Sections

Skip to content. | Skip to navigation

Home Files Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas10 Nazioarteratzea
Muniversitas10

Nazioarteratzea

HUHEZIKO BI IKASLE BOLLYWOODEN IZAN DIRA, KARRERA  AMAIERAKO PROIEKTUA PRESTATZEN

NEREA RUIZ DE AZUA ETA NAROA ZALAKAIN HUHEZIKO IKASLEAK  DIRA. BOLLYWOOD ZINE ESTUDIOEN GAINEKO DOKUMENTAL BAT EGINGO DUTE KARRERA AMAIERAKO PROIEKTU BEZALA. INDIAKO ZINEGINTZAKO MEKA DA BOLLYWOOD.

Galdetzerakoan zergatik aukeratu zuten gai hori, ez dute zalantzarik: "Fakultateak eskaintzen zizkigun aukeretatik kanpo, bilatu nahi izan  genuen bat, gure gustukoa, nahiz eta fakultateak berak eskaini ez". Joan aurretik, badaezpada, harremanetan jarri ziren hango zine eskola batekin, ikusteko haiengandik laguntzarik jaso zezaketen. Horrela bada, dena prest zutenean, ekainaren bukaeran, Indiara egin zuten, eta hantxe igaro dute uztaila: hiru aste Mumbai hirian, eta beste bat Indiako Iparraldean bidaiatzen, turismo egiten.

Bollywoodeko zine estudioetan ezin izan ziren sartu filmatzera, baina estra moduan egin zuten lan film batean, lan interesgarria hango  giroaren berri izateko. Horrezaz gain, film baten estreinaldian izan ziren, hango zine eskolak gonbidatuta, eta han bai hartu zituzten irudiak eta egin zituzten elkarrizketak. Hango irudiekin eta Mumbain barrena hartutakoekin (hainbat zinetoki bisitatu zituzten, eta zine eskola bat), hortxe dute material gordina dokumentala egiteko. Bollywood, eta Mumbai oro har, kaos handi bat iruditu zitzaien. Hala ere, pozik itzuli dira etxera, esperientzia aberatsa bizi izan dutelako.

Donostiako Zinemalditik bueltan -Nereak eta Naroak zinea dute maite-, grabatutako guztia ikusten hasi dira, eta bueltak ematen Mumbain  bertan zirriborratutako gidoiari. Dena ondo badoa, datorren otsailean aurkeztuko dute-eta karrera amaierako proiektua, Huhezin bertan.

 

HAMAR HILABETEKO ESPERIENTZIA ABERASGARRIA BRISTOLEN

AITZIBER VICENS-EK HAMAR HILABETEKO EGONALDIA EGIN DU BRISTOLEN, BRITANIA HANDIAN. MASTER BAT EGIN DU BERTAN..

Karreran sartu nintzenetik, betidanik izan dut buruan azken urtea kanpoan egitea. Beraz, informazioa eskatu eta bete beharreko baldintzak bete ondoren, hasi zen Bristol-eko abentura. 500.000 bat biztanleko hiria da Bristol, kostaldean dago, eta ikasle asko biltzen dira ikasturtean zehar, bi unibertsitate handi baiditu. Oso giro gaztea ikus daiteke, parrandarako aukera ezberdinak eta ikuskizun ugari antzokietan. Hasieran, harritu ninduen ikusteak herrialde askotako jendea elkarrekin atzerriko hizkuntza baten mintzatzen. Ikasketei dagokienez, aldez aurretik banekien ikasturtea Euskal Herrian baino zailagoa izango zela. Batetik, hizkuntza, eta bestetik ingurune berriak eragin handia dute egunerokotan.

Hala ere, hilabete gutxiren buruan Bristolgo hiritar sentitzera iritsi nintzen, eta guztia errazagoa bilakatu zitzaidan. Era berean, esan daiteke hezkuntza sistema ezberdina dela. Klase ordu gutxi eta bakarkako eta talde lan ugari egiten dituzte urtean barrena, beraz, nire ustez  gainditzea errazagoa da, baina kalifikazio ona ateratzea, zailagoa.

Esperientzia pertsonalari dagokionez, azpimarratuko nituzke kultura aniztasuna eta egindako lagun guztiak. Batez ere, afrikarrak eta asiarrak ezagutu nituen. Europarrekin ez dut tratu handirik izan, espainiarrekin kenduta. Esperientzia oso aberasgarria izan da, bai ikuspegi pertsonalean, eta baita profesionalean ere. Berriro joateko aukera izango banu, beste leku batera joango nintzateke, zerbait ezberdina probatzera.