hain zuzen ere.

