Erakundeak
LANA, IKASLEAREN PRESTAKUNTZARAKO OSAGARRIA
IKASLE ASKOK, IKASKETA PROZESUAK IRAUTEN DUEN BITARTEAN, LAN EGITEN DUTE PRESTAKUNTZARAKO OSAGARRIA DELAKO. SOLDATA IRABAZTEAZ GAINERA, PRESTAKUNTZA ERE JASOTZEN DUTE LAN-ESPERIENTZIAREN BITARTEZ, LAN EGITEN GARATZEN BAITIRA KONPETENTZIA OROKORRAK
Horietako ikasle bat dugu Izaskun Ojanguren. HUHEZIko fakultatean ikasten ari da, irakasle ikasketetako hirugarren urtea, Haur Hezkuntza espezialitatean, eta aldi berean Alecopen lan egiten ari da, lau ordu egunero. Izaskunekin hitz egiteko aukera izan dugu.
Noiz hasi zinen lanean eta zergatik?
Orain dela urte bat eta hiru hilabete hasi nintzen Alecopen lanean, HUHEZIn ikasketak egiten ari naizen bitartean, diru apur bat irabazteko aukera ona dela ikusten bainuen.
Zeintzuk dira Alecopen dituzun eginkizunak?
Komertzial saileko administrazioko laguntzaile bezala egiten dut lan. Nire eginkizunak nahiko entretenigarriak direla esan dezaket, gauza asko egiten baititut. Alde batetik, eskaerak sartu eta fakturatzen ditut; bestetik, telefonoz egiten diren erreklamazioei erantzuten diet. Eginkizun entretenigarriak dira, eta denbora segituan pasatzen zait.
Zeintzuk dira zure lanetik gehien baloratzen dituzun gauzak?
Gehien baloratzen dudana pertsonekin ditudan harremanak dira, nire lankideekin zein hemendik kanpora dagoen jendearekin dudan erlazioa. Gainera, beraiek laguntzen didate lana ahalik eta ondoen betetzen. Era berean, esan dezaket lan egiten dudan departamentuan oso giro ona dagoela eta horrek ere asko laguntzen duela. Izan ere, talde bezala funtzionatzen dugu.
Alecopen dituzun eginkizunak zure ikasketekin zerikusia handirik ez badute ere, zure prestakuntzarako elementu osagarriak edota baliagarriak ikusten dituzu?
Harremanen ikuspegitik esan dezaket, asko ikasi dudala egunero jendearekin harremanetan nago-eta. Enpresetan askotariko harremanak daude eta jakin behar duzu nola moldatu guztietara, komunikatzeko era aldatzen baita egoera batetik bestera. Lan egitea normalean inoren gustukoa ez den arren, esan dezaket nire kasuan oso aberatsa izan dela. Gauza berri asko ikasi ditut, eta aukera izan dut, esperientzia desberdinak bizitzeko ikastetxean ikasten ez direnak.
