Iritzia · Susana Azpilikueta
ETA DATORREN IKASTURTEAN, ZER?
Ikastetxez-ikastetxe, azokaz-azoka eta unibertsitatean bertan ere (ate irekien jardunaldiak direla medio), hasiak gara laguntza eskaintzen datorren ikasturterako berebiziko erabakia hartu behar duten gazteei eta beraien familiei.
Egia da pertsona bakoitzak, bizitzan zehar, bere bidea egiten duela eta, sarritan, ikasi duen horrekin harreman handirik ez duen zerbaitetan aritzen dela. Baina bat etorriko gara ondoko baieztapenean: batxilergotik unibertsitatera salto egiteko unean hartzen dugun erabakiak eragina izango du aurrerantzean egingo dugun ibilbidean.
Garrantzitsua da, zalantza izpirik gabe, pertsona batek atsegin duena ikastea. Baina garrantzitsuagoak dira oraindik, ikasketa prozesu horretan, pertsona bezala garatzeko izango dituen bizipen edo esperientziak, bai akademikoki eta baita bere komunitatearekin harremanetan dagoen bitartean ere.
Ikasleak, unibertsitatean dagoen bitartean, inguruko enpresa, erakunde, ikastetxe eta instituzioekin harremana izatea ez al da garrantzitsua? Eta egun bizi garen gizarte hau kontuan hartuta, ez al dugu interesgarritzat jotzen, ikasleak unibertsitatea utzi eta lanean hasten direnean,
hainbat hizkuntza menperatzea eta kultura ezberdinetako pertsonekin lanean aritzeko gaitasuna izatea?
Zer esanik ez, jakina, ikasten dauden bitartean garatu behar dituzten konpetentzien gainean: informazioa eskuratu eta ezagutzak
bereganatu, antolatu, aukeratu; taldeari adierazi, ideiak arrazoituz defendatu; besteei jakinarazi eta adostutako irtenbide batera heldu; konpetentzia horiek guztiek berebiziko garrantzia dute. Eta are gehiago Europako Unibertsitate Esparruak eskatzen dituen betebeharrei
erantzuten dieten ikasketa batzuk aukeratzea.
“Batxilergotik unibertsitatera salto egiteko unean hartzen dugun erabakiak eragin handia izango du aurrerantzean egingo dugun ibilbidean”
Mondragon Unibertsitatea enpresa arlotik hurbil dagoen unibertsitate bat dela esan dezakegu. Euskal Herriko korporaziorik handienaren kide da. Urtean ikasketa bukaerako 500 proiektu baino gehiago garatzen dira enpresa, ikastetxe eta erakundeetan; horietako portzentaje altu bat, gainera, atzerrian. 2000. urtetik aurrera, konpetentziak garatzeko hezkuntza eredu propio batekin dabil lanean. Horrez gain, dagoeneko Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparrura egokitutako titulazioak eskaintzen ditu, eta hurrengo ikasturterako eskaintza guztia egokituta egongo da. Euskal Herriko lehenengo unibertsitatea izan da egokitzapen hori gauzatzen. Mondragon Unibertsitatea aurretik
joateko PREST dagoen unibertsitatea da, aurretik doan unibertsitatea!
Susana Azpilikueta Komunikazio saileko kidea
