Fakultateak - HUEZI
HUHEZI-KO IKASLEAK NATIBO DIGITALAK DIRA
HUHEZIN GALDEKETA XUME BAT EGIN DA IKUS-ENTZUNEZKO KOMUNIKAZIOA IKASTEN ARI DIREN 1. MAILAKO IKASLEEN ARTEAN, IKUSTEKO ZER HARREMAN DUTEN TEKNOLOGIA DIGITALEKIN. EMAITZEK BAIEZTATU EGIN DUTE BERTAKO IKASLEAK NATIBO DIGITAL PETO-PETOAK DIRELA
Graduko ikasketa guztietan, Huhezi fakultatean, lehen mailako ikasle gehienak 1990ean jaio ziren, Tim Berners-Lee ikertzaile ingelesak sarea asmatu zuenean, alegia World Wide Web delakoa. Beraientzat Internet eguneroko ogia da, eta hazi egin dira amaraunarekin batera. Marc Prensky adituak “natibo digital” izendatu zituen gazte horiek, eta izen horrekin adierazi nahi du pertsona bat hazi dena teknologia digitala erabiltzen, adibidez, ordenagailuak, Internet, eskuko telefonoak eta mp3a.
Jatorriari dagokionez, argi dago Huheziko ikasleak erabat eskutik datozela teknologia digitalarekin, baina zer gertatzen da erabilera kontuan hartuta? Hori jakiteko galdetegi xume bat egin da 1. mailako ikasle batzuekin, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari direnak, eta hauek dira galdeketaren emaitzak:
• Sakelako telefonoa daukate: %100
• Messenger darabilte: %100
• Kontu bat dute Tuentin: %90
• Fotolog bat dute: %63
• Kontu bat dute Facebook-en: %36
• Blog bat daukate: %9
Galdetegi osoagoak eta zabalagoak behar dira ondorio zehatzak ateratzeko, baina adibide gisa balio du, erakusten baitu zenbateraino aldatu den ikaslea azken urteotan. Orain hezitzaileei dagokie hausnartzea zenbateraino dauden gertu natibo digitalei irakasteko, haiek ezagun dituzten baliabideak erabilita.
IKERKETA SUSTATZEKO HITZARMENA ALDUNDIAREKIN
Sorguneak ikertegiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara sailak hitzarmena izenpetu dute bi ikerketa egiteko. Ikerketen izenburuak honako hauek dira: 1. Gipuzkoar eta Euskal Kulturgintzaren estrategia bideratzeko oinarriak. Eta 2. Euskarazko kultur sormenaren egitura-sistema Gipuzkoan: diagnosia eta aurrerabideak. (Alde batetik, Gipuzkoako lurraldean eskualdekako kultura-bizitzaren azterketa kualitatiboa egiteko; eta, bestetik, ekimenen ugaritasunak eragiten duen gain-produkzioa aztertu eta beronek sor dezakeen kolapsoa eta atomizazioak dakarren arriskuaren neurketa ikertzeko).
EUSKARAREN NORMALIZAZIO KASU AURRERATUAK
Soziolinguistika Klusterra argitaratzen hasia da, Huhezi fakultateak zuzenduta, Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak, argitalpen bilduma bat, helburua duena ezagutaraztea euskara planekin abiatu diren erakundeen esperientzia. Proiektua 2007an abiarazi zen, Karmele Perez irakaslearen zuzendaritzapean. Zihara Aranbarri ikasleak, berriz, orain arteko argitalpenak idatzi ditu: Bergarako Udala, Eika, Elay eta Makina Erremintaren Institutua (IHM).
