Sections

Skip to content. | Skip to navigation

Home Files Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas15 Erakundeak
Muniversitas15

Erakundeak

“Ikasleek gehien nabarmentzen dutena da enpresan lanean asko ikasten dutela”


Alecopen lan-ikaste partekatzea programaren bitartez, hainbat ikasle Fagorreko negozioetan lanean aritzen dira. Ikasleek esperientzia hartu, ikasi eta dirua irabazten dute; eta Fagorrek proiektu zehatzetarako langileak eta lan poltsa hartzen du

Giza baliabideetako zuzendaria da Mila Loidi Fagor Etxetresna Elektrikotako Hotzaren Negozioan eta berak ondo baino hobeto ezagutzen du Alecopekin lankidetzan MUko hainbat ikasle Fagorreko enpresetan lanean jartzeko duten programa. Berak eman dizkigu azalpenak.

Zenbat denboraz egoten dira enpresan lanean?
Alecopek antolatutako sisteman, alternantzian, ikasleetako asko lehenengo mailatik bukatu artean egoten dira. Hobetoen egokitzen direnak dira, enpresaren eta lanaren nondik-norakoak ikasteko denbora luzea behar delako, eta etekin handia hartzen dute. Gainera, luzaroan egonda, gusturago egoten dira. Bestalde, Goi mailako zikloetan derrigorrezko praktikak izaten dituzte eta horrek egun osoz hiru hilabetetan egiten dituzte praktikak.

Zenbat jende izaten duzue urtero?
Fagor Elektratresnatan 10-12 bat. Lehen gehiago apuntatzen ziren. Azken urteetan nabaritu da etxeetan dirua zegoela, eta gutxiago izan dira. Baina, krisiaren ondorioz-edo, orain interesatuak gehitu egin dira. Bestalde, gaur egun oso mugatuta gaude enpresatik kontratazioak egiteko. Alecopetik datorrenak, finkotasuna ez dauka baina ikasteko bide oso interesgarria da. Gainera, esperientzia oso kontuan hartzen da.

Fagorri zer onura ekartzen dizkio?
Fagorri, handia. Une honetan lantalde finko handia ezin dugu eduki, eta behar gehiago baditugu edo proiektu batzuetarako aditu gehiago behar badira, ikasleek betetzen dute behar hori. Gainera, gerorako lan-poltsan ere sartzen ditugu. Oso kontuan hartzen dugu beraiei lanean ikusitakoa; are gehiago, dagoeneko oinarri bat dutelako.

Eta ikasleei, zer onura ematen die ikasi eta lan egiteak?
Teoriatik praktikara pasatzen dira, eta ikusten dute zer konpetentzia komeni zaien sakontzea. Nik uste, ikasleak heldu egiten direla. Eskola eskola da, eta hemen beste balio asko ikasten dituzte: diziplina, ahalegina, taldean lan egitea, harremanak, tentsio-egoeretan nola lan egin, lana nola banatu, bileretan egon, aurkezpenak.. Alecopek kooperatibista egiten ditu eta dirutxo bat ere irabazten dute. Gainera, leku guztietan esperientzia eskatzen dute, eta lehenengo lana lortzea oso zaila da.

Zer baldintza behar da hemen sartzeko?
Ikasten egotea, eta Alecopera joan eta apuntatzea. Kontratua Alecopekin egiten dute, ez gurekin, baina gure enpresan ederto integratzen dira. Guk beharra dugunean Alecopera deitzen dugu, proiektu mota baterako lana dugula esanez. Alecopek profil hori duten pertsona batzuk bidaltzen dizkigu eta gero guk haiei elkarrizketa egiten diegu, behar duguna aukeratzeko. Eta etortzen direnak pozik egoten dira. Esperientzia bat da, dirutxo bat, gure lan poltsan sartzen dira… Nabarmentzekoa da asko ikasten dutela.