Atalak

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hasiera Files Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas14 Elkarrizketa

Elkarrizketa

AMAIA AIZPURU: “ENPRESAGINTZA HITZAK HOBETO DEFINITZEN DU GURE NORTASUNA”

MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN OÑATIKO FAKULTATEAK IZENA ESTREINATU DU. SORRERAN ETEO IZAN ZEN, AZKEN URTEOTAN ENPRESA ZIENTZIEN  FAKULTATEA IZAN DA, ETA AURRERANTZEAN ENPRESAGINTZA FAKULTATEA IZANGO DA. AMAIA AIZPURU AZPEITIARRA DA FAKULTATEKO MARKETIN ETA  KOMUNIKAZIO KOORDINATZAILEA

Izen berria gizarteratzeko komunikazio estrategia zehatza planifikatu du Enpresagintza Fakultateak, eta ETEOren sorreraren 50.urteurreneko ekitaldiak baliatuko ditu izen  eta irudi berria hedatzeko.

ETEO sortu zela 50 urte igaro ondoren, izenez aldatzea erabaki duzue, zergatik?
Gure kooperatiba jaio zen 1960 inguruan. Hasieran ikasketa teknikoak eta profesionalak eskaintzen zituen, eta ordutik hona asko aldatu da. Geroago, Mondragon  Unibertsitatearen partaide bihurtu ginen, MUko fakultate izatera igaroz, eta Bidasoako Campusa ere sortu genuen. Azken urteotan Enpresa Zientzien Fakultatea izan gara,  baina izen horrek ere muga ugari sortzen zizkigun; gainera aldaketa sakonak izan ditugu arlo guztietan. Horrexegatik aldatu dugu, beti ere aurrera begira gaudelako eta  aurrerantzean Enpresagintza fakultatea izango gara.

Zergatik Enpresagintza?
Bi hitz elkartuz sortu dugu izen berria, enpresa eta ekintza. Bi hitzek lotura estua dute gure aktibitatearekin. Enpresa dago lotuta aktibitate industrialarekin eta  zerbitzuekin. Eta egintza edo ekintza hitzak zerikusia du iniziatibarekin, aktibitatearekin, dinamismoarekin, aldakorra den zerbaitekin. Egoera berrietara egokitzeko  gaitasuna dugu eta industria eremuan sortzen diren berrikuntzetara oso ondo moldatzen gara. Enpresa lotzen dugu berrikuntzarekin eta horrexegatik guztiagatik uste  dugu enpresagintza hitzak hobeto definitzen gaituela.

Marketin eta komunikazio ikuspegitik, izen berriarekin salto kualitatiboa egin nahi duzue.
Gainerako unibertsitateetatik bereiztu behar gara. Aldaketarekin aldendu nahi gara enpresa zientzien ikasketa ohikoen izendapen tradizionaletik, askoz ere kontzeptu  zabalago batera jauzia eginez. Ekintzailetasuna, talde lana eta etorkizuneko proiektuen aldeko apustua eginez. Mondragon Unibertsitatearen irakasle ereduaren berezko baloreak gureganatuz. Hori ere naming-ean islatu nahi izan dugu.

Erantzuten dio marka berriak etorkizuneko proiektuari?
Etorkizuneko proiektu guztiak Enpresagintza Fakultatean amesten ditugu. Horrek ez du esan nahi aurrekoa ahazten dugunik, 50 urteko esperientzia dugu, ikasle eta  irakasle asko igaro dira hemendik eta asko ikasi dugu. Horrexegatik indarrez erakutsi behar dugu nora goazen. Une estrategikoan gaude, izan ere instalazio berriak  estreinatuko ditugu Ibarran. Nolabait, aldaketa guztia hobeto eta errazago irudikatuko dugu, ilusio berriekin eta izen berriarekin. Eten bat egingo dugu, eta asmatu  dugulakoan gaude.

Nola gizarteratuko duzue?
50. urteurreneko zigilua erabiliko dugu, lelo berezi batekin azaltzeko izenaren aldaketa. Zigiluak urre kolorea du, urrezko ezteiak irudikatuz. Era berean, hatz marka bat  ere badu, gure nortasuna islatzeko. Hala ere, izen berria gizarteratzeko komunikazio estrategia berezia jarri dugu abian. Oñati, Debagoiena eta Euskal Herrira hedatuko  dugu. Besteak beste, Kursaalen egingo dugu ekitaldi berezi bat, Bidasoan eta Oñatin jardunaldiak egingo ditugu, Euskadi Irratian saio bat egingo dugu… eta horietan guztietan Enpresagintza Fakultatearen izena gizarteratzen ahaleginduko gara.

Komunikazio erremintak ere erabiliko dituzue zuen izen berria hedatzeko.
Ohiko medioak erabiliko ditugu, baina baita 2.0 komunikazio korporatiboa ere. Gaur egun fakultate sozialagoa eta partehartzaileagoa bilakatu nahi dugu, horretarako  hainbat estrategia erabiliz; web sozialaren gaineko seminarioak, youtube kanalak, edukien sindikazioa, mikroblogginga eta wikiak erabiliko ditugu 2.0 fakultatea lortzeko,  non gutxinaka gure zerbitzuetan, administrazioan, liburutegian, barne eta kanpo komunikazioan sofware soziala sartzen joango garen. Helburua beti izango da ezagutza eta partekatzea eta erabiltzaileen inplikazioa lortzea.

Zein da Enpresagintza Fakultatearen kokapena Mondragon Taldean?
Mondragon Taldearen barruan egotea guretzat abantaila handia da. Enpresarekin lotura duen fakultatea garela antzematen du gizarteak. Posizionamendu hori oso egokia  da. Orain, Mondragon Taldeko gestio arloko ikerketa zentroa, MIK, Enpresagintzako ikerketa espazio bihurtuko da. Euskadiko gestio arloko ikerketa zentro handiena bilakatuz.

Gainerako Unibertsitateekin alderatuta, (Deustu, Nafarroa, EHU…) nola dago posizionatuta zuen fakultatea?
Gure abantaila da aldakorragoak garela, hobeto egokitzen garela berrikuntzetara, Bolognara, metodologia berrietara...hori guztia islatu behar dugu. Azken finean, enpresa  mundua ulertzeko modu desberdin bat dugula, berrikuntza eta partehartzean oinarrituta.