Proiektuak
BASQUE CULINARY CENTER. SUKALDARITZA ETA JAKINTZA, BAT EGINIK
ABIAN DA MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN BASQUE CULINARY CENTER EGITASMO BERRIA. GASTRONOMIA ZIENTZIEN FAKULTATEA ETA IKERKETA ETA BERRIKUNTZA ZENTROA IZANGO DIRA PROIEKTU HONEN ZUTABEAK. LEHENENGO HAZIA PASA DEN MARTXOAN EREIN ZEN, EGITASMOA EGITURATUKO DUEN FUNDAZIOAREN SORRERAREKIN. FUNDAZIOA IZANGO DA
GOBERNU, ADMINISTRAZIO ETA ORDEZKARITZA ORGANOA.
Basque Culinary Center egitasmo aitzindaria da estatu espainiarrean, eta bigarrena Europan, Italian soilik baitago halako aukera. Hala ere, ez da kasualitatea Euskal Herrian gauzatzea. Joxe Mari Aizega, Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoaren iritziz, “gure kulturan garratzi handia du gastronomiak. Euskal sukaldarien prestigioa, sozietate gastronomikoen indarra eta pintxoak dira horren eredu. Horregatik, euskal sukaldaritzaren munduko errekonozimendua eta jakintza arloa batu nahi ditu Basque Culinary Center-ek”.
IKASKETAK ETA IKERKETAK
Basque Culinary Center-ek bi zutabe nagusi izango ditu: Gastronomia Zientzien Fakultatea eta Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa. Biak gune berean kokatuko dira, Donostiako Miramongo Parke Teknologikoko eraikin berri batean. Zientzia Gastronomikoen Fakultateak eskainiko dituen ikasketak hiru alorretan banatuko dira. Alde batetik, sukaldaritza arloko lau urteko gradu bat eskainiko da, 2011. urtean martxan
jarriko dena. Era berean, gradu ondoko tituluak emango dira, bizpahiru master eskainiz: bata sukaldaritza arloan, beste bat komunikazio eta gastronomiarekin lotuta, eta ikerkuntza arloan azkena. Halaber, formazio iraunkorreko eskaintza malgua egongo da, beharren arabera aldatzen joango dena.
Ikerketa zentroak, bestalde, sei ildo jorratuko ditu: heziketa eta elikadura ohiturak, elikadura mailako gizarte ohiturak, elikadura joerak, berrikuntza sektoreko enpresen kudeaketa, gast ronomiarekin lotutako teknologien garapena eta azkenik, elikagaien prestaketa, aurkezpena
eta kontserbazioa.
HELBURUZ BETERIKO PROIEKTUA
Euskal sukaldaritzaren mundu mailako errekonozimenduari probetxu hartuz, Basque Culinary Center-ek helburu hirukoitza dauka. Oro har, euskal sukaldaritzaren jarraipena bermatu nahi du, sukaldarien eta gastronomoen belaunaldi berria prestatuz. Izan ere, Joxe Mari Aizegaren
iritziz, “egin ditugun diagnostikoen arabera, nabaritu dugu gazteek ez dutela bokazio handiegirik sukaldaritzarekiko”.
BASQUE CULINARY CENTER SUKALDARITZA ETA JAKINTZA, BAT EGINIK
Bestetik, sukaldaritzaren sektorea enpresen munduarekin lotu eta Euskal Herria zientzia gastronomikoen nazioarteko zentro bilakatu nahi dute.
EUSKAL SUKALDARIAK, INSPIRAZIO ITURRI
Proiektu berrian oso garrantzitsua izango da euskal sukaldarien parte hartzea, funtsean beraiek baitira inspirazioa eta esperientzia. Dagoeneko, fundazioaren patronatuko kide dira Juan Mari Arzak, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Karlos Argiñano, Andoni Luis Aduriz,
Hilario Arbelaitz eta Eneko Atxa sukaldariak, Mondragon Unibertsitatearekin batera. Era berean, fundazioan egongo dira proiektua babesten duten erakundeak, hau da, Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa.
