Atalak

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hasiera Files Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas11

Editoriala

AMETS EGITERA BEHARTUTA

Esaerak dio zaila dela profeta izatea norbere lurraldean. Mondragon Unibertsitateko irakasleek badakite hori, euren ikerketak garatzeko  egonaldi bat atzerrian egiten dutenean ikusten baitute kanpoan, mugaldetik harago, ikerketak ospea ematen duela, Euskal Herrian ez bezala. Gurean, egun ere askok uste du alferkeria hutsa dela ikertzaile lanetan jardutea. Baina MUko irakasleen mugikortasuna handituz doa
etengabe: Europako unibertsitateetara zein beste kontinenteetara joaten dira, ikasleek egiten duten antzera, eta indar berriz jantzita itzultzen dira eurak eta euren ikerketa lanak. Bolognako prozesuak eragina izango du horretan ere. Denbora dezente da MU Goi-mailako Heziketaren
Europako Esparrura begira dagoela, estatuko unibertsitate gehienen aurretik. 2010 urtearen atarian prest dago, besteak beste, irakasleen hara eta honakoa bideratzeko. Hori guztia hezkuntzaren kalitatea hobetzeko, bere eskaintza erakargarriago bilakatzeko; hala jaso dugu, bost irakasleren laguntzaz, zenbaki honetako erreportajean.

Datozen garaietara egokitzeari buruz hitz egin dugu Osane Lizarralderekin. Goi Eskola Politeknikoko irakasle eta ikerlaria da aspalditik. 2004. urtetik aztertzen ditu eDemokrazia, esku-hartze prozesuak eta aplikazio interaktiboek horietan duten rola. Egungo teknologia informatiko eta informatiboek ekarri dute eDemokrazia: indibiduoak eta instituzioak hurbildu dituzte, gizartearen parte-hartzea indartu dute, eta guztioi dagozkigun erabaki garrantzitsuetan guztiok ahotsa izatea ahalbidetu dute. Azken batean, demokrazia, gizarteko hainbat arlotan
zenbat eta hedatuago, orduan eta demokratikoago. Ildo horretan, betidanik noranzko bakarrekoak izan diren komunikazio kanaletan, telebistan kasu, bide berriak zabaldu dira. Ikusentzulea, bat-batean, erabiltzaile bilakatu da eta, hein berean, erabakitzaile ere bai.

“Mondragon Unibertsitateak hazten hasi du urtea: nazioartean hedatuz, teknologia berrien esparruan sakonduz, euskara eta ikerkuntza uztartuz. Jarrera ekintzailea bere egin du”

Ikerkuntza eta euskara bateratu ditugu Urko Lopezekin hizketan. Euskal aeronautikaren sektorea aztertu du berrikuntzaren ikuspuntutik,
eta gaiari berari egin dizkion ekarpenez gain, hizkuntzaren erabileraren gainean badu zeresanik. Euskaldunen tesiak sarri gaztelaniaz irakurri ohi dira, baina Urkok euskaraz osatu du berea, atxagatar bakardadeari aurre eginez. Alor profesionalean, euskara indartu beharra dagoela deritzo EZFko irakasleak. MUk hazten hasi du urtea: nazioartean hedatuz, teknologia berrien esparruan sakonduz, euskara eta ikerkuntza uztartuz. Jarrera ekintzailea bere egin du. EZFko Jokin Guridi ikasleak esango lukeen eran, “amets egitera behartuta” dago.