Atalak

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Erakundeak

ALECOP. INGURUNEKO DINAMIKAN MURGILDUTA

ALECOP-EK PRESTAKUNTZAFUNTZIO GARRANTZITSUAK BETETZEN DITU. ETORKIZUNERA BEGIRA, BERE ERRONKAK IZANGO DIRA MUREKIN ELKARLANA SENDOTU ETA PRESTAKUNTZA KOOPERATIBOAREN EGITURAN PARTE HARTZEA

Krisialdi ekonomiko larriaren eraginpean gaude, urte askoan ezagutu ez dena. Inork ez daki noraino helduko den, ezta zenbat iraungo duen  ere, baina, askoren ustetan, garai berri baten atarian gaude. Hori delaeta, ez da geldirik geratzeko garaia, batez ere, gure ingurune  kooperatiboan. Horrelakoetan, hezkuntza-prestakuntza esparrua oso kontuan izan behar dugu, horrek lagunduko baitigu krisialdi honetatik indartsu ateratzen eta datorrenari ondo erantzuten. Prestakuntza horretan ez dugu arlo teknikoa bakarrik indartu behar, oso garrantzitsua baita zeharkako konpetentziak lantzea ere (taldelana, lan-erlazioak, komunikazio eraginkorra…), eta horien haritik, prestakuntza kooperatiboa. Dakizuenez, Mondragon Taldeak bultzatuta, abian jarri da gure kooperatibismoaren oinarriak eta balioak eguneratzeko eta barneratzeko prestakuntza prozesu bat, aspaldian utzita izan baitugu.

Dinamika horretan murgildu da Alecop, gure sistema kooperatiboan prestakuntza-funtzio bereziak baititu: batetik, ikasleei lan-esperientzia eskaintzen die; bestetik, beren bitartez lan egiten duten ikasleei, bazkideak diren heinean, aukera ematen die bizipen kooperatiboa eta kooperatibak barrutik ezagutzeko.

  • Zentzu horretan, bi erronka ditu Alecopek datozen urteetarako:
    Mondragon Unibertsitatearekin lan egitea lan-esperientziak ematen duen prestakuntza egituratzeko, elkarbanatutako eredu bat eraikiz. Elkarlan hori garrantzitsua izango da benetako hezkuntza integrala eskaintzeko.
  • Indartu ikasle bazkideen ezagutza eta bizipen kooperatiboa, Mondragon Taldean sustatu nahi den prestakuntza kooperatiboaren egituran parte hartuz. Ez dugu ahaztu behar Alecopetik gazte ugari pasatzen direla eta kooperatiba askorentzat harrobi inportantea dela.

Garrantzitsua da, garai nahastu hauetan bereziki, hezkuntzari eta prestakuntzari erreparatzea.