Mendeberri
GRADU IKASTAROA ENPRESEN ADMINISTRAZIO ETA ZUZENDARITZAN, EUROPARA EGOKITUA
ENPRESA ZIENTZIEN FAKULTATEAK GRADU IKASTARO BAT HASI DU ENPRESEN ADMINISTRAZIO ETA ZUZENDARITZAN, ETA EUROPARA EGOKITUA
Titulu berriaren ardatza izango da ezagutzan baino gehiago konpetentzietan oinarritutako hezkuntza lantzea. Gradu berriak lau urteko iraupena izango du, ikasleek enpresa kudeaketaren inguruko gaiak landuko dituztelarik. Espezializazioa urte bateko iraupeneko masterrean egin ahal izango da. Graduatuak aditu baten izaera lortzen du, pertsona praktikoa da, trebezia argiak ditu, bere alorrean esperientzia du, kudeaketaren esparruko arazoei irtenbidea emateko irizpide profesionalak erabiltzeko gai da eta tresna teknikoak erabiltzeko gaitasuna du. Mundu globalizatua eta eleaniztunean lan egiteko prestatuta daude euskara, gaztelania eta ingelesa landuz.
PRESTAKUNTZA INTEGRALA LORTZEKO HELBURUA
Titulazioan zehar konpetentzia teknikoez gain, ikasleak zeharkako ahalmenak garatzen ditu, besteak beste, talde lana, arazoak konpontzea, ikasten ikastea, lidergoa, etab., prestakuntza integrala lortzeko helburuarekin.
Guzti hori bermatzeko, Enpresa Zientzien Fakultateak hezkuntza eredu propioa garatu du Mendeberri proiektuaren eskutik, azken zortzi urteotan. Horren arabera, ikaste-irakaste prozesuan metodologia berritzaileak erabiltzen dira, esaterako arazoetan eta proiektuetan oinarritutako irakaskuntzak, kasuen metodologia, talde lana, etab.
Eskuratzen dituzten ezagutza, trebezia, ahalmen eta balioek, mundu profesionalean modu arrakastatsuan lan egiteko aukera eskainiko diete ikasleei.Ikaslea konpetentzietan eta modu jarraian ebaluatuko da. Horrek irakasle eta ikasleen rolen eta funtzioen aldaketa suposatzen du: ikaslea protagonista eta irakaslea laguntzailea.
Titulazioaren azken seihilekoan Gradu Amaierako Proiektua egingo da enpresa, erakunde zein unibertsitatean. Ikasleek proiektua egiteko aukera izango dute, lan mundura hurbildu eta esperientzia erreala eskuratuz.
GOI ESKOLA POLITEKNIKOA: BERRIKUNTZA INGENIARITZAKO IKASKETETAN
Irailaren 8an, Arrasate eta Ordiziako campusetan, Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparrura egokitutako titulu berriak hasi ziren. Egokitzapenak zenbait aldaketa ekarri ditu Ingeniaritzako ikasketetan, eta horrek ekarri du azken urteotako transformaziorik handiena.
Hezkuntza eredu horren ardatz nagusienak honakoak dira:
- Mugikortasuna.- Erasmus eta beste nazioarteko mugikortasun programen barruan ikasleen %90 nazioarteratzea nahi da.
- Eleaniztasuna.- Ikasleek hiru hizkuntzatan lan eta ikasteko gaitasuna sustatu behar dute. Klase magistralak, ariketak, praktikak eta proiektuak euskaraz (%60), gaztelaniaz (%20) zein ingelesez (%20) izango dira. Graduondoko ikasketetan, berriz, hizkuntza eremuak diseinatzen diren masterraren izaerari erantzungo die.
- Lan-Ikaste alternantzia.- Eredu berriak bultzatu nahi du ikasleen lan esperientzia, antolakuntza akademikoan txertatuz lan konpetentziak ebaluatuta.
- Ikasketa prozesua.- Ikasketen oinarria ikasleak jaso behar dituen konpetentziak dira. Ikasgaiak konpetentzia horiek lortzeko tresnak
bilakatzen dira. konpetentzia teknikoez gain zeharkako konpetentziak lantzen dira metodologia berritzaileak erabiliz. - Ebaluaketa jarraia eta globala.- Konpetentziak ebaluatzerako orduan seihilekoetan egiten den guztia kontutan hartzen da.
