EZF · Enpresa Zientzien Fakultatea
LIDERGO EKINTZAILEA ETA BERRIKUNTZAN GRADUA
TALDE-LANA SUSTATUKO DUEN GRADUA IZANGO DA, ETA HASIERA-HASIERATIK ENPRESA ZEIN BEZEROEN TESTUINGURUAN TXERTATUTA EGONGO DA, IKASLEEK LIDERREN GAITASUNAK BEREGANA DITZATEN.
Lidergo ekintzailean eta berrikuntzan graduatuak euren enpresa sortzeko gai izango dira, eta enpresa- negozio berrien sorreran buru izateko ahalmenak garatuko dituzte. Gaitasun horiek lortzeko bidean erabiliko dituzten metodoak dira: eginez ikastea (learning by doing)eta talde autogestionatuen lana. Horretarako, ikasleek enpresak sortu eta erabiliko dituzte lehenengo egunetik bertatik, eta egiazko bezeroentzat egingo dute lan, benetako proiektuekin.
Gradu berri hau taldean lan egiten duten pertsonentzat bereziki diseinatuta dago; hain justu ere, kultura berriak ezagutu, metodologiak esperimentatu eta atzerrira bidaiatu nahi duten pertsonentzat egokia da.
Guztira lau urteko iraupena du. Hirugarren urtean ikasleek, ezinbestez, espezializazio-eremu bat aukeratu beharko dute: enpresa digitalak, zerbitzu aurreratuak, enpresa sozialak edo biozientziak.
Graduaren hezkuntza eredua trebetasunean eta konpetentzietan dago oinarrituta, ezagutzan eta edukietan bainoago. Eskaintzen duen testuinguru horretan ikasleak rol berria hartuko du, ekintzailea izango baita, taldeko liderra. Era berean, irakaslearen rola ere guztiz berria izango da, taldearen entrenatzaile (coach) lanetan jardungo duen heinean. Gainera, hastapenetik bezero errealekin lan egiteak enpresa ikuspegia eransten dio graduari, ikasketa prozesuaren parte bilakatzen da. Azkenik, Team Academy (Finlandia) sareak nazioartekotasuna
gehitzen dio.
Beren garapen profesionalean, ikasleek ondorengo arloekin bat egingo dute: berrikuntzaren kudeaketa, negozio berrien garapena, taldeen kudeaketa eta proiektuen kudeaketa, besteak beste.
NAZIOARTEKO KUDEAKETAKO IDAZKARITZA GRADUA
KOMUNIKAZIOA, KOORDINAZIOA, JARDUEREN ANTOLAKETA ETA, ORO HAR, KUDEAKETAREKIN ZERIKUSIA DUTEN ESPARRUAK GUSTUKO DITUENAK AUKERA ONA DU IDAZKARITZA GRADU HONETAN.
Enpresako atal guztien kudeaketan eraginkortasunez laguntzen duten profesionalak prestatuko ditu titulazio honek, bai estatuko testuinguruari dagokionez, eta baita nazioarteko testuinguruan ere. Graduatuek, batetik, hizkuntzak eta net-workinga menderatuko dituzte; bestetik, lan inguruaren kudeaketa aurrera eraman eta informazioa trebetasunez erabiltzeko gai izango dira, beti ere teknologia berrienen aplikazioa kontuan hartuta.
Tituluaren curriculuma kultura eta hizkuntza anitzekoa da. Gaitasunak garatzen ditu, teknikoak zein zeharkakoak, eta prestakuntza teknikoa eta balioen eta jarreren gaineko prestakuntza uztartzen ditu. Ikasleek hainbat arlotako jakintzak integratuko dituzte eta, azkenean, ikuspuntu globala lortuko dute, proaktibitatea eta autonomia sustatzen dituen prestakuntza prozesu eraginkor baten bidez. Hori guztia erdiesteko metodologia parte-hartzaileak erabiliko dira, ikasketa prozesua tutorizatuz eta ikasle bakoitzaren etengabeko ebaluazioa eginez.
Ikasleek sei hilabete igaroko dituzte atzerriko unibertsitate batean, eta praktika espezializatuak ere egingo dituzte. Horrekin, nazioarteko profila indartu eta beharrezko lan esperientzia bereganatuko dute.
Konpetentziek, ezagutzek eta esperientziek integrazioa eta ondorengo funtzioak egitea ahalbideratzen dute: koordinazioa, antolaketa, komunikazioa, planifikazioa eta informazioaren kudeaketa, mota eta proiekzio ezberdineko enpresetan.
Laguntza-postuak, hizkuntzak, pertsona arteko komunikazioa, orotariko jardueren antolaketa eta informazioaren kudeaketa gustuko dutenei dago zuzenduta.
