Bizitza Unibersitarioa
MUITTU, IKASGELATIK KANPOKO BIZITZA UNIBERTSITARIOA INDARTZEKO
GOI ESKOLA POLITEKNIKOAN KULTURA, KIROLA ETA BESTE EKIMEN ASKO EGITEN DIRA. BITERI IKASTETXE NAGUSIA IZAN DA BULTZATZAILE NAGUSIA, BAINA MU-KO KIROL ZERBITZUAK, KULTURA BEKADUNAK ETA IKASLEEN KONTSEILU SOZIALAK ERE HAINBAT ANTOLATZEN DITUZTE. MUITTUK GUZTIAK BATZEN DITU
Goi Eskola Politeknikoan eta orokorrean MUn ikasle asko ibiltzen dira hara eta hona egunerokoan, baina bada ekimenik ikasgeletatik kanpo? Hori da askok duten kezka, eta Goi Eskolako hainbat eragilek urteak daramatzate horri erantzuna ematen. Biteri ikastetxe nagusia, Kultura bekaduna, kirol eta osasun zerbitzua eta ikasleen kontseilu soziala dira bakoitza bere kabuz ekimenak bultzatzen ibiltzen direnak. Eta guztien helburua bera da: ikasgelaz kanpoko bizitza unibertsitarioa suspertzea, formazio kutsua emanez.
Bada, 2009ko irailean, ekimen horiek guztiak batu eta koordinatuko dituen ekimena hastea erabaki zuten: MUittu. Asmoa da eragile guztien aurrekontuak hobeto kudeatu, aktibitateak baliabide eta denborari dagokionez hobeto kudeatu eta indarrak metatu. Horrez gain, baina, eragile bakoitzak bere autonomia izango du erabakiak hartzeko.
MU OSORA HELTZEA
Irailean sortu eta urrian jendaurrean aurkeztu zuten MUittu plataforma, Pou anaiekin antolatutako hitzaldiarekin. Hala, astelehenero batzartzen dira MUittuko koordinatzaile Mikel Aranburu, Biteri ikastetxe nagusiko dinamizatzaile Iñaki Aranburu, Kultura bekadun eta aldi berean ikasleen kontseilu sozialeko idazkari den Pablo Sal eta kirol eta osasun zerbitzuko kide Gorka Martinez de la Hidalga. Eragile bakoitzak dituen asmoak elkarri ezagutzera eman eta ekimen bateratuak aztertzen dituzte, besteak beste. Bestalde, Goi Eskola Politeknikoko, Enpresagintza Fakultateko eta HUHEZIko arduradunek begi oso onez ikusi dute ekimena; eta jakitera eman dute kulturarekin eta aisialdiarekin lotuta bestelako ekimenik egiteko asmoa badute, MUitturekin harremanetan jarriko direla. Azken finean, hori da MUitturen asmoa, MU osora heltzea.
BITERI IKASTETXEA, MOTORRA
Orain arte kirol eta osasun zerbitzua eta Biteri ikastetxe nagusia izan dira ekimen gehien antolatu dituztenak. Ikastetxe nagusian, esaterako, urtero hainbat hitzaldi eta ikastaro egiten dituzte. Horien artean, badira mota askotakoak: argazkilaritza, zeinu hizkuntza, kiromasajea, bertsoak, ahozko komunikazioa, yoga… Horrez gain, ikastetxeko sotoan bi musika taldek eta perkusioa egiten duten gazte batzuek ere entseatzen dute.
Urtean zehar ere izaten dira bestelakoak: ikasturte hasieran, adibidez, mendi irteerak, Alecopera eta Fagorrera bisitak eta beste egiten dituzte. “Hasieran guk antolatzen ditugu ekimenak; horren ostean, zer egin dezaketen azaltzen diegu, beraiek ideiak proposatu eta aurrera ateratzeko lana egin dezaten”, azaldu zigun Mikel Aranburuk MUittu koordinatzaileak.
Ekimenek erantzuna izaten dute, baina MUittuko arduradunek nahi dute ikasleek iniziatiba handiagoa hartzea. “Bide batez, dibertitzeaz gain, komunikatzen, talde lanean, erabakiak hartzen eta arazoak saihesten ikas dezakete; eta hori oso garrantzitsua da”.
