Sections

Skip to content. | Skip to navigation

Home Files Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas10 Elkarrizketa
Muniversitas10

Elkarrizketa

GENTZANE ALDEKOA: "GURE IKASLE GEHIENEK EGIN BEHARKO LUKETE EGONALDI BAT ATZERRIAN"

NAZIOARTEKO HARREMANETARAKO DEPARTAMENTUKOA DA GENTZANE ALDEKOA GOI ESKOLA POLUITEKNIKOAN. BERTAN NAZIOARTEKO EGITASMOAK KOORDINATZEN DIHARDU.

Goi Eskola Politeknikoaren hezkuntza-ereduak ikasleak nazioartean ikastera bultzatzen ditu. Horren garrantziaz jabetuta, Nazioarteko  Harremanetarako Departamentua, aldaketa prozesuan murgilduta dago, zerbitzua hobetzeko asmoz.

Azken urtean zerbitzua hobetzeko aldaketak egin dituzue zuen departamentuan, ezta?
Gure asmoa da gero eta aukera gehiago eskaintzea Goi Eskola Politeknikoko ikasleei atzerrian ikasketak egiteko, eta aldi berean, gure unibertsitatea ondo kokatu nahi dugu nazioarteko panoraman. Erasmus ikasleak erakarri nahi ditugu gurera, eta gure ikasleak atzerrira bidali nahi ditugu. Guztiok jabetu behar dugu, oso garrantzitsua dela atzerriko egonaldia, bai hemengoentzat eta baita gurera datozenentzat ere. Horregatik, ezinbestekoa da aldaketak egitea.

Gainera, elkarlan hitzarmenak sinatu dituzue Europako hainbat unibertsitaterekin.
Bai, gaur egun Mondragon Unibertsitateak mugikortasun programak eta hitzarmenak garatu eta sinatu ditu Frantzia, Italia, Alemania, Belgika, Danimarka, Suitza, Polonia, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Finlandia, Irlanda, Britania Handia eta Norvegiako zenbait unibertsitaterekin. Gainera, epe laburrean beste zenbait sinatu gura ditugu Kanada, Mexiko eta beste hainbat herrialdetako erakundeekin. Guztira Europako 28 unibertsitaterekin ditugu mugikortasun programak horietatik bederatzi frantziakoak. Hitzarmen horiei esker, gure ikasleek aukera gehiago izango dute atzerrira joateko, eta guk ere ikasle gehiago erakartzeko bidea izango dugu.

 

"Iaz Polonia, Eslovakia, Italia, India, Finlandia, Suedia,Mexiko eta Frantziako 30 ikasle izan genituen Mondragon Unibertsitatean. Gehienek sei hilabeteko egonaldiak egin zituzten."

Mugikortasun programa horietan zenbat ikaslek esku hartu dute?
Iazko ikasturtean 30 ikasle inguru etorri ziren Mondragon Unibertsitatera ikasketak egitera. Gehienek sei hilabeteko egonaldiak egin zituzten, baina egonaldi luzeagoak egin zituztenak ere izan genituen. Aurten, lehenengo sei hilabeteetan hamabost ikasle inguru izango ditugu, eta bigarren sei hilabeterako orain hasi gara lanean jendea erakartzeko. Era berean, gure ikasleak ere atzerrita joan dira dagoeneko. Guztira, Mondragon Unibertsitateko 140 ikasle abiatu dira Erasmus programarekin Europako unibertsitateetara. Uste dut gure ikasle gehienek egin beharko luketela egonaldi bat atzerrian. Hain justu ere, gure asmoa da MUko ikasleen %80 -%90 mugikortasun programetan murgiltzea.

Hezkuntzaren ikuspegitik, zer eskaintzen dio Mondragon Unibertsitateko ikasleari atzerrian ikasketak egiteak?
Esperientzia garrantzitsua da ikasleentzat, eta, oro har, denak pozik bueltatzen dira egonaldietatik. Esperientzia oso positiboa izaten da. Erasmus eskaintza ikasketen amaieran edukitzen dute ikasleek, eta ikuspegi horretatik ere ona da kanpora joatea. Izan ere, hemengo ikasketa erritmoa hautsi egiten dute. Ikasleek neurrira egindako programak aukera ditzakete, askotarikoak, gainera. Horri guztiari gaineratu behar diogu atzerriko hizkuntzaren ezagutza hobetzeko aukera dutela.

Eta atzerriko ikasle bati zer eskaintzen dio Mondragon Unibertsitateak?
Eskaintza horretan berriak gara, baina, gero eta aukera gehiago eskaintzen diegu atzerriko ikasleei. Erabat pertsonalizatua eta gertukoa da gure unibertsitatea. Irakasleak eta gure departamentuko kideak haien beharretara egokitzen dira. Gure helburua da ikasleak gustura egotea gure artean. Hezkuntzaren ikuspegitik ere gure eskaintza berezia da. Arlo kooperatiboa, lan talde murritzetan ikasteko aukera eta proiektuak
enpresetan egiteko aukera eskaintzen diegu.

 

NAZIOARTEKO IKASKETA PROGRAMAK

  • Erasmus-ikasketak: ikasleek atzerrian sei hilabeteko egonaldia egiteko aukera dute eurek aukeratzen duten unibertsitatean. Urtebeteko egonaldia eta proiektua ere egin dezakete.
  • Erasmus-praktikak: proiektua atzerriko enpresa batean egiteko aukera eskaintzen du programa honek.
  • Diploma bikoitza: ikasleak urte eta erdi atzerrian egin dezake - MUkoek orain arte beti Frantzian- eta bi titulazio eskuratzeko aukera dute: Jatorrizkoarena eta atzerriko unibertsitatearena.
  • Goier programa: Egitasmo honek bigarren zikloa edo masterrak atzerrian egiteko aukera eskaintzen du.
  • Doktoretzako programak:Ikasleek hirutik sei hilabeteko egonaldiak egin ditzakete atzerriko unibertsitateetan edo ikerketa zentroetan.