Atalak

Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hasiera Files Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas11 HUHEZI · Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea

HUHEZI · Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea

ABIATU DA EUSKAL KULTURGINTZAREN TRANSMISIOA ADITU TITULUA, BIGARRENEZ

USTE BAINO BERANDUAGO, ELURRA ZELA-ETA, BAINA HASI DA IKASTAROA. LEHEN EGUNEAN MAIALEN LUJANBIO  BERTSOLARIA, AURREKO IKASTAROAN IKASLEEN ARTEAN IZAN ZENA, ETA XABIER AMURIZA IZAN ZIREN HIZLARI, ENTZULE ARRETATSUEN AURREAN

Urtarrilean abiatu zen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren bigarren aldia, hainbat berrikuntzarekin: Julen Arexolaleibak koordinatuko du batzorde pedagogikoa, ikastaroa sei hilabetekoa izango da, eta bere webgunea izango du, Huhezikoaren barruan.

Aurkezpenean Arexolaleibak helburuak azaldu zituen, eduki arloak eta lan prozedurak. Ondoren, han zeuden guztiek beren burua aurkeztu zuten eta ikastaroan izena emateko arrazoiak azaldu zituzten.

Maialen Lujanbio bertsolariak ere hartu zuen hitza. Bera ikasle izan zen ikastaro honen lehen edizioan, eta ikuspegi orokorra eman zuen. Xabier Amurizak bere ibilbidea azaldu zuen, euskaltzaletu zenetikoa. Ahotan izan zituen James Joyce eta, batez ere, Marcel Proust, bera antzeko proiektu batean murgilduta baitabil. "Joan ziren" proiektuak zazpi liburuki edo gehiago hartuko ditu, "Denbora galduaren bila" hark  bezala. Jendeak arreta handiz jarraitu zuen Amurizaren berbaldia, anekdota ugari kontatu baitzituen, sekulako maisutasunez.

Aditu titulua 2007-2008 ikasturtean egin zen lehen aldiz, 60 ikaslerekin. Esperientziak erakutsi duenez, sakondu egin behar da didaktika  ereduan; ikasleei aukera handiagoa eman behar zaie parte hartzeko, ikasitakoan sakontzeko eta ondorioak ateratzeko. Horregatik, arreta berezia eskainiko zaie hezkuntza sistemari eta tokian tokiko ekimen eredugarriei.

 

GURE IKASLEAK NAZIOARTEAN

Huhezi fakultateak lau unibertsitate gehiago lotu ditu, laurak Europakoak, bertan Ikus-entzunezko Komunikazioa egiten ari diren ikasleek  Erasmus egonaldiak egin ditzaten.

Zehazki, ikasle horiek bigarren mailakoak izan beharko dute, egonaldi horiek bigarren lauhilekoan eskaintzen baitira.

Hauek dira adostu dituen unibertsitateak: Xios Unibertsitatea eta Howest Unibertsitatea, Belgikan; Osloko Unibertsitatea, Norvegian; eta Karmar-ko Unibertsitatea, Suedian.

 

NAZIOARTEKO PRAKTIKA GEHIAGO

Urtero bezala, aurten ere, urtarrilean eta otsailean Huheziko 454 ikaslek praktikak egin dituzte. Guztiak Irakasle ikasketak egiten ari dira, sei espezialitatekoak zehazki. Ikasle gehienak Euskal Herriko ikastetxeetan egon dira, eta horietako asko Euskal Autonomia Erkidegoan.

Hala eta guztiz ere, Huheziko 25 ikasle atzerrian izan dira, gure mugetatik kanpo. Horietatik 12 Europan zehar ibili dira: 3 Holandan eta  Finlandian (Erasmus programaren bitartez), 7 Galesen eta 2 Ingalaterran. Beste 13ak itsasotik harago egin dute bidaia, Hegoaldeko Amerikako hainbat tokira: 4 Nikaraguan egon dira, 7 Guatemalan eta 2 Venezuelan.