Ikerkuntza eta euskara
“AERONAUTIKA SEKTOREARI ETA EUSKARARI EGITEN DIZKIO EKARPENAK NIRE TESIAK”
URKO LOPEZ (ZORNOTZA, 1974) ENPRESA ZIENTZIEN FAKULTATEKO IRAKASLEAK BERRIKUNTZAN OINARRITUTAKO TESIA IRAKURRI BERRI DU, EUSKARAZ. ENPRESEK, TEKNOLOGIA ZENTROEK, ERAKUNDEEK ETA UNIBERTSITATEEK BERRIKUNTZARI EGITEN DIZKIOTEN EKARPENAK AZTERTU DITU. BATEZ ERE, AERONAUTIKA SEKTOREAN.
Aeronautika sektorea aztertu duzu berrikuntzaren ikuspegitik. Zein da diagnostikoa EAEn?
Ondorio nagusia da euskal aeronautikak hegazkin ekoizle garrantzitsu bat behar duela. Gaur egun 30etik gora enpresa ari dira sektorean lan egiten Euskal Autonomia Erkidegoan. Airbus, Boeing, Embraer eta Bombardier enpresentzat lanean dihardute, besteak beste, hornitzaile lana egiten. Gaitasuna badago, baina ez dugu produktorerik etxean.
Zer egin daiteke sektorea indartzeko?
Aernova, ITP edo Sener moduko enpresak ditugu erkidegoan eta uste dut sektorea hazi egin daitekeela administrazioaren babes handiagoarekin, unibertsitateen berrikuntza eta ikerketarekin, eta teknologia zentroen ekarpenarekin.
Hizkuntza teknikoa erabili behar izan dut, (...) sarritan bakardadea sentitu dut eta Atxagaren ‘gizona bere bakardadean’ liburuaren izenburua egokitu dut nire egoerara, ‘euskal ikerlaria bere bakardadean’
Gutxi ikertzen al da gurean?
Egia esan, gaur egun aeronautika sektorearen ikerketa asko Madrilen egiten da, nahiz eta CTA zentroa hemen izan. Baliabideak baditugu, ingeniaritza fakultate onak ere baditugu, baita cluster eta zentro teknologikoak ere, baina ez gara gai sektorea guztiz indartzeko.
Tesia egiteko zein metodologia erabili duzu?
Aldizkari eta liburu zientifikoetan eta elkarrizketetan oinarritu dut dokumentazio lan handiena. Enpresa, teknologia zentro, unibertsitate, administrazio eta beste zenbait arlotako pertsonak elkarrizketatu ditut. Oso esperientzia aberatsa izan da eta jasotako informazioa, primerakoa.
Euskaraz egin duzu tesia, zergatik?
Orain arte ikasketa guztiak euskaraz egin ditut eta bihotzak eskatzen zidan tesia euskaraz egiteko. Gainera, beste hizkuntza batzuekin alderatuta, euskaraz ez da asko ikertzen eta alor profesionalean gure hizkuntza indartu behar dela uste dut.
Zeintzuk izan dira aurkitu dituzun mugak?
Hizkuntza teknikoa erabili behar izan dut, eta askotan moldatu behar izan ditut hitz zein esaerak. Sarritan bakardadea sentitu dut eta Atxagaren Gizona bere bakardadean liburuaren izenburua egokitu dut nire egoerara, ‘euskal ikerlaria bere bakardadean’. Hori sentitu dut, baina oso arro nago egindakoaz.
Beraz, bidea irekitzen ari zarete, aitzindaritza lana egiten.
Ez dakit aitzindariak garen, baina gure lanak euskara bultzatzeko balio badu, fenomeno. Azken finean, aeronautika sektoreari eta euskarari egiten dizkio ekarpenak nire tesiak.
