Euskara
INGENIARITZA IKASKETAK. KARRERA AMAIERAKO PROIEKTUA EUSKARAZ, ZAILTASUNEI AURRE EGINEZ
KARRERA AMAIERAKO PROIEKTUA EUSKARAZ EGITEA EZ DA LAN MAKALA MU-KO INGENIARITZA IKASLEENTZAT. IZAN ERE, MATERIAL BIBLIOGRAFIKO GEHIENA GAZTELERAZ DAGO, ETA ITZULPENAK EKIDITEKO, ITURRIEN JATORRIKO HIZKUNTZAN EGITEA DA OHIKOENA. ANE BALENTZIAGAK, ORDEA, AURRE EGIN DIE ZAILTASUNEI ETA EUSKARAZ AURKEZTU DU PROIEKTUA
Pasa den azarotik, Fagor Etxetresna Elektrikoen Egosketa sailean ari da Ane Balentziaga getariarra Karrera Amaierako Proiektua egiten. Industria diseinuko ingeniaritza teknikoa ikasi ostean, birziklapena aukeratu du bere proiektuaren ardatz. Irailaren 21ean aurkeztu zuen lana, eta euskaraz gainera.
Proiektua euskaraz egitea oztopo bat da ingeniaritza ikasle askorentzat, iturri guztiak gazteleraz eta ingelesez baitaude. Aneren iritziz, “gehiengoak gaztelera aukeratu ohi du, testu dezente itzuli behar baita. Ikasleek uste dute proiektua euskaraz eginez gero, lan gehiago egin beharko dutela”.
Balentziagak, ordea, euskaraz egiteko apustua egin zuen hasiera hasieratik.“Ez zitzaidan bururatu ere egin gazteleraz egitea. Ez dut arazorik gazteleraz idazteko, baina hitz egiterakoan askoz hobeto moldatzen naiz euskaraz. Niretzat gazteleraz egitea litzateke zaila”. Horren haritik, Mondragon Unibertsitateak proiektua euskaraz egitera bultzatzen ditu ikasleak. “Proiektuak aurkeztu zizkigutenean euskaraz egitera animatu gintuzten”, adierazi du Anek.
Gaurkotasun handiko gai bat aukeratu du Anek Karrera proiektua egiteko, birziklapenaren arloa. “Erabiltzaileei zaborra sailkatzen lagunduko dien hormako etxetresna baten kontzeptua landu dut”. Helburua litzateke produktuak sailkatzea eta zaborraren bolumena txikitzea, hau da, erabiltzaileak edukiontzira ahalik eta gutxien joatea ahal dela. Hasierako xedea aparatuaren diseinua egitea bazen ere, azkenean kontzeptua lantzera mugatu da, “denbora aldetik zailtasunak izan ditut eta larri ibili naiz”, adierazi du.
Itzulpenak egiterakoan, hiztegiaren aldetik aurkitu ditu Anek oztoporik handienak, birziklapenaren inguruko hitz tekniko ugari erabili ditu eta. Hala ere, zalantzak argitzerakoan oso baliagarria egin zaio enpresan bertan sortu zuten hiztegira jotzea.
Anek argi dauka proiektua euskaraz egiteak ez diola lan gehigarririk eragin, beraz, mezu argia bidali nahi die ikasleei, anima daitezela euskaraz egiten. Izan ere, berak dioen moduan, “proiektuak euskaraz egiten animatzen bagara, gero eta ohikoagoa izango da euskarazko iturriak aurkitzea”.
