Sections

Skip to content. | Skip to navigation

Home Files Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas14 Teknologia berriak
Muniversitas14

Teknologia berriak

ETENGABEKO IKASKUNTZA BULTZATZEKO HELBURUAREKIN SORTU DA MU ON LINE

DEBAGOIENEKO HIRU FAKULTATEEK ELKARLANEAN ABIARAZITAKO EGITASMOA DA MU ON LINE. PROIEKTU BAT MONDRAGON UNIBERTSITATE OSORAKO.  HELBURU GARRANTZITSUENA DA ETENGABEKO IKASKUNTZA ETA IRAKASKUNTZA BULTZATZEA. ERA BEREAN, PERTSONEN INTERES ETA BALDINTZEI ERANTZUNGO DIE

Gizarte eskaera berri bati erantzuten dio MU on line proiektuak. Egitasmoaren jatorria dago 2008- 2012 plan estrategikorako egin zen hausnarketan. Orduan ikusi zen MU  zegoela begira batez ere graduko ikasketei eta ikasle gazteei. Hau da, eskaintza presentzialera bideratuta zegoela MUren eskaintza. Horregatik identifikatu ziren on  line ikasketak. Gainera, “aro digitalak” eskaintzen dituen aukera berrietara moldatzea estrategikoa da.

SORRERA 2008AN
2008-2009 ikasturtean jarri zen abian proiektua. MUko proiektua izanik, egitasmoari hasierako bultzada emateko, hiru fakultateen artean lan-talde bat osatu zen. Merkatu  azterketa burutu, eredu pedagogikoa eta teknologikoa garatu, on line eskainiko diren esperientzia pilotuak identifikatu, behar tekniko eta akademikoak identifikatu, eta  beste zenbait lan egin ziren. Lanok garatu eta proiektuak kudeatzeko Edurne Galindez Nafarrate izendatu berri dute MU on line proiektuaren koordinatzaile.

ESPERIENTZIA PILOTUAK
Ikasturte honetan eta hurrengoan hiru esperientzia pilotu eskainiko dira. Goi Eskola Politeknikoan 2010eko martxoan hasiko da Industria Antolaketako Ingeniaritza Gradua. Gaztelaniaz eskainiko da on line, baina erdipresentziala izango da. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean ECOMU Masterra (Master Universitario en  Educación en Contextos Multiculturales y Plurilingües) eskainiko da 2010eko irailetik aurrera. Bi hizkuntzatan eskainiko da masterra, euskaraz eta gaztelaniaz,
eta guztiz on line izango da. Enpresagintza Fakultatean, berriz, Master Oficial en Gestión de Empresas Cooperativas eskainiko da, baita 2010eko irailetik aurrera.

PROIEKTUAREN HELBURUAK
Hainbat dira proiektuaren helburuak, baina garrantzitsuena da MUko campusetara hurbiltzeko zailtasunak dituzten pertsonei ikasketak garatzeko aukera eskaintzea;
ordutegia, erritmoa, intentsitatea eta lan egiteko tokia aukeratu ditzan. Zehatzago, ikasleari ikasketak eta lana aldi berean garatzeko aukera ematea eta lanean
dauden pertsonak bere ikasketak sakontzen jarraitzea ahalbidetzen ditu MU on linek. Mondragon Unibertsitateko on line egitasmoan ikaslea izango da bere
ikaskuntza prozesuaren ardatza, eta jarduerek ikaslearen erabakitzeko aukera bermatuko dute. Hortaz, ikaskuntza autonomorako (denboraren kudeaketa, informazioaren
bilaketa, antolaketa, auto-erregulazioa…) konpetentziak garatuko ditu ikasleak bere ikaskuntza prozesua aurrera eramateko. Irakasle-tutorea beste irakasle eta profesional batzuekin elkarlanean arituko da (eduki eta materien prestaketa, multimedia eta kudeaketa) kalitatezko irakaskuntza bat antolatzeko. Eredu horren zerbitzura egongo den Eredu Teknologiko berri bat definitu, garatu eta aurrera eramatea da bigarren azpi-helburua. Eredu hau malgua eta irekia izango da eta IKT berriak gehitzea
baimenduko du. Hiru fakultateetan ezaguna den Moodle plataforma erabiliko da, eta on line ikasle eta irakasleen arteko komunikazioa erraztuko duen “bideo konferentzia” aukerak ere gaineratuko zaizkio. Egitasmoaren beste azpi-helburu batzuk edukiak sortu eta kudeatzeko prozesua diseinatu eta garatzea, komunikazio eta kaptazio planak diseinatzea, idazkaritza akademikoa egokitzea eta irakasleen formazioa garatzea dira.